Ekintzaileei laguntzeko enpresa-jarduerak sendotzeko.
Nork eska dezake laguntza hau?
Enpresaburu edo profesional indibidualek eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako bazkideek, beste inork ez.
Nola aurkeztu behar dute diru-laguntzaren eskaera ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako bazkideek?
Erkidego edo sozieate horretako bazkide bakoitzak bere eskaera egin beharko du, eta aldi berean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.
Zertan inberti daiteke emandako diru-laguntza?
- Langile autonomoen gizarte-segurantzako erregimen berezian kotizazioa ordaintzeari lotutako kuotetan.
- Proiektuari lotutako komunikazio-gastuetan (publizitate-kanpainak, web orrien diseinua, sare sozialen diseinua...).
- Publizitate-kanpainetan.
° Iragarkia prentsa idatzian.
° Iragarki laburrak irratian eta telebistan.
° Iragarki-banda bat beste enpresa baten web orrian.
° Web orrien mantentze-lanen kuotak eta webean plugin-ak sartzeak dakartzan gastuak.
° Facebook-en sustapen-lana egiteko zerbitzuen kostua.
° Merkataritza-jarduerarekin lotutako edo herrian egindako ekitaldiren baten babesle edo laguntzaile izatea.
° Enpresaren publizitate-merchandising-a (enpresaren logoa duten egutegiak, USBak, poltsak, nezeserrak, bizkar-zorroak, bolalumak, globoak, eta abar).
° Establezimenduetako eta ibilgailuetako errotulazioa, argiak errotuluetan, eta abar.
° Eskuko publizitatea: publizitate-liburuxkak eta kartelak diseinatu, inprimatu eta banatzea. Bisita-txartelak inprimatzea.
° Logoaren diseinua.
° Totem eta asto publizitarioak, arbel argidunak, eta abar.
- Negozioaren eguneroko jarduerei lotutako zerga-, lan-, kontabilitate-, zuzenbide- edo administrazio-aholkularitzan.
- Negozioaren kudeaketa hobetzea eta ongi joatea helburu duten coaching gastuetan.
- Erakusleihoa aldatzeko eta hobetzeko aholkularitzaren gastuetan.
- Enpresaren abiarazteari eta funtzionamenduari zuzenean loturik autonomoak —soldatapekoa ez denak— egindako prestakuntza-ikastaroetan (gai hauek dituen prestakuntza: egiten den jarduera, berez; lan-arriskuak prebenitzea; erakusleiho-apainketa; webgunea eta sare sozialak kudeatzeari buruzko prestakuntza; enpresa-kudeaketako prestakuntza...).
- Nahitaez ordaindu beharreko kuotetan:
° Dendari-elkarteak.
° Mutualitateak eta elkargoak.
- Lan-arriskuei buruzko aholkularitzan.
- Erantzukizun zibileko aseguru profesional nahitaezkoan.
Zertan EZIN da inbertitu emandako diru-laguntza, eta ondorioz, gastu horren fakturek ez dute balio laguntzarako gastu egokia frogatzeko?
- Ibilgetu materiala finantza-errentamenduaren bidez eskuratzeko gastuetan (leasinga).
- Enpresa eratzeko gastuetan (hala nola irekitze-lizentziak, jarduera-lizentziak, bai eta negozioa abian jartzeko nahitaezko tasak ere).
- Jarduera ekonomikoari atxikitako higiezinen errentamendu-gastuetan (alokairuak).
- Enpresak ondoren komertzializatzen dituen merkataritza-produktuen eta/edo lehengaien erosketan.
- Material ahikorren eta bulego-materialaren erosketan.
- Soldata eta lansarietan.
- Balio erantsiaren gaineko zerga eta gainerako zeharkako zergak direla-eta egiten diren kitapenetan.
- Enpresaren kudeaketarako programa informatikoak erostean.
- Erakusleihoan jarritako elementuetan.
- Merkataritza-lokaletik kanpo erakusleiho bat alokatzean.
- Marken erregistroari lotutako gastuetan.
Zer kopuru kobratuko dut, laguntza hau ematen badidate?
- Diru-laguntza honen zenbatekoa, gehienez, 2.500 euro da onuradun bakoitzeko.
- Emakumea edo eskaera aurkeztean 25 urte baino gutxiago izanez gero, kobratuko den kopurua gehienez 2.875 euro da.
- Bi baldintzak betez gero —hau da, emakumea bazara eta eskaera aurkeztean 25 urte baino gutxiago badituzu—, gehienez 3.250 euro jasoko dituzu.
Diru-laguntza honek badu gehieneko mugarik?
Bai: ondasun erkidego edo sozietate zibil bateko kideen kasuan, diru-laguntza inoiz ere ez da izango 6.000 eurotik gorakoa, bazkide guztien artean. Muga hori aplikatu behar bada, diru-laguntza hau izango da: 6.000 euro zati eskatzaileen kopurua.
Emandako diru-laguntza zertan inbertitu den justifikatu behar da?
Bai, beharrezkoa da justifikatzea, egindako gastua frogatzen duten fakturak eta dokumentuak aurkeztuta.
Non aurkeztu behar dira fakturak?
Zuretzat erosoena den Lanbideren bulegoan aurkeztu behar dituzu fakturak.
Zer faktura aurkeztu behar dira?
Diruz lagundutako aldian egindako gastuari dagozkionak.
Zein da diruz lagundutako aldia, eta zenbat irauten du?
Laguntza onartu dela jakinarazten dizun ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunean hasten da, eta sei hilabete irauten du (adibidez: postariak ebazpena 2016-03-01ean entregatu badizu, 2016-03-02tik 2016-09-01 arte iraungo du).
Zergatik itxaron behar dira sei hilabete, fakturak aurkezteko?
Aldi horretan egindako gastuak laguntzen direlako diruz, eta diruz lagundutako aldia (sei hilabete) bukatu arte bete behar direlako laguntza horren onuradun izateko baldintzak.
Zer baldintza bete behar dira diruz lagundutako sei hilabeteko aldi horretan guztian?
Laguntza hau eskatzeko unean bete behar diren baldintza berak, hau da:
- Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta han benetan bizitzea.
- Ekonomia Jardueren gaineko Zergan eta langile autonomoen erregimen berezian (edo dagokion hartan) altan jarraitzea.
- Enpresa-jarduerak eta lantokiak sozietate- eta zerga-helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izaten jarraitu beharko dute.
Zer epe dago fakturak aurkezteko?
Hilabete daukazu, diruz lagundutako sei hilabeteak bukatzen direnetik (adibidez: diruz lagundutako epea 2016-09-01ean bukatu baldin bada, fakturak aurkezteko epea 2016-09-02tik 2016-10-01 arte izango da). Hilabete hori bukatutakoan, ezingo da fakturarik aurkeztu.
Fakturak sei hilabeteak bete baino lehen aurkez daitezke?
Aurkez daitezke, epe hori bukatu baino lehen gastua justifika baldin badaiteke. Hala ere, berdin-berdin itxaron beharko duzu sei hilabeteak bukatu arte, diru-laguntzaren gainerakoa (% 40) kobratzeko, epe horretan autonomoen erregimenean —edo dagokizun hartan— mantendu zarela egiaztatu eta gero.
Nola aurkeztu behar dira fakturak?
Gastutzat egotzi nahi duzun faktura bakoitzaren originala eta kopia bat aurkeztu behar dituzu. Originala itzuliko zaizu. Autonomoen kuotaren edo nahitaezko mutualitatearen ordainagirien kasuan, eta fakturak ordaindu direla frogatzen duten dokumentuen kasuan, nahikoa da kopia aurkeztea.Dokumentu horiek guztiak batera aurkeztu behar dira. Ez da zatika aurkeztea onartuko.
Zer gertatzen da aurkezten dituzun fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren lehen ordainketarena (% 60) baino txikiagoa bada?
Justifikatutako zenbatekoa besterik ezingo duzu kobratu. Justifikatutako zenbatekoa egindako lehen ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli beharko duzu. Kopuru hori gainditzen baduzu baina diru-laguntzaren zenbateko osoraino iristen ez bazara, bigarren ordainketa batean aldea ordainduko zaizucia.
Emandako diru-laguntzaren gastua ezin bada justifikatu, diru-laguntza guztirako eskubidea galtzen da?
Ez: justifikatutako kopurua emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntza doituko da, eta justifikatutako kopurua kobratuko duzu. Gehiago jaso baduzu, aldea itzuli beharko duzu.
Laguntza hau bateragarria al da Lanbide ez den erakunde batetik jasotako beste laguntza batekin?
Ez: laguntza hau ez da bateragarria beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik inolako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrerarik jasotzearekin, baldin diru-laguntza, laguntza edo sarrera horren helburua autoenplegua sustatzea bada. Hala ere, aintzat hartuko dira deialdian adierazitako salbuespenak.
Lanbideri jakinarazi behar diot autoenplegua sustatzeko laguntzarik edo diru-laguntzarik jasotzen badut?
Bai: helburu berarekin emandako edozein diru-laguntza behar bezala jakinarazi behar diozu Lanbideri jakin bezain laister, eta bi laguntzetako bat aukeratu beharko duzu. Beste erakunde baten diru-laguntza aukeratzen baduzu eta Lanbideren laguntzako lehenengo ordainketa jaso baduzu, kobratutakoa itzuli behar duzu.




