Enpresa bat sortzeko era

Azken aldian, autoenplegua eta enpresak sortzea lanpostuak sortzeko baliabiderik onenak direla esaten da maiz.Uste hau, gainera, komunikabideetan islatzen da behin eta berriro eta administrazio publikoek beraiek ere aipaturikoak gara daitezen programak jartzen dituzte abian.

Enpresa-ekimenak aurrera atera dituztenen esperientziak egiaztatzen duenez, enpresak sortzerakoan norberaren gain hartzen den arriskua nabarmen gutxitu ohi da proiektuaren bideragarritasuna aztertuz, enpresa-plangintza bat garatuz eta aipaturikoa kudeatzeko beharrezko prestakuntza jasoz gero.

Begiratu batean gure eskura ez dagoen zerbait dela ematen badu ere, hau ez da egiaz hala. Izan ere, zerbaiti ekiteak jarduera bat abian jartzea esan nahi du eta pertsona lehiatsua jarduera hauek erabakitasunez egiten dituena da.

Zerbaiti ekiteko, batetik berezkoak eta bestetik hartutakoak izan behar duten dohainak eta gaitasunak eduki behar ditu pertsonak. Gizartearen egitekoa izango da kultura lehiatsu hori sustatzea eta zerbait ekiten ikasteko ahalegin horretarako heztea eta babestea.

Beharrezkoa da enpresa berriak sortzeko lehendabiziko urratsak tinko babestea, proiektuaren bideragarritasuna egiaztatzeko aukera emango duen laguntza tekniko, giza laguntza eta laguntza finantzarioaren bidez.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira

Zure enpresa propioa sortzeko aukera lan-merkatuan diren aukera ezberdinetako bat dela hartu behar da kontuan.

Behar duzun gauza bakarra ideia bat eta lan egiteko gogoa da. Gainerako beharrak kanpoko eragileen bidez erantzun ahal izango dituzu:

  • bazkide kapitalistak edota pertsona langileak.
  • erakunde finantzarioak, arrisku-kapitaleko erakundeak.
  • administrazioa bera, enpresak sortzeko bere babes-programen bidez.

Enpresak sortzeko prozesu honetan lau aldagaik hartuko dute parte:

  • Pertsona-profila: Oinarrizko heziketa eta lan-prestakuntza egokia izatea, baita gizarte-prestakuntza eta ikasteko autonomia ere.
  • Kapitala:Kapital erabilgarria eta finantziazio-iturrietarako aukera barne hartuz.
  • Egiten Jakitea: Merkatuak eskaturiko produktu edo zerbitzu bat eskaintzeko zure gaitasun operatiboaren araberako ezagutza.
  • Gizarte-harremanak: PHarreman pertsonal nahiz lan-harremanak izan daitezke eta elkarteei, erakundeei, kontratuei, informazioari... ematen diete bide.

Aski garaturiko pertsona-profilaren jabe izanda, gainerako aldagaiak konbinatuz enpresak sortzeko aukera ezberdinak daudela froga dezakegu:

Posibilidades de crear una empresa en función de nuestras características
Egiten Jakitea Harremanak Kapitala Hautatu bearreko formula
bai bai bai Enpresa txikia(+10 langile)
bai bai ez Mikroenpresa(2 - 10 langile)
bai ez bai Kooperatiba
bai ez ez Autoenplegua(langile 1)
ez bai bai Frankizia
ez bai ez Merkataritza-sarea
ez ez bai Bazkide kapitalista
ez ez ez ----

Zure enpresa sortzeak bere abantailak eta desabantailak izango ditu. Interesen eta gure nortasunaren araberakoa izango da batzuei edo besteei garrantzia handiagoa ematea.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira

Enpresa bat sortzeko, garatu beharreko ideia asmatzetik abiatuko gara beti. Askotan ideia ez da guztiz berria izaten, produktu eta zerbitzu jakinak eskaintzen dituzten enpresetako ideiak hobetzera edo osatzera datorrena baizik.

Garrantzitsuena zer egin nahi dugun jakitea eta merkatuan gure produktua edo zerbitzua sartzeko edo garatzeko beharra aurkitu izana da.

Askotan ezinezkotzat jotzen ditugun negozioei buruzko ideiak izaten ditugu. Halakoetan ez dugu gogoa galdu behar; aitzitik, gure ideia idatziz zehazten, kuantifikatzen eta bere bideragarritasuna aztertzen saiatu behar dugu.

Ideia baten jatorria ahalmen sortzaileari hertsiki loturikoa da. 2 sormen mota daude:

  • Kanpo ahalmen sortzailea: Kanpotik ideia berriak sartzeari deritzaio. Aurkikuntza, ideia... berrienganako jakin-mina sistematikoki garatuz suspertu daiteke.
  • Barne ahalmen sortzailea: Gauzak egiteko era berrien edo egiteko gauza berrien aurkikuntza norberaren pentsamenduan egitean datza.

Jarraian, negozioetarako ideiak lortzeko iturririk ohikoenetako batzuk aurkeztuko dizkizugu:

  • Hobby bat edo irakurlearengan arreta pizten duen hori abiapuntu hartuz negozioaren oinarrizko ideia garatzea.
  • "Zergatik ez ote dago horrelakorik edo halakorik?" galderari erantzuna bilatzea.
  • Beste produktu edo zerbitzuetan aurkitzen diren akatsak behatzea eta horietaz baliatzea.
  • Eguneroko gauzei ezohizko erabilerak bilatzea.
  • Gizarte-aldaketetan aukerak bilatzea.
  • Arazoak konpontzeko baliabide berriak garatzea.
  • Teknologiaren aurrerapenez baliatzea.
  • Egungo lana egiteari uzteko pentsamendua izatea.

Gure negozioari ekin ondoren ere, gure produktua edo zerbitzua hobetuz joan beharko dugu etengabe, lehia gailen ez dakigun.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira

Gure ekimenari buruzko hasierako bideragarritasunari buruzko aldez aurretiko azterketan, enpresa kudeatuko duen eta produktu edo zerbitzua emango duen pertsona-taldeari buruzko bi alderdi hartu behar dira kontuan:

Egiten - jakitea

Gure enpresa-proiektua gustuko dugun eta motibagarri zaigun jarduera batekin hertsiki loturikoa izan dadin garrantzitsua da; enpresa batek arrakasta izan dezan funtsezkoa baita proiektuari denbora eskaintzeko gaitasuna edukitzea.

Bokaziozko jarreraz gain, ez da ahaztu behar enpresaren azken helburua merkatuan produktu edo zerbitzu bat eskaintzea dela; enpresak, hortaz, egiten jakin beharra dauka.

Pertsona guztiek jarduera jakinetarako trebetasun eta gaitasunak ditugu. Lehendabizikoak gure esperientzia profesionalean, heziketan edota zaletasunetan oinarriturikoak dira. Pertsonen gaitasunak, berriz, gure izateko eta pentsatzeko eraren isla dira.

Ohikoena gure gaitasun profesionalen araberako enpresa-proiektua garatzea izaten da.

Beharrezko gaitasunik ez badugu alternatiba ezberdinak aztertu beharko ditugu:

  • Aldez aurretiko esperientzia eskuratzea besteren kontura eginiko lanen batean.
  • Gaitasun horiek eskuratzeko heziketa teoriko-praktikoa jasotzea ikastaroren baten bidez.
  • Bazkideak edota lankidetza eskainiko duten pertsonak bilatzea, nahi den zerbitzua eman ahal izateko.

Kudeatzen- jakitea

Kudeatzen jakitea enpresa sortzea erabakitzen duten pertsonarik gehienentzat gauza berria izaten da. Baliteke norbera bere lanbideko onena izatea edota bere jarduera behar bezala egiteko baliagarri zaizkion gaitasunak edukitzea. Aitzitik, enpresa bat edukitzeak lan berria dakar berarekin:kudeaketa..

Honek ez gaitu inolaz ere arduratu behar. Kasurik gehienetan bezala, ikas daitekeen zerbait da.

Kudeaketa arrakastatsua lortzeko oinarrizko printzipioak:

  • Komunikazioa
    • Antolakuntzaren baitan komunikazio-bide eraginkorrak sortzeko beharraz jabetzea.
    • Negozioaren nondik norakoei buruzko datuak jakinaraztea eta langileak informaturik mantentzea.
  • Integrazioa
    • Enpresa osatzen duten pertsona eta taldeen jarduerak koordinatzeko gaitasuna, proiektu bateratu horretan aktiboki esku hartuz.
  • Motibazioa
    • Oztopoak gainditzeko garapen pertsonalari estimulazioa eta laguntza eskaintzeko gaitasuna.
    • Giza baliabideak egoki erabiltzen jakitea eta zuzendaritza-lana betetzeko era alternatiboak ezagutzea.
  • Antolakuntza
    • Plangintza-tekniken ezagutza.
    • Erabakiak hartzerakoan alternatibak identifikatzeko eta balioztatzeko tekniken ezagutza.
    • Aurrekontuen kontrolari eta baliabide finantzarioen kudeaketari buruzko ezagutza.
    • Merkatuko aldaketei aurre egiteko gai izango liratekeen antolakuntza-beharrak zehazteko eta antolakuntza aldaketa horietara egokitzeko metodoen ezagutza.
    • Eragile berritzaile gisa, prozedura sortzaileak bilatzea eta aldaketak inplementatzea.
    • Arazoak aztertzeko eta konpontzeko tekniken ezagutza.
    • Zuzendaritza-estiloak antolakuntzaren eraginkortasunean eragina duela jakitea.
    • Bezeroen asetasuna lortzeko etengabe hobetzeko praktikak aplikatzea .
  • Gaitasun teknikoa
    • Enpresak saltzen dituen produktu edo zerbitzuen erdiespenak zaintzea.
    • Gure hornitzaile eta kolaboratzaileak ezagutzea.
    • Produkzio-teknikak eta zerbitzugintza menderatzea, kalitate-maila handiak lortzeko.
  • Saltzailea
    • Kanpoko munduarekin harremanetan jartzea, merkatuaren egoeraz jabetzeko eta enpresako kanpo-eragileekin (bezeroekin, hornitzaileekin eta kolaboratzaileekin) komunikazio-maila handia lortzeko.
    • Lehiaren eta egungo bezeroen eta bezero potentzialen bilakaeraren bila jarrera aktiboa mantentzea.
    • Produktu eta zerbitzu berriak bilatuz jarrera aktiboa mantentzea.

Bi gaitasun hauek edukitzea funtsezkoa da; kudeaketa eskas batek produktu edo zerbitzu on bat galarazi baitezake, eta halaber, kudeaketa on bat ez da nahikoa arrakasta lortzeko, zerbitzua behar bezalakoa ez bada edota kalitatezko produktu bat egiten ez bada.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira

Enpresak garatuko duen jarduera ekonomikoaren arabera, enpresaren edota honek eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen inskripzioa egin beharko da jarduera horri dagokion erregistro ofizialean. Zenbaitetan, aipaturikoa egitea enpresa legeztatzeko ezinbesteko baldintza izan ohi da. Honek, izapide berezi batzuk eta jarduera ezberdinei aplikagarri zaien legeri oparoa bideratzea eskatzen du. Legeri hau, enpresa bat abian jarri aurretik ezagutu beharrekoa da.

Jarraian, izapide administratibo berezirik ohikoenak taldekatu ditugu lau sail ezberdinetan:

Irekitzeko, instalatzeko edo osatzeko baimenak

  • Tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta hotelak irekitzeko baimena.
  • Bingo-aretoak eta bingo-aretoak kudeatzen dituzten enpresak instalatzeko eta irekitzeko baimenak.
  • Bidaia-agentzien titulu-lizentziaren eskaera.
  • Estatuko tabako eta tinbre-saltokiak.
  • Loteria-administrazioak irekitzeko administrazioa.
  • Elkarrekiko apustuen administrazioak emateko eskaera.
  • Azterketa klinikoak egiteko laborategiak irekitzeko baimena.
  • Farmaziako espezialitateetako biltegiak irekitzeko baimena.
  • Farmazia-bulegoak irekitzeko baimena.
  • Zaharren egoitzak irekitzeko baimena.
  • Eskolaurreko eta oinarrizko hezkuntza orokorreko ikastetxe pribatuak irekitzeko baimena.
  • Handizkako merkataritzarako eta tabako-laboreen inportaziorako baimena.
  • Segurtasun-neurriak eduki behar dituzten establezimenduak irekitzea.
  • Alarma-zentralak instalatzeko eta abian jartzeko baimena.

Erregistro bereziak

  • Ikuskizun publikoak eta dibertimenduzko jarduerak eskaintzen dituzten enpresen erregistroa.
  • Enpresa editorialen erregistroa.
  • Kazetaritza-enpresen eta informazio-agentzien erregistro administratiboa.
  • Pentsio-fondoen erakunde kudeatzaileen erregistroa.
  • Zinematografia-enpresen erregistroa.
  • Ikus-entzunezko materiala ekoizteko, banatzeko eta inportatzeko enpresen erregistroa.
  • Segurtasun-enpresen erregistroa.
  • Elikagai-industria eta establezimenduen erregistroa.
  • Laborantza-industrien erregistroa.
  • Artisauen erregistroa.
  • Ekoizleen, grabazio-estudioen, fotogramen fabrikatzaile eta inportatzaileen erregistroa.
  • EEEtik inportaturiko petrolio-produktuen handizkako inportatzaileen erregistroa.
  • Musika-editoreen erregistroa.
  • Elektronika-, telekomunikazio- eta informatika-industrien erregistro ofiziala.
  • Ibilgailu automobilei bideraturiko zatiak, piezak eta ekipoak fabrikatzen dituztenen erregistro berezia.
  • Ibilgailu automobilak konpontzen dituzten tailerrentzako erregistro berezia.
  • Goratzeko tresnak mantentzen dituzten enpresen erregistro berezia.
  • Produktu kimikoen biltegien erregistroa.
  • Farmaziako industrian jarduten duten enpresen erregistroa.
  • Olgetako makinen enpresa operadoreen erregistro nazionala.
  • Zerbitzu teknikoa eskaintzen duten enpresen erregistroa (olgetako makinak).
  • Olgetako aretoetako enpresaburuen erregistroa.

Enpresen txartelak eta egiaztagiriak

  • Enpresa-kalifikazioko dokumentua.
  • Elikagaiak maneiatzeko osasun-txartela.
  • Baimendutako elektrizitate-instalatzailearen txartela.
  • Baimendutako gas-instalatzailearen txartela.
  • Gas-instalatzailea den enpresaren egiaztagiria.
  • Berogailu- eta ur bero sanitarioaren instalazioak jartzeko edo mantentzeko-konpontzeko txartela.
  • Presiozko aparatuak instalatzeko enpresen egiaztagiria.
  • Jabetza intelektuala aprobetxatzeko baimena.
  • Baimendutako hotz teknikari instalatzaile edo mantentzaile-konpontzailearen egiaztagiria.

Titulazio berezia eskatzen duten jarduera profesionalak

  • Higiezinen jabetzako agenteak.
  • Lursailen administratzaileak.
  • Aduanetako agenteak.
  • Kudeatzaile administratiboak.
  • Industria-jabetzaren agenteak.
  • Aseguru-agenteak.
  • Merkataritza-agenteak.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira

Produktu edo zerbitzuaren beraren azterketa

Gure etorkizuneko produktu edo zerbitzuaren ezaugarri guztiak ongi definitu eta gogoeta egin behar dugu, gure bezeroari eskainiko dioguna zer izango den ongi pentsatuz.

  • Produktu edo zerbitzuaren definizioa.
  • Ezaugarri teknikoak.
  • Erantzuten dituen beharrak.
  • Lehiarako abantailak.
  • Produktu edo zerbitzuari eman nahi zaion izena.
  • Aurkezpena, bilgarria, irudia, paketatzea, etab.
  • Ale bakoitzeko kostua.
  • Produktu edo zerbitzuaren etorkizuneko bilakaera.

Azterketa honen bidez gure produktu edo zerbitzuek merkatuan jada badiren antzeko edo berdinen aldean izango dituzten lehiarako abantailak zehaztu beharko ditugu(kalitate handiagoa, merkeagoa, aurkezpen hobea, etab.). Halaber, gure etorkizuneko enpresaren alderdi sendo eta alderdi ahulak liratekeenei buruzko balantzea egin behar dugu. Alderdi sendoak, normalki, lehiarako abantailen bidez identifikatzen dira: erabilitako teknologia, produktu edo zerbitzuaren beraren ezaugarriak, enpresaren egitura finantzarioa, erabilitako promozioa eta publizitatea, kostuak, lanerako dugun giza taldea, kudeaketa ona, etab. Produktu edo zerbitzua kaleratu ostean, aipaturikoak bezeroen artean izan duen harrera eta lehiak egin dituen aldaketak behatzea komenigarria da, beharrezko jotzen badugu, guk ere produktu edo zerbitzuaren zenbait alderdi aldatzeko.

Eskaeraren azterketa

Eskaeraren azterketaren helburua gure bezero izan daitezkeenak zein diren ikertzea da:

  • Beren ezaugarriak (adina, sexua, erosahalmena, heziketa intelektuala, ...).
  • beren gustu eta zaletasunak.
  • Balio-eskala, ohiturak, etab.

Hau guztia merkatuak ikertzeko teknika jakinen bidez (inkestak, elkarrizketak, froga-merkatuak, ...).

Baina, Nola lor dezakegu merkatuari buruzko informazio hori?.

Merkatuari buruzko datu-bilketa eta aipaturikoaren baitako arazoak eta aukerak identifikatzen laguntzen digun prozesu osoari merkataritza-ikerketa deritzo. Lehenik eta behin merkataritza-ikerketaren bidez lortu nahi ditugun datuak zein diren pentsatzea beharrezkoa litzateke; zenbait eta datu gehiago hobe. Bigarrenik, datu hauek lortzeko erabiltzen den metodoetako bat hautatuko dugu; funtsean bi dira metodoak:

  • Zehazturiko merkatu bati buruz jada aterata dauden datuak lortzea: Merkataritza Ganberaren azterketak, enpresaburuen elkarteak, espezializaturiko aldizkariak; etab.
  • Jatorrizko datuak lortzea Datu hauek inkestak eginez lortzen dira nagusiki. Inkestak aurrez aurre, postaz edo telefonoz egin daitezke eta beharrezko informazioa lortzeko oinarria izango diren galderez osaturikoak izan ohi dira.

Hirugarrenik, laginaren diseinua, neurria eta aukeraketa zehaztuko ditugu. Lagina informazioa lortu nahi den populazioko elementuek osaturiko multzoa da.

Azkenik, datuak aztertu eta lorturiko emaitzak interpretatuko ditugu.

Edozein kasutan, ikerketa-mota hau aldian behin egin beharko litzateke, alde batetik, eskaeraren egoera aztertzeko, eta batez ere gure bezeroak zenbateraino gustura dauden jakin eta beren behar berriak zehazteko.

Lehiaren azterketa

Eskaeraren ikerketari estuki loturiko beste ikerketa-mota bat lehiarena da, hots, gureen antzekoak edo berdinak diren zerbitzu edo produktuak merkatuan eskaintzen dituzten enpresen azterketa. Azterketa honetan ondorengo funtsezko alderdiak zehaztu nahi ditugu:

  • Egungo lehiaren eta lehia potentzialaren identifikazioa.
  • Eskaintzen duten produktu edo zerbitzua eta hauen ezaugarri nagusiak.
  • Lantzen duten merkatua eta erantzuten duten eskaera.
  • Eskaintzen dituzten prezioak eta ordaintzeko moduak.
  • Banaketarako erabiltzen dituzten bideak.
  • Bezeroak lortzeko promozioak eta publizitate-metodoak.
  • Enpresaren neurria eta erabiltzen duten teknologia.

Era berean, lehiako enpresa horiengan ikusten ditugun alderdi sendo eta ahulak ere aztertuko ditugu; gure enpresa, produktua edo zerbitzua aztertzeko ezarri ditugun termino berez baliatuz.

Azterketa hauek oso garrantzitsuak dira egiaz lehiarekiko abantailarik ba ote den ikusteko.

Ezin gara merkatu batean ongi moldatu, gurekin lehian dauden enpresei buruzko ahalik eta datu gehien jakin gabe

Baina,nola eskura dezakegu gure lehiakideei buruz behar dugun informazioa?.

Horretarako era asko dago:

  • Merkataritza Ganberetako zerrendak eta datuak. Merkataritza Ganberak ematen dituen informazio batzuk doakoak dira, baina interesgarrienak ordaindu egin behar izaten dira eta prezioa ematen zaigun datu-kopuruaren araberakoa izan ohi da (gutxieneko prezioa 40 € ingurukoa).
  • Autonomia Erkidegoetako industria-sail ezberdinetan argitaratzen diren Industria Katalogoetan emaniko informazioa.
  • Orrialde horiek emaniko informazioa.
  • Merkataritza Erregistroak emaniko informazioa. Erregistro honek bertan izen emaniko merkataritza elkarteei dagokien guztia jasotzen du, baita urtero ordaindu behar dituzten urteko kontuei buruzko guztia ere.
  • Ikerketa propioak.
  • Solasaldiak bezeroekin.
  • Solasaldiak pertsona eta enpresa hornitzaileekin.

Zalantzarik baduzu, egin iezaguzu kontsulta

Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira