Langabezia 1.146 pertsonatan jaitsi da hilabete batetik bestera, eta 1.459 pertsonatan urte arteko balantzean; 4.020 kotizatzaile gehiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta, eta kontratazio mugagabeak pisu handiagoa du euskal lan merkatuan

Mikel Torresen hitzaldia.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak adierazi duenez, “duela gutxi izan duen belaunaldi erreleboko erronkarik handienari” egin behar dio aurre Euskadik, 2036ra arte 625.907 enplegu aukera aurreikusten baititu. Torresek Bilbao Exhibition Centren egindako Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren esparruan egin ditu adierazpen horiek. Bertan, eskatu du erakundeen eta enpresen arteko lankidetza “estua” izan dadila, lan merkatuaren beharrei aurre hartzeko eta industria lehiakortasuna bermatzeko.
“Daturik garrantzitsuena da aukera horien % 83, 524.000 lanpostu baino gehiago, erretiroengatiko ordezkapenarekin egongo direla lotuta. Ezin dugu talentua alferrik galdu, ezta hamarkadetan zehar gure enpresetan pilatutako ezagutza galdu ere”, adierazi du. Azaldu duenez, errealitate horrek eskatzen du aldez aurretik jardutea, prestakuntza espezializatua indartzea eta enplegu eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura hobetzea.
Lehendakariordeak gogorarazi du makina-erremintaren sektorea euskal industriaren “zutabe nagusietako bat” dela: 575 establezimendu eta 23.600 lanpostu zuzen baino gehiago ditu Euskadin. Eremu horretan, aurreikuspenen arabera, 15.500 lan aukera inguru sortuko dira 2036ra arte, eta horietatik 11.000 inguruk belaunaldi erreleboko prozesuei erantzungo diete. “Trantsizio izugarri baten aurrean gaude, konpromiso partekatua eskatzen duena. Funtsezko profilen erretiroa ari dira izaten enpresa askotan, eta talentu berria azkar sartu eta prestatu behar dute”, nabarmendu du.
Torresen hitzetan, euskal lan merkatuaren sendotasunak —milioi bat afiliazio baino gehiago ditu Gizarte Segurantzan eta kontratazio mugagabearen tasa handia— ez du autokonplazentziara eraman behar. “Lan egin edo enplegua hobetu nahi duen pertsona bat dago zifra bakoitzaren atzean. Gure betebehar instituzionala da ikuspegi hori inoiz ez galtzea eta arduraz jokatzea”, adierazi du.
Testuinguru horretan, Lanbidek indartu egin du euskal enpresen bazkide estrategiko gisa duen zeregina, eta enpresa horiei zuzendu zaie. “Lanbidek ez du bitartekari hutsa izan nahi. Zuen zerbitzua izan nahi du, zuen aliatua giza baliabideen plangintzan, neurrirako prestakuntzan eta benetako beharrei erantzungo dieten ibilbideen diseinuan”, azaldu du.
Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 315.000 pertsona baino gehiago ditu gaur egun enplegu zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda, eta fabrikazio mekanikoaren arloko 200 prestakuntza espezialitate baino gehiago eskaintzen ditu, baita kontrataziorako eta belaunaldi erreleborako laguntza programak ere. Mikel Torresek azpimarratu duenez, “Euskal Enplegu Sarea egituratuko du, prestakuntza eta orientazioa ez ezik, enplegu politika aktiboetarako sarbide zuzen eta eraginkorra ere bermatuz. Nahi dugu da inor atzean ez geratzea”.
Erronka demografikoa
Lehendakariordeak erronka demografikoaren eraginaz ere ohartarazi du, biztanleria gero eta zaharragoa delako eta lan egiteko adinean dagoen biztanleria pixkanaka murrizten ari delako. “Emakumeen talentu gehiago aktibatu beharko dugu, gazteak hobeto integratu, etengabeko birkualifikazioaren aldeko apustua egin eta kanpoko talentuaren erakarpena adimenez kudeatu. Ez dago irtenbide bat bakarra, baina bai datuetan, aurrerapenean eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako estrategia argi bat”, azpimarratu du.
Azkenik, konfiantzazko mezua helarazi du Torresek Euskadiren gaitasunetan oinarrituta: “Oinarri industrial sendoa dugu, enpresa sare konprometitua eta giza kapital aparta. Piezak —enpresak, pertsonak eta politika publikoak— ondo lotzeko gai bagara, gure herrialdeko enpleguaren etorkizuna aukeren, gizarte kohesioaren eta lehiakortasun iraunkorraren etorkizuna izango da”.
Esku hartze horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du kalitatera, inklusiora eta garapen ekonomikora bideratutako enplegu politikaren aldeko konpromisoa, euskal lan merkatuaren orainaldirako eta etorkizunerako une erabakigarri betean.




