Enpresa bat sortzeko era
06. Eratzeko izapideak
1.- ERATZEKO IZAPIDEAK, PERTSONA FISIKOAK
1.1.-Banako enpresariak:
- Ez da aurretiko formalitaterik behar
- Ez da beharrezkoa MERKATARITZA Erregistroan izena ematea, ontzi-enpresarien kasuan izan ezik
- Ez du IFK behar, bere IFZrekin fakturatzen baitu
Informazio gehiago
1.2.-Ondasun erkidegoak/sozietate zibilak
- Ez da eratze-izapiderik egin behar, ondasun higiezinak edo eskubide errealak jartzen badira izan ezik; kasu horretan, notario aurreko eskritura publiko bidez eratu behar dira
- Hobe da kontratu pribatu bidez eratzea. Kontratu horretan adieraziko dira: erkidegoaren/sozietatearen izena, bazkideen izenak, egoitza soziala, xede soziala, ekarpenak, iraupena, administrazioa.
- IFK lortzea: bi irudien kasuan Identifikazio Fiskaleko Kodea lortu behar da Ogasunean, lan egin ahal izateko. Foru Ogasunean eskatu behar da eta eratze-kontratu pribatua eta bazkideen NANak aurkeztu behar dira horretarako.
Informazio gehiago
2.- ERATZEKO IZAPIDEAK, PERTSONA JURIDIKOAK
2.1.-Izenaren ziurtapen negatiboa
- Merkataritza-sozietaterako aukeratu den izena beste izen batekin bat ez datorrela ziurtatzen duen ziurtapena da.
- Aurkeztu beharreko dokumentuak: aukeratutako izenak adierazten dituen eskabide ofiziala (bost gehienez ere, lehentasunaren arabera adierazita).
- Epea: notariora joan aurretik. 3 hilabeteko balioa du emandako izenak (158/2008 Errege Dekretua). Epe hori igarota, izena berritu egin behar da, betiere 6 hilabete igaro aurretik, izan ere, aitzitik behin betiko iraungituta geratuko da.
- Lekua: Merkataritza Erregistro Zentrala (Príncipe de Vergara kalea 94 - Madril). www.rmc.es
2.2.-Kapital soziala ordaintzea
- Diruzko ekarpen ekonomikoei dagokienez, banku-entitate batera joan eta kontu bat ireki behar da “eratzen ari den sozietatearen” izenean, eta sozietatearen estatutuetan adierazitako diruzko ekarpenen baturaren pareko kantitatea sartu behar da. Bankuak ziurtagiri bat ematen du eta ziurtagiri hori notarioaren aurrean aurkeztu behar da.
- Espezietan egiten diren ekarpenei dagokienez, emandako ondasunen eta horien balio ekonomikoaren inbentario bat egingo da. Dokumentu hori notarioaren aurrean aurkeztuko da.
2.3.-Eratze-eskritura sinatzea
Estatutuak sozietatea arautuko duten arauak dira (izena, xede soziala, kapital soziala, helbide soziala, bazkide bakoitzaren partaidetza-erregimena eta abar). Estatutuak idazteko abokatu batengana jotzea edo Notaritza batera joatea komeni da. Ondoren, Notaritzara joan behar da, sozietatearen eratze-eskritura sinatzeko. Derrigorrez bete beharreko izapide bat da, sozietatea Merkataritza Erregistroan inskribatu eta eratzeko.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Merkataritza Erregistro Zentralaren izenaren ziurtapena
- Bankuko ziurtagiria / espezietan egindako ekarpenen inbentarioa
- Sozietatearen Estatutuak (guk geuk eraman ditzakegu, edo Notaritzak egin dezake)
- Bazkide guztien (eta beren ezkontideen) NANak.
2.4.-Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK) eskatzea
- Sozietatea zerga-ondorioetarako identifikatzeko balio du. Hasieran behin-behineko IFK bat ematen da, lanean hasi ahal izateko. 6 hilabete igarotzean, behin betiko IFK lortu behar da.
- Aurkeztu beharreko dokumentuak: 036 ereduaren inprimakia, eratze-eskrituraren jatorrizko dokumentua eta kopia soila, eskatzailearen NANaren fotokopia, eskatzailea bazkide bat bada, edo notario-ahalordearen fotokopia, ahalduna bada.
- Epea: 30 egun, eskritura ematen denetik. Ondoren, 6 hilabeteko epe bat utziko da behin betiko IFK lortzeko. Horretarako, Eratze Eskritura (orijinala eta izena emateko orriaren fotokopia) Merkataritza Erregistrora eramango da.
- Lekua: Foru Ogasuna
2.5.-Merkataritza Erregistroan izena ematea
- Sozietate Anonimoak hilabete bateko epean izena eman behar du, notarioak eratze-eskritura ematen duenetik hasita, eta Sozietate Mugatuak bi hilabeteko epea du. Merkataritza Erregistroa Estatutuetan finkatutako helbide sozialari dagokiona izango da.
- Izena emateko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
- Merkataritza Erregistro Zentralaren izenaren ziurtapena.
- Eskrituraren lehen kopia.
- 600 ereduaren aleak (ITP). Ez da ordaindu behar, baina aurkeztu egin behar da.
- Dokumentuak aurkeztean funts-hornikuntza bat ordainduko da, eta gainerakoa ateratzean. Telefonoa edo fax-zenbakia eskatuko zaizue, noiz atera jakinarazteko (Erregistroaren arabera).
- ? Izena eman eta gero, sozietateak nortasun juridikoa lortzen du.
2.6.-Hainbat erregistro
Sozietatea eratu eta Merkataritza Erregistroan izena eman eta gero, erregistro berezietan ere izena emango da, forma juridikoaren arabera hala badagokie:
- Sozietate Kooperatiboak: Kooperatiben Erregistro Orokorra.
- EML edo LSA: Lan Sozietateen Erregistroa.
2.7.-Informazio gehiago
Eduki hauek DEMA enpresarekin lankidetzan eratu dira