MerkaLanek 12.000 parte-hartze baino gehiago izan ditu, eta errekorreko ekitaldia itxi du LANALDIren baitan

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokak 4.000 pertsona baino gehiago bildu zituen BECen, eta 8.000 erabiltzaile baino gehiago erregistratu zituen azoka birtualean.

MerkaLan 2026
Ikusi MerkaLan 2026ko argazki-galeria

MerkaLan 2026k ateak itxi ditu, Euskadin enpleguaren eta prestakuntzaren arloko erreferentziazko topagunea dela berretsita enplegua edo prestakuntza bila dabiltzanen eta enpresen, prestakuntza-zentroen zein erakundeen artean. Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokak publikoaren erantzun aparta jaso du: 4.000 lagun inguru bertaratu ziren azaroaren 18an BECen egindako aurrez aurreko azokara, eta 8.000 erabiltzaile baino gehiago erregistratu dira azoka birtualean. Datu horiek berretsi egiten dute lan-aukeretara zuzenean iristeko gune honen interesa eta erabilgarritasuna.

MerkaLanen, milaka pertsonak enplegu-eskaintzak, hautaketa-prozesuak, prestakuntzari buruzko informazioa eta lan-orientazioko zerbitzuak eskuratu ahal izan dituzte. Horrez gain, zuzenean harremanetan jarri dira beren erakundeetan talentua erakarri nahi duten hainbat sektoretako enpresekin.

Kudeatutako 1.689 lan-aukera eta 1.366 prestakuntza-eskaintza izateak berriz ere MerkaLan erreferente bihurtu du enplegua bilatzen duten edo beren garapen profesionala bultzatu nahi duten pertsonentzat.

Jarduera bizia aurrez aurreko azokan

Ekitaldia Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak inauguratu zuten. Biek azpimarratu zuten herritarrak enplegu-aukeretara gerturatzearen garrantzia, baita enpresen beharrak eta Euskadin dagoen talentua harremanetan jartzeko espazioak sortzearena ere.

Aurrez aurreko azokan, bisitarien joan-etorria etengabea izan zen, eta standetako jarduera bizia azokaren azken minutuetara arte mantendu zen.

Lanbideren arreta-guneak eta orientazio-puntuek etenik gabeko jarduera izan zuten, lan-bitartekaritzari, orientazioari, prestakuntzari, laguntzei eta enplegagarritasuna hobetzeko baliabideei buruzko kontsultak artatuz.

Azokako jardueren programak ere harrera bikaina izan zuen. “Aurkitu zure bidea” Txokoan, adimen artifizialak enplegagarritasuna hobetzeko, hautagaitzak indartzeko eta hautaketa-prozesuei berme handiagoz aurre egiteko eskaintzen dituen aukerei buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak egin ziren. Euskadiko nahiz kanpoko profesional eta aditu erreferenteek gidatutako saioek aretoak bete zituzten, eta interes handia piztu zuten bertaratutakoen artean.

“Aktibatu zure etorkizuna” Txokoan ere etengabeko jarduera izan zen egun osoan zehar. Lan-elkarrizketak simulatzeko errealitate birtualeko esperientziek, norberaren gaitasunak eta indargune profesionalak identifikatzeko tresnek, bideo-curriculuma sortzeko guneek, lan-elkarrizketen simulagailuek eta enplegu-bilaketa hobetzeko diseinatutako escape room-ak parte-hartzaile ugari erakarri zituzten.

Horri gehitu behar zaio azokako beste zerbitzu batzuek izandako harrera bikaina ere, hala nola curriculumerako argazki profesionalaren zerbitzuak, ekitaldi osoan zehar eskari handia izan baitzuen.

Enpleguaren topagune nagusia

Edizio hau, gainera, LANALDIren aurkezpenak markatu du. Proposamen berri horrek enpleguaren arloko bi hitzordu nagusiak batu ditu espazio berean: MerkaLan eta Enpleguaren IX. Kongresua.

MerkaLanek enpresak, prestakuntza-zentroak, erakundeak eta enplegua bilatzen duten pertsonak elkartu dituen bitartean, Enpleguaren Kongresuak erakundeetako ordezkariak, enpresak, gizarte-eragileak, profesionalak eta adituak bildu ditu, adimen artifizialaren garaian lan-merkatuak dituen erronka nagusietako batzuk aztertzeko.

Saioetan zehar gai estrategikoak jorratu dira, besteak beste, eraldaketa teknologikoa, adimen artifizialaren eragina, produktibitatea, talentuaren eskuragarritasuna, prestakuntza eta birkualifikazio profesionala, lan-inklusioa eta erronka demografikoak. Horrela, Kongresua ezagutzaren trukerako eta lanaren etorkizunari buruzko hausnarketarako erreferentziazko gune gisa sendotu da.

LANALDI 2026 · Enpleguaren IX. Kongresua

Ikusi berriro Enpleguaren Kongresua

Kongresuaren grabazioa ikusi: YouTube

MerkaLanen zein Enpleguaren Kongresuan izandako parte-hartze handiak LANALDIren harrera ona berresten du, eta indartu egiten du benetako lan-aukerak sortzea eta Euskadiko enpleguaren erronka eta aukerei buruzko hausnarketa partekatua uztartzen dituzten espazioen aldeko apustua.

Parte-hartze handiko eta jarduera biziko edizioa amaitu da, enpresen, erakundeen eta herritarren inplikazio nabarmenarekin. MerkaLan 2026 amaitu da, baina dagoeneko hasi da MerkaLan 2027rako atzera kontaketa.