Helburu profesionala
Lan-bilaketa aktiboaren prozesua kontsumo-merkatuan produktu bat saltzearen antzekoa da. Zeure burua enpresa bati eskaintzen ari zarela pentsatu behar duzu. "Salmenta" egiteko, oso garrantzitsua da publizitate-kanpaina on bat egitea. Horretarako, zer ezaugarri dituzun jakin beharko duzu aurrez: norberaren ezagutza.
Zer egin nahi dut?
Lana bilatzen hasi aurretik, autoebaluazio bat egin beharko genuke, bai eta azterketa pertsonal nahiz profesional bat ere, hasierako galderari erantzuten laguntzeko. Gure gaitasunak, abileziak, trebetasunak, prestasuna eta abar ezagutzeko gai izan behar dugu; hartara, geure burua ezagutuko dugu, eta zehaztuko dugu zer onartzeko prest gauden eta zeri egingo geniokeen uko eta zergatik. Lana zer lanpostutan bilatu nahi dugun zehazten lagunduko digu horrek.