Mikel Torres: Hazkunde ekonomikoak, egonkortasunak eta Sailak sustatutako politika aktiboek Euskadin enplegua sortzea bultzatzen dute

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Lanbidek 33 milioi euro mobilizatu ditu kolektibo kalteberen enplegagarritasuna hobetzeko, langabezia % 5,7ra jaitsi den une honetan, eta Europako batez besteko baino bi hamarren baxuagoa da

Euskadik berretsi egin du bere ekonomia eta lan egoera ona, nazioarteko mehatxuak gorabehera. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) argitaratutako azken datuen arabera, langabezia tasa % 5,7ra jaitsita itxi du euskal lan merkatuak urteko bigarren hiruhilekoa, hau da, 13.200 pertsona gutxiago daude langabezian eta 18.900 landun gehiago daude aurreko hiruhilekoaren aldean.

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren iritziz, langabeziaren jaitsiera hori “hazkunde ekonomiko sendo eta iraunkorreko testuinguru batean gertatu da”. Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenak jasotzen duen bezala, Euskadiko Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 hazi da urte batetik bestera, eta enplegua, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, % 1,4 hazi da, hau da, 13.000 enplegu berri baino gehiago sortu dira, zerbitzuen sektorea izanik aurrerapen ekonomiko horren eragile nagusia.

Bilakaera positibo horri gehitu behar zaio EAEko langabezia tasa % 5,7koa dela, Europar Batasuneko (% 5,9) eta Espainiako (% 10,8) batez bestekoaren azpitik, eta Euskadi Estatuko eta Europako lan adierazle onenak dituen eskualdeetako bat dela.

Enpleguaren hazkunde hori “ez da soilik dinamismo ekonomikoaren emaitza”, uste du Mikel Torresek. Era berean, lotura estua du “estrategia publiko aktibo, egonkor eta denboran planifikatua denarekin, Eusko Jaurlaritza eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila buru direla, Lanbideren bitartez”.  

33 milioi enplegua sustatzeko

Ildo horretan, Torres Lehendakariordeak nabarmendu duenez, “Lanbidek 33,2 milioi euro mobilizatuko ditu enplegu politika aktiboetan 2025ean, arreta berezia jarrita laneratzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei: iraupen luzeko langabeak, gazteak, 50 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak”.

Hala onartu du Lanbideko Administrazio Kontseiluak. Adostutako neurrien artean, 19,1 milioi euro nabarmentzen dira tokiko erakundeetan eta inguruko enpresetan 2.000 kontratazio baino gehiago finantzatzeko, enplegua sustatzeko programen eta kontrataziorako laguntzen bidez. Laguntza horiek, bereziki, kolektibo behartsuei eta emakumeei daude zuzenduta, eta bi proiektu mota biltzen dituzte: bata, langabeen zuzeneko kontratazioan oinarritzen da, haien enplegagarritasuna hobetzeko, eta, bestea, tokiko enpresetan kontratazioa sustatzeko.

Lanbidek 8 milioi euro bideratuko ditu, halaber, gazteen enplegua sustatzeko, Lanbiden izena emanda dauden 30 urtetik beherako 155 gazte kontratatuz. Eta 5,5 milioi euro gehiago desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak enplegu zentro berezietan mantentzen direla bermatzeko, zenbatekoak LGSaren igoerara eta diruz lagun daitezkeen lanpostuen gehikuntzara egokituz.

Lanbideko kontseiluak, gainera, langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzak onartu ditu. Horretarako, 2,2 milioi euro bideratuko ditu, 198 pertsonaren kontratazioa finantzatzeko, eta 541.870 euroko dirulaguntzak hiru euskal unibertsitateei zuzenduta (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea), enplegu zentroak sendotzeko eta 1.400 gazte baino gehiagori laneratzen laguntzeko.

Lanbideko kontseiluak, halaber, langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzak onartu ditu. Horretarako, 2,2 milioi euro bideratuko ditu, 198 pertsonaren kontratazioa finantzatzeko, eta 541.870 euroko dirulaguntzak hiru euskal unibertsitateei zuzenduta, enplegu-zentroak sendotzeko (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) eta 1.400 gazte baino gehiagori laneratzen laguntzeko.

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak positibotzat jo ditu datu horiek guztiak: “Euskadik egonkortasun politiko eta sendotasun ekonomiko eta sozialeko garaia bizi du, nahiz eta esportazioak ari den oztopatzen nazioarteko ziurgabetasuna. Ekonomia hazten ari da, enpresek inbertitzen eta kontratatzen jarraitzen dute, eta erakundeetatik inor atzean ez uzteko konpromisoa indartzen dugu. Enpleguko inbertsio publikoa ez da soilik finantza baliabide bat, berdintasunerako, kohesiorako eta etorkizunerako tresna bat da”.

Era berean, azpimarratu du arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren garrantzia. “Aldagai ekonomikoen bilakaera positibo hori faktore konbinazio baten isla da: ingurune instituzional egonkorra, enpresa sarearen konfiantza, eta politika eraldatzaileen aldeko apustua egiten duen administrazioa. Gaur egun, herritarrentzat benetako aukerak sortzen dituen lurraldea da Euskadi”.

Hala, Euskadi posizio nabarmenean dago, Estatuko langabezia maila baxuenetako batekin, % 56ko jarduera tasarekin eta emakumeek, gazteek eta atzerritar jatorriko pertsonek enpleguan duten partehartze gero eta handiagoarekin. Enpleguaren bilakaera positiboa etxeetan ere islatzen da: hamar etxebizitzetatik seik pertsona aktibo guztiak dituzte lanean, eta kide guztiak langabezian dituzten etxebizitza unitateak % 24 murriztu dira hiru hilabetean bakarrik.

“Euskadi aurrera ari da egiten hazkunde inklusiboaren, kalitatezko enpleguaren eta gizarte kohesioaren bidean, eta pertsonak erdigunean jartzen dituzten politika planifikatu, errealista eta iraunkorrekin ari da egiten”, nabarmendu du Mikel Torresek.