Ohiko galderak

 Zure prestazioaren egoerari buruzko zalantzarik baduzu, deitu 945 160 600.

04. EPO Etxebizitzarako Prestazio Osagarria

Aldizkako prestazioa da, gehienez 300 eurokoa, DSBEaren titularren ohiko etxebizitzarekin edo bizitokiarekin lotutako premiei erantzuteko, hau da, etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren alokairu-gastuei aurre egiteko, edozein modalitatetan: errentamendua, alokairua, baterako errentamendua, ostatua eta logelen alokairua.

• Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularra izatea
• Babes publikoko pisu bat edo alokairuko bat jabetzan ez edukitzea.
• Alokairu-gastuei aurre egin behar izatea eta hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu ahal izatea: errentamendu-kontratua, edo, hala badagokio, azpierrentamendu-kontratua, baterako errentamendua, ostatua edo logelen alokairua.
• Ez egotea odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 3. mailara arteko ahaidetasunik bizikidetza-unitateko edozein kideren eta etxebizitzaren errentatzailearen edo haren familia-unitateko edozein pertsonaren artean.
• Etxebizitza alokatzeko eskatzaile gisa izena emanda egotea edo izena ematea eskatu izana Etxebizitza Sailaren Etxebide zerbitzuan.

Titularrak sei hilean behin aurkeztu behar ditu ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren alokairu-gastuen egiaztagiriak. Ordainagiri pribatuak, fakturak edo banku-ordainagiriak izan daitezke.
Egiaztagiriek honako hauek jaso behar dituzte:
• Pertsona fisiko edo juridiko igorlea identifikatzeko eta lokalizatzeko oinarrizko datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo NAN barne.
(Jabearen, maizter nagusiaren edo enpresa errentatzailearen izen-abizenak eta NANa)
• Errentamendu-kontratuaren titularraren izena eta bi abizenak
• Gastuaren kontzeptua.
• Alokairuari dagokion zenbatekoa.

Etxebizitza berean ahaidetasunez lotutako 2 bizikidetza-unitate edo gehiago daudenean, prestazio bakarra eman ahal izango da.
Etxebizitza partikular bat bi bizikidetza-unitatek edo gehiagok partekatzen dutenean ahaidetasun-harremanik gabe, gehienez 2 prestazio eman ahal izango dira.

Ostatu kolektiboetan (aterpetxeak, pentsioak) ez dago gehienezko mugarik, eta baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitate guztiei emango zaie.

Apirilaren 1etik aurrera, EPOren eskumena Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari egokituko zaio. Horregatik, egun horretatik aurrera, interesdunek Etxebidera jo beharko dute Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) eskatzeko.

Gaur egun DSBEko espediente bat badago eta EPOa kobratzen ari bada, espedientea bi urtez mantenduko da, prestazioa ematen denetik edo azken berrikuspenetik zenbatzen hasita, baldin eta emandako DSBEko espedienteari eusten bazaio. Bi urte igaro ondoren, zure espedientea Etxebizitza Sailera bidaliko da, EPEa emateko.