MerkaLan 2025ek 1.300 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu eta lan-orientazioaren balioa jarriko du erdigunean

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Mikel Torres lehendakariordeak inauguratuko du Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokaren seigarren edizioa, azaroaren 12an, Gasteizko Europa Jauregian

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak MerkaLan – Enplegu eta Prestakuntza Azokaren seigarren edizioa antolatu du. Azaroaren 11tik 13ra formatu mistoan (aurrez aurrekoa eta online) egingo da aurten ere. "Orientatzea biharko talentua aktibatzea da" lelopean, azoka hori sendotu egin da enpresen, erakundeen eta herritarren arteko topagune estrategiko gisa, eta kalitatezko enplegua eta prestakuntza espezializatua sustatzeko helburua du. MerkaLan 2025ek lan-orientazioaren garrantzia azpimarratzen du, tresna giltzarri gisa, zertarako eta ziurgabetasuna ekintza bihurtzeko eta etorkizuneko erronkei egokitutako enplegua sortzeko.

Aurrez aurreko jardunaldia azaroaren 12an izango da, 9:45etik 18:00etara, Gasteizko Europa Jauregian, eta, azaroaren 11tik 13ra, parte hartu ahal izango da online modalitatean plataforma birtualaren bidez. Hori eskuragarri dago jada interesdunek erregistratzeko eta euren curriculumak igotzeko. Hautagaitzak azoka birtualeko egunetan (azaroak 11-13) bidali ahal izango dituzte.

MerkaLan 2025eko inaugurazio-ekitaldia azaroaren 12an izango da, 9:15ean, Europa Jauregiko auditorioan. Eva Domaika kazetariak (Cadena SER Vitoria) aurkeztuko du ekitaldia, non honako instituzio-ordezkari hauek parte hartuko duten: Mikel Torres (Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua), Maider Etxebarria (Gasteizko alkatea), Felipe García Miravalles (Arabako Foru Aldundiko Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko zuzendaria) eta Francisco Pedraza, Lanbideko zuzendari nagusia.

Gonbidatutako hizlaria Màrius Martínez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) lanbide-orientazioko irakaslea, izango da, eta lan-orientazioaren balio estrategikoari buruzko esparru-hitzaldia eskainiko du, etengabe aldatzen ari den lan-merkatuaren testuinguruan.

Orientatzeko, trebatzeko eta talentua konektatzeko jarduerak

Aurrez aurreko jardunaldian, parte-hartzaileek enpresekin eta prestakuntza-zentroekin harreman zuzena izan ahalko dute, eta, gainera, jarduera eta tailer praktiko ugari izango dira, zer eta enplegagarritasuna hobetzeko eta lan bila dabiltzanei zein talentua bilatzen duten enpresei laguntzeko.

Proposamen aipagarrienen artean hauek egongo dira: lana bilatzeko adimen artifizialaren erabilerari buruzko hitzaldia, Ikigai topatzeko tailerra (lan-esparruan), eta Coaching-a lan-orientazioan aplikatzeko saioa, besteak beste. Halaber, escape room dinamikak ere egingo dira, non parte-hartzaileek lan-egoera simulatuen bidez euren gaitasun profesionalak ezagutuko dituzten. Gainera, Lanbideko orientatzaile profesionalak bertan izango dira, lan-elkarrizketak prestatzeko eta curriculum-a diseinatzeko aholkuak emate aldera. Horrez gain, parte-hartzaileek CVrako argazki profesionala egiteko parada ere izango dute.

Era berean, enpresa eta erakundeen standek garrantzi handia izango dute: bertan parte-hartzaileek CVa entregatu, lan-eskaintzak ezagutu eta elkarrizketa pertsonalak hitzartu ahal izango dituzte. MerkaLanen edizio honetan, Euskadi osoko 149 enpresa eta erakundek parte hartuko dute (95 aurrez aurreko jardunaldian, eta guztiak online), eta, guztira, hainbat lanbidetako 608 lan-eskaintza jarriko dituzte herritarren eskura, hau da, 1.320 lanpostu, batez ere, EAEko hiru lurraldeetan banatuta.

Eskainitako lanbideen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Sektorea: Industria/Metala/Mantentzea

  • Lanbideen adibidea: operadoreak, teknikariak, soldatzaileak, mekanikariak
  • Lan-eskaintzak guztira: 250
  • Guztizkoaren % 38

Sektorea: Administrazioa eta kudeaketa

  • Lanbideen adibidea: Teknikari administrariak, kudeatzaileak, kontabilitatekoak
  • Lan-eskaintzak guztira: 90
  • Guztizkoaren % 14

Sektorea: Merkataritza/Salmentak/Marketina

  • Lanbideen adibidea: Saltzaileak, agenteak, komertzialak
  • Lan-eskaintzak guztira: 70
  • Guztizkoaren % 11

Horrez gain, azokak 4.337 plaza eskainiko ditu 240 prestakuntza-programa edo ikastarotan, eta horrek sendotzen du Lanbideren prestakuntza jarraituaren eta lan-orientazioaren aldeko konpromisoa, zeren eta kalitatezko enpleguaren oinarriak baitira.

Beraz, MerkaLanek dakartzan jarduera-programa zabala, enplegu-aukerak eta prestakuntza-eskaintza ikusita, Lanbideren azoka enpleguarekin ezinbesteko hitzordua bihurtuko da aurten ere, bai lana bilatu edo lan-egoera hobetu nahi dutenentzat, bai talentua kontratatu nahi duten enpresentzat.

MERKALAN 2025, ZENBAKITAN

Enpresa, erakunde eta prestakuntza-zentro parte-hartzaileak, guztira: 149

  • Enpresak: 125
  • Erakundeak: 8
  • Prestakuntza-zentroak: 16
  • Stand kopurua (aurrez aurre): 95
  • Stand kopurua (birtualean soilik): 54

Lan-eskaintzak, guztira: 608

  • Arabako Lan-eskaintzak: 192
  • Bizkaiko Lan-eskaintzak: 259
  • Gipuzkoako Lan-eskaintzak: 135
  • Beste lurralde batzuetako lan-eskaintzak: 22

Lanpostuak, guztira: 1.320

Lanbide ezberdinen kopurua: 236

Prestakuntza-programak / ikastaroak: 240

Ikastaroetan eskainitako plazak: 4.337