Lanbidek 2027ra arte gauzatuko diren lehen Toki Enplegu eta Garapeneko Planak jarri ditu abian

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Lanbideko Administrazio Kontseiluak 96,6 milioi euro onartu ditu tokiko enplegua sustatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa bultzatzeko enplegu-zentro berezietan

Lanbideko Administrazio Kontseiluak, azaroaren 23an egindako bileran, 96.559.428 euroko laguntzak onartu ditu Euskadiko zazpi udalerritan garatuko diren Toki Enplegu eta Garapeneko Planetan aurreikusitako ekintzak eta zerbitzuak finantzatzeko, bai eta enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak sustatu eta mantentzeko ere.

Toki Enplegu eta Garapeneko Planetan jasotako enplegua sustatzeko ekintzak, programa osagarriak eta Euskal Enplegu Sarearen zerbitzuak modu koordinatuan gauzatzeko, Lanbidek lankidetza-hitzarmenak onartu ditu Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Barakaldo, Sestao, Eibar eta Amurrioko udalekin eta Arabako Lautadako Kuadrillarekin. 14.559.428 euroko zuzkidurak 2026-2027 aldirako Toki Enplegu eta Garapeneko Planetan aurreikusitako ekintzak eta zerbitzuak finantzatuko ditu. Hurrengo egunetan, Lanbidek beste lau Toki Enplegu eta Garapeneko Plan onartuko ditu: Donostia, Durango, Irun/Hondarribia eta Oarsoaldekoa.

Mugarri horrekin abian jarriko da Enpleguaren Euskal Lege berriaren funtsezko elementuetako bat sendotzeko lehen plan pilotua: enplegu-politikak tokiko errealitatera hurbiltzea, udalerri edo eskualde mailako planak beharren diagnostikoetan eta helburu partekatuetan oinarrituta diseinatzea, eta euskal enplegu sisteman bikoiztasunak saihestea, pertsonen enplegagarritasunari eta enpresen lehiakortasunari balio txikia ematen dieten ekimen errepikakorrak baztertuta.

“Euskadiko enplegu-politika publikoak garatzeaz gain, Euskal Enplegu Sarearen koordinazioa eta kohesioa bermatzen ditu Lanbidek. Hori dela eta, jarduketak modu koordinatuan eta osagarrian garatzea sustatzen dugu, emaitzetara orientatutako ikuspegiarekin. Esparru horretan, Toki Enplegu eta Garapeneko Planak bultzatu eta babesten ditugu, tokiko erakundeei laguntza teknikoa ematen diegu, eta enplegu-politika aktiboen esparruan egiten diren jarduketak finantzatzen laguntzen dugu”, adierazi du Francisco Pedrazak, Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.

Onartutako planak lurralde-eremuko plangintza- eta gauzatze-tresnak dira, tokiko eremuko jarduera ekonomiko eta soziala sustatzera eta, hala badagokio, eraldatzera bideratutakoak. Euren helburua hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzea da, Enpleguaren Euskal Estrategiarekin eta Euskadiko 2025-2027 Hirurteko Enplegu Planarekin bat etorriz.

Desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzak

Desgaitasuna duten pertsonen enplegurako aukera-berdintasuna bermatzeko helburuarekin, Lanbidek 82.000.000 euroko dirulaguntzak onartu ditu Euskadiko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen 2027ko ekitaldi osoko soldata-kostuak finantzatzeko.

Laguntza horiek eskatzeko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, Euskadiko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren (leiho berri batean irekitzen da) bidez, eta 2026ko abenduaren 18an amaituko da. Sarbide-esteka bat argitaratuko da Lanbideren webgunean.