Haren ustez, kotizaziopeko langabezia prestazioen eta langabezia subsidioen transferentziarekin, “enplegu politiken zirkulua itxiko dugu, aktiboenak eta pasiboenak, hemendik aurrera ikuspegi, zerbitzu publiko eta estrategia beraren pean integratuko direnak”
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berdintasuna eta aniztasuna aldarrikatu ditu enpleguan “garapen ekonomikoaren eta sozialaren motor” gisa: “Irmoki uste dugu aniztasuna ez dela kudeatu beharreko salbuespena, txertatu beharreko aberastasuna baizik, talentuaren, berrikuntzaren eta gizarte kohesioaren iturria”. Eta haratago doa: “Baztertzen duen gizartea, pobretu egiten da, eta integratzen duenak aurrera egiten du”.
Gaur, asteazkena, Donostian egin den Enpleguaren VIII. Kongresuaren inaugurazio ekitaldian, Torresek azpimarratu duenez, “Euskadik aurrera egin ahal izango du, baldin eta talentu guztia aprobetxatzeko gai bagara”. Ikuspegi hori, hain zuzen ere, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ean jasotzen da. Estrategia hori duela gutxi eguneratu da, 2023an onartutako Enplegu Legearekin bat etortzeko.
Torresek gogorarazi duenez, “enplegu guztiak ez dira duintasunaren sinonimo. Lanaren kalitatea garrantzitsua da. Enplegua izateak eskubideak, egonkortasuna, gizarte babesa eta bizitza osoa ahalbidetzen duten baldintzak izatea ekarri behar du”. Horregatik, “premiazkotzat” jo du “eskubidedun enplegua indartzea, negoziazio kolektiboa bermatzea eta berrikuntza ustiapen bihur ez dadin ziurtatzea”.
Torres Lehendakariordeak iragarri du laster kotizaziopeko langabezia prestazioen eta langabezia subsidioen transferentzia formalizatuko zaiola Eusko Jaurlaritzari, enplegu politiken euskal sistema osatzeko. “Transferentzia horrekin, politika aktibo eta pasiboen zirkulua ixten dugu, hemendik aurrera ikuspegi, zerbitzu publiko eta estrategia beraren pean integratuko direnak”, adierazi du.
Mugarri horri esker, “beste urrats bat emango dugu euskal enplegu zerbitzu publiko moderno, inklusibo eta eraginkor bat eraikitzeko”, azaldu du Mikel Torresek. “Pertsona guztiei eta, bereziki, lan merkatuan sartzeko oztopo gehien aurkitzen dituztenei lekua emango dien zerbitzua: desgaitasuna duten pertsonak, adinekoenak, bigarren aukera baten bila dabiltzanak edo beste leku batzuetatik iristen direnak, beren etorkizuna hemen eraikitzeko itxaropenarekin”.
Transferentzia horrekin, Torres Lehendakariordeak nabarmendu duenez, “Lanbide babes sozialaren eta lan aktibazioaren arteko topagune hori izango da, segurtasunaren eta aukeraren artekoa”, eta balioan jarri du Enpleguaren aldeko Itun Soziala, 100 eragile ekonomiko, sozial, instituzional eta hirugarren sektorekoekin batera sustatua, “funtsezko tresna gisa, Euskadi oparoago, inklusiboago eta lan merkatu justu eta ekitatiboago baterantz aurrera egiteko, kalitatezko enplegu egonkor, inklusibo eta jasangarri baten bidez”.

Euskadik bizi duen testuinguru ekonomiko positiboa ere azpimarratu du Torresek: Gizarte Segurantzako afiliazio tasa maximo historikoetan dago, langabeziaren urte arteko jaitsiera, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko joera sendotzen duena, eta hazkunde ekonomiko iraunkorra Europako batez bestekoaren gainetik dagoena. Adierazi duenez, “gure produkzio sarearen indarra, gure enpresen egokitzeko gaitasuna eta euskal gizarteak garapen ekonomiko orekatuarekin duen konpromisoa islatzen dute adierazle horiek”.
Enpleguaren Kongresua: erreferentziazko foroa
Enplegu politikei buruzko hausnarketarako, jardunbide egokien trukerako eta estrategia publikoen kontrasterako erreferentzia foro gisa finkatu da Enpleguaren VIII. Kongresua. Interes handia piztu du aurtengo edizioak, eta 400 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, bai eta nazioan eta nazioartean ospe handia duten hogei bat hizlarik ere. Hizlariak esparru akademikokoak, instituzionalekoak, enpresa arlokoak eta hirugarren sektorekoak dira, eta enpleguan aniztasunak dituen erronkei eta aukerei buruzko ikuspegia eskainiko dute.
“Aniztasunaren onurak lehiakortasunerako” izenburupean, ponentzia nagusia Cecilie Wilhelmsen Solheimek eskaini du, Berrikuntza Ikasketetan katedradunak eta Stavanger Unibertsitateko (Norvegia) Berrikuntza eta Gizarteko errektoreordeak. Hitzaldi magistralak, eztabaida mahaiak eta aniztasunaren, berdintasunaren eta enpresa lehiakortasunaren arloko esperientzia berritzaileen aurkezpenak izango dira kongresuan.




