Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzen helburua da enplegu-politikak Euskadiko pertsonen, enpresen eta lurraldeen beharretara hurbiltzea

Lanbideko Administrazio Kontseiluaren une bat
Lanbideko Administrazio Kontseiluak 21 milioi euro baino gehiagoko laguntzak onartu ditu, lau laguntza lerrotan. Horien bidez, tokiko enplegu-proiektuak sustatuko dira; langabeentzako, enplegu-intentsitate txikiko landunentzako eta beste profil batzuentzako enplegu, prestakuntza eta laneratze ibilbide integralak garatuko dira; gazteentzako txandakako prestakuntza eta lana bultzatuko dira, eta Lanbiderekin lankidetzan diharduten enplegu-zentroen jarduera finantzatuko da.
Lau deialdiek, guztira, 21.023.087 euroko zuzkidura dute, eta helburu bera dute: enplegua lortzeko aukerak hobetzea, pertsonen, ekoizpen-sarearen eta lurraldeen errealitate desberdinetara egokitutako ikuspegitik.
8,15 milioi euro tokiko enplegu proiektuetarako
Enplegua sortzera bideratutako eta tokiko garapen sozioekonomikoan eta modernizazioan eragina izango duten proiektuak abian jartzeko 8.153.669 euro bideratuko dira. Diru hori eskualde eta udalerrien artean banatuko da, 2026ko urtarrileko langabeen kopuruaren arabera, eta eskualde bakoitzak gutxienez 75.000 euro jasoko ditu.
“Mota honetako laguntzen bidez, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lurralde-kohesioa sustatu nahi du, enplegu-politika tokiko errealitate sozial eta ekonomikora egokituz. Horretarako, funtsezkoa da tokiko eragileek ekoizpen-inguruneari buruz duten ezagutza sakona”, adierazi du Francisco Pedrazak, Lanbideko zuzendari nagusiak.
Laguntzen bidez, bai toki-erakundeek bai tokiko enpresek egindako kontratazioak diruz lagunduko dira. Laguntzen zenbatekoa kontratazio motaren eta ezaugarrien arabera aldatuko da, eta kontratu bakoitzeko 12.500 eurora artekoa izan daiteke.
Ia 8 milioi euro enpresen talentu-beharrei erantzungo dieten proiektu integraletarako
Bigarren deialdia erakunde publiko eta pribatuei, enpresei, prestakuntza-zentroei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dago zuzenduta. 7.950.380 euroko zuzkidura izango du, eta enplegu, prestakuntza eta laneratze proiektu integralak garatzea ahalbidetuko du. Helburua da enplegua benetan lortzea erraztea eta lan-merkatuan dauden beharrei erantzutea; era berean, administrazio-erregularizazioko prozesuan dauden pertsonak ere barne hartuko dira.
Pedrazaren hitzetan, “epe laburrean enplegua benetan lortzera bideratutako jarduera koordinatuen multzoa integratuko duten proiektuak bilatzen dira: prospekzio- eta lan-bitartekotzako jardueretatik hasi, orientazio, aholkularitza eta laguntzako ibilbide pertsonalizatuetatik jarraitu, eta lanerako lanbide-prestakuntzako taldeko ekintzetara eta lanpostuko prestakuntza indibidualizatura arte; horiez gain, enplegua eta laneratzea sustatzeko jarduerak ere jasoko dira”.
Deialdi horrek kontrataziorako dirulaguntzak aurreikusten ditu, eta zenbatekoak handitu ahal izango dira kontratatutako pertsonak 55 urte edo gehiago baditu, enplegua lortzeko zailtasun bereziak baditu, maskulinizatutako sektore batean emakumea bada kontratatutakoa, edo kontratua mugagabea bada eta lanaldia ezarritako lanaldiaren % 70ekoa edo handiagoa bada.
3 milioi euro gazteentzako txandakako prestakuntza eta lanerako
Txandakako prestakuntza-kontratuak formalizatzen dituzten enpresek eta lanbide-ziurtagiri batzuei lotutako txandakako prestakuntza-proiektuak garatzen dituzten prestakuntza-erakundeek HEZIBI gazteentzako txandakako prestakuntza eta lan programaren 3 milioi euroko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte.
Ordaindutako lan-jarduera eta prestakuntza-jarduera uztartuz, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea eta, aldi berean, euskal ekoizpen-sareak profesional kualifikatuak izatea erraztea da helburua.
Enplegu-zentroentzako laguntza
Laugarren lerroak 1.919.038 euroko zuzkidura izango du Lanbiderekin lankidetzan diharduten enplegu-zentroen jarduera finantzatzeko –35 zentro arrunt eta zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzendutako 3 zentro–. Zentro bakoitzak 50.501 euroko dirulaguntza jasoko du.
Zentroen helburua da pertsonek lan-merkatuan sartzeko prozesuan duten autonomia sustatzea. Horretarako, enplegua bilatzeko autokontsultarako tresnak eta orientazioko langileen laguntza jartzen dituzte haien eskura. Baliabide horiek erabili ahal izango dituzte bai Lanbiden enplegu- eta zerbitzu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta landunek, bai Estatuko lan-merkatuan sartzeko aukerarik ez duten eta Lanbiden zerbitzu-eskatzaile gisa erregistratuta dauden pertsonek.
Errealitate bakoitzetik hurbilago dauden enplegu-politikak
Lau laguntza horien bidez, Lanbidek uztartu egiten ditu lurraldeko esku-hartzea, lan-merkatuaren beharretara egokitutako ibilbideen garapena, gazteen enplegua eta enplegua bilatzeko autonomia sustatzen duten baliabideen indartzea.
“Helburu komuna da enpresen beharrei, pertsonen ezaugarriei eta lurralde bakoitzaren errealitateari modu egokiagoan erantzuteko gai diren enplegu-politiketarantz aurrera egitea, enpresen kontratazio- eta kualifikazio-beharren eta pertsonen arteko lotura indartuz”, esan du Pedrazak.
Laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez eskatu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/), Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako sarbide-esteka bat argitaratuko da Lanbideren webgunean.




