Cómo crear una empresa
07. Enpresa martxan jartzeko izapideak
- 1. Zerga-arloko izapideak
- 2. Lan-arloko izapideak
- 3. Baimenak ematea
- 4. Jabetza Industrialaren erregistroa eta Jabetza Intelektualaren erregistroa
- 5. Datuak Babesteko Erregistro Orokorra
- 6. Hainbat erregistro
- 7.Enpresaren asegurua
Bai banako enpresariek bai merkataritza-forma duten enpresek hainbat izapide egin behar dituzte administrazio desberdinen aurrean, enpresak eraginkortasunez lanean hasi ahal izateko.
1.-ZERGA ARLOKO IZAPIDEAK
1.1.- Alta Ekonomia Jardueren Zergan (EJZ)
Tokiko zerga bat da eta jarduera enpresarialak, profesionalak edo artistikoak zergapetzen ditu, lokalean garatu ala ez. Garatuko den jarduera adina alta aurkeztuko da. 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera ez dute zerga hau ordaindu behar 1.000.000 eurotik beherako negozio kopuru garbia duten enpresek. EJZren altaren, aldaketaren eta bajaren aitorpena (salbuespenen kasuan) Zentsu Aitorpenaren 036 ereduaren bitartez egingo da. Aurkeztu beharreko dokumentuak
Epea: 10 egun baliodun, jarduera hasi aurretik
Lekua: Foru Ogasuna
1.2.-Zentsu-aitorpena
Jardueraren hasiera, aldaketa edo etetea adierazten duen aitorpena da eta enpresariek, profesionalek eta beste zergapeko batzuk aurkeztu behar dute, zerga-ondorioetarako. Horretarako, 036 eredua bete behar da.
Epea: jarduera hasi aurretik.
Lekua: Foru Ogasuna
2.- LAN ARLOKO IZAPIDEAK:
2.1.- Langile Autonomoen Erregimen Berezian afiliatzea eta alta ematea:
Gizarte Segurantzaren erregimen berezi bat da eta derrigorrezkoa da beren konturako langileentzat eta merkataritza-sozietateetako bazkide langileentzat. Kasuaren arabera, erregimen horretan edo Orokorrean alta eman beharko dute.
Epea: 30 egun natural, jarduera hasi eta biharamunetik. Hala ere, jarduera hasi eta hurrengo hilabetetik aurrera edukiko ditu ondorioak altak (jarduera urtarrilaren 15ean hasten bada eta alta otsailaren 10ean aurkeztu bada, urtarrilaren 1etik ordaindu behar da).
Lekua: dagokion Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorra.
Nork egon behar du autonomoen erregimenean?
Enpresa batean lan egiten duen pertsona guztiek, baldin eta:
- Banako enpresariak badira
- Profesionalak badira
- Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako bazkide badira
- Merkataritza-sozietateetako bazkide badira, dagokien kontrol eraginkorraren arabera, hau da, kapital sozialean duen partaidetzaren arabera
SALBUESPENAK: besteren konturako langileen Erregimen Orokorrean egongo dira hauek:
- Kooperatibetako bazkideak, kide guztiek erabakitzen badute.
- 25 bazkide baino gutxiagoko lan-sozietateetako bazkideak.
- Kotizazio-oinarria aukeratzen da.
- • Kotizazio-oinarriaren arabera ordaintzen dira hileko kuotak, eta horren arabera kobratzen da, gertakizunik badago (erretiroa, baja gaixotasunagatik, amatasunagatik, aitatasunagatik, ezgaitasun iraunkorra eta abar)
Informazio gehiago
2.2.-Patronal-zenbakia eskatzea
- Enpresak langile bat kontratatu behar duenean bakarrik egin behar da. Horrela, enpresa gizarte-segurantzan inskribatzen da eta kotizazio nagusiko kontu-kode bat esleitzen zaio enpresariari. Inskripzioa behin bakarrik egin behar da eta enpresaren bizitza osorako balio du.
- Epea: besteren konturako lehen langilea kontratatu aurretik.
- Lekua: enpresaren helbideari dagokion Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia.
2.3.-Lantokiaren irekiera jakinaraztea
- Lantoki bat ireki behar duten edo aldaketa, zabalkuntza edo eraldaketa garrantzitsuak egin ondoren jarduera berriro hasten duten enpresek egin behar dute.
- Aurkeztu beharreko dokumentuak: eredu ofizialaren lau ale, enpresaren datuekin, lantokiko datuekin, plantillaren datuekin, garatzen den jardueraren datuekin.
- Epea: jarduera hasi edo berriro hasi eta hurrengo 30 egunak.
- Lekua: Lan, Gizarte Segurantza eta Gizarte Gaietako Probintzia Zuzendaritza
2.4.-Bisita Liburua eskatzea
- Bisita Liburua derrigorrezkoa da enpresa guztientzat, nahiz eta ez eduki beren konturako langilerik, eta Lan Ikuskapenik egonez gero, aurkeztu behar da.
- Epea: jarduera hasi aurretik.
- Lekua: Lan, Gizarte Segurantza eta Gizarte Gaietako Probintzia Zuzendaritza. Gaur egun bisita-liburu elektronikoan alta emateko aukera dago.
3.-BAIMENAK EMATEA:
Ondorengo urratsak derrigorrez bete behar dira, lokal bat irekitzeko, lokal batean obrak egiteko edo lokalaren titulartasuna edo jarduera aldatzeko. Aipatutako kasuetako batean ez bazaude, ez da beharrezkoa urratsak betetzea. Hala ere, lokal bat irekitzera bazoaz, hasi aurretik lokalak zuk nahi duzun negozioa hartzeko baldintzak betetzen ote dituen galdetu beharko duzu udaletxean
3.1.-Jardueren eta instalazioen baimena (irekiera)
- Beharrezkoa da enpresa-jarduera garatzeko erabiliko den establezimendua irekitzeko.
- Bi baimen mota daude, garatuko den jardueraren arabera. Jarduera “ez-kaltegarria” izan daiteke (ez dute eragozpenik edo kalterik eragiten eta lortzeko errazagoak eta merkeagoak dira), edo jarduera “sailkatua" izan daiteke (gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak eta arriskutsuak izan daitezke eta, ondorioz, lortzeko zailagoak eta garestiagoak ere badira)
Jarduera sailkatua bada aurkeztu beharreko dokumentuak:
- Eskaeraren udal formularioa
- Bizilagun mugakideen zerrenda
- Instalazioen proiektu teknikoa. Eskumeneko teknikariak sinatua egongo da eta dagokion Elkargo Ofizialaren eta Zuzendaritza Fakultatiboaren oniritzia edukiko du
- EJZren altaren fotokopia
Jarduera ez-kaltegarria bada aurkeztu beharreko dokumentuak:
- Eskaeraren udal formularioa
- NANaren fotokopia, eratze-eskritura eta IFK, pertsona fisikoa ala sozietatea izan
- Oineko eta sekzioko planoak, ahalik eta zehatzenak.
- Lokala kokatzen den kaleen planoa
- Lokala eraikineko gainerako lokalen kokapenarekiko duen kokapenaren planoa
- Higiezinaren jabetza-eskritura edo errentamendu-kontratua, udaletxeak eskatzen badu
- Epea: lokala ireki aurretik. Baimena eman eta gero, jarduerak baimena eman eta hurrengo sei hilabeteetan hasi behar du.
- Lekua: Udaletxeko Hirigintza Saila.
3.2.-Obra-baimena
Lokal, nabe edo establezimendu batean edozein obra egiteko beharrezkoa da. Hortaz, lokal bat ireki behar ez bada, edo obrarik egin behar ez bada, ez da beharrezkoa izango.
Aurkeztu beharreko dokumentuak:
- Eskaeraren udal formularioa
- Eskumeneko teknikariak sinatua egongo da eta dagokion Elkargo Ofizialaren eta Zuzendaritza Fakultatiboaren oniritzia edukiko du
- Eskatzailearen NANa, pertsona fisikoa bada, eta ahaldunaren IFK eta NANa, sozietateak badira
- Epea:obrak egin aurretik. Baimena eman eta gero, jarduerak baimena eman eta hurrengo sei hilabeteetan hasi behar du
- Lekua: Udaletxeko Hirigintza Saila.
4.-JABETZA INDUSTRIALAREN ERREGISTROA ETA JABETZA INTELEKTUALAREN ERREGISTROA
Espainian Jabetza Industrialak industriarekin erlazionatutako sorkuntza guztiak babesten ditu: patenteak eta erabilgarritasun-ereduak, zeinu bereizgarriak eta diseinuak.Aitzitik, Jabetza Intelektuala egilearen nortasuna islatzen duten espirituzko sorkuntzak babesteko da: sorkuntza bakarrak dira, ez dira industrialki edo seriean egiten.Sorkuntza horiek literatur lanak edo lan artistikoak izan daitezke, hala nola eleberriak, olerkiak eta antzerki-lanak, filmak, musika-lanak, artelanak, marrazkiak, pinturak, argazkiak eta eskulturak edo diseinu arkitektonikoak.Bakoitzak bere legeak ditu eta bakoitza kudeatzen arduratzen diren organismoak ere desberdinak dira.
- Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak jabetza industrialeko eskubideen aitortzan parte hartzen du (informazio gehiago)
- Jabetza Intelektualaren Erregistroak jabetza intelektualeko eskubideen aitortzan parte hartzen du (informazio gehiago)
5.- DATUAK BABESTEKO ERREGISTRO OROKORRA
Datuak Babesteko Lege Organikoak (DBLO) ezartzen ditu fitxategien edo tratamenduen arduradunek, organismo publikoek zein pribatuek, datu pertsonalen babesa ziurtatzeko eskubidea bermatzeko bete behar dituzten betebeharrak.
Ekintzaileak bere enpresa sortu behar duenean, datu pertsonalak kudeatuko baditu, kontuan hartuko dira DBLOk ezarritako betebeharrak, izan ere, ekintzailea izango da fitxategien arduraduna eta, beraz, bere kontura izango dira aipatutako betebeharrak.
Fitxategien arduradunaren betebehar bat da aipatutako datu pertsonalen fitxategiak Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatzea.
Informazio gehiago
6.- HAINBAT ERREGISTRO
Garatutako jardueraren arabera, derrigorrez jakinaraziko zaie jardueraren hasiera dagokien administrazio, agintaritza eta/edo erregistroei (sektorialak, Estatukoak, autonomikoak eta udal mailakoak). Adibidez: industria-erregistroa, segurtasun-enpresen erregistroa, joko-enpresen erregistroa, osasun-zentroen edo ikastetxeen baimenak eta abar
Euskadin Eusko Jaurlaritzak izapidetu behar ditu erregistroak, jardueraren arabera:
Informazio gehiago
7.- ENPRESAREN ASEGURUA
Hasiera batean boluntarioa bada ere (salbuespenak salbuespen), aseguru-polizak kontratatzea komeni da, gure jardueraren arrisku ohikoenei aurre egiteko eta ezbehar batek eragin ditzakeen ondorio ekonomikoen aurrean estalita egoteko.
- Enpresaren arriskuak eta arrisku horietarako prebentzio-neurriak definitzea.
- Aseguru-entitate desberdinetan aurrekontuak eskatzea.
ASEGURUAN BARNE HARTZEN DIREN ARRISKU OHIKOENAK:
- KALTE MATERIAL PROPIOAK gure enpresaren barruan:
- Estali beharrekoa: eraikinak, pabilioiak eta bulegoak; makineria; altzariak eta instalazioak; salgaiak eta lehengaiak.
- Suteen aurkako aseguru-polizak eta berme gehigarriak kontratatu behar ditugu: urak eragindako kalteak, lapurretak eta indarrez ebaztea; makinen matxura; ekipo elektronikoen arrisku anitzetarakoa
- Jarduerarik EZ EGOTEA EDO ETETEA:
- Ezbehar batek jarduera eten dezake.
- Jarduerarik ezak eragindako kalteak arintzeko, etekinen galerarako estaldura bat kontrata dezakegu (adib.: eguneroko galerak).
- ERANTZUKIZUNAK hirugarrenen aurrean:
- Gure lokalean hirugarren bati eragindako kalte baten ondorioz, erreklamazio ekonomiko bat jaso dezakegu, gure jardueran arduragabe jokatu dugulako eta abar.
- ? Estalita egoteko, Erantzukizun Zibileko aseguru bat kontratatu behar dugu.
Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira