1.700 lanpostu baino gehiago MerkaLanen

Argitalpen-data: 

Lanbide.

6.500 pertsonak eman dute izena bertaratzeko, eta 6.000 lagunek parte hartu dute jada Azoka Birtualean

MerkaLan 2026k gaur irekiko ditu ateak Bilbao Exhibition Centerren, nahiz eta atzotik (eta bihar arte) abian den azoka bere formatu birtualean.


MerkaLan azokaren gaurko irudi bat, BECen.

MerkaLan 2026k gaur irekiko ditu ateak Bilbao Exhibition Centerren, nahiz eta atzotik (eta bihar arte) abian den azoka bere formatu birtualean. Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokaren zazpigarren edizioak 165 enpresa-stand, enpresa-elkarte, prestakuntza-zentro eta erakunde ditu, eta, guztira, 1.700 lanpostu baino gehiago eskaintzen dituzte, bai eta 1.366 prestakuntza-ekintza ere. Enpleguen erdia baino gehiago ( % 55,8) zerbitzuen, merkataritzaren eta pertsonen arretaren alorrekoak dira, % 37,4 teknologiaren, industriaren eta berrikuntzaren sektorekoak, eta % 6,8 logistikaren, garraioaren eta beste batzuen alorrekoak.

Enpresek bilatzen dituzten profilek prestakuntza-maila desberdinak eskatzen dituzte. Eskainitako lanpostuen % 66,1ek ez du prestakuntza espezifikorik behar; % 14,6k Lanbide Heziketa eskatzen du ( % 8,2k Erdi Maila eta % 6,4k Goi Maila), % 11,7k unibertsitate-ikasketak (gradua, diplomatura, lizentziatura, masterra edo doktoregoa), eta gainerako % 7,6k beste prestakuntza-maila batzuk eskatzen ditu, batez ere DBH, Batxilergoa edo prestakuntzako eta laneratzeko programak.

Enplegu gehienak Bizkaian daude ( % 64,8), % 17, 8 Gipuzkoan eta % 13,2 Araban; gainerako % 4,2a beste probintzia batzuetan dago. Dagoeneko Azoka birtuala bisitatu dutenen artean, erdia inguru langabezian daude; gainerakoek lan egiten dute, ikasten dute edo ikasketak eta lana uztartzen dituzte.

IA enpleguaren topaketa handian


MerkaLan, Enpleguari buruzko IX. Kongresuarekin batera, Euskadiko enpleguari buruzko topaketa handiaren parte da. Topaketa handi honen ardatz nagusia adimen artifiziala eta horrek enpleguan duen eragina dira. Enpleguari buruzko Biltzarrak eta MerkaLanek teknologia horrek okupazioetan, gaitasun profesionaletan eta lanaren antolaketan eragiten dituen eraldaketak aztertuko dituzte.

Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokan, IAren aplikazio praktikoak zeregin nabarmena izango du programazioan. Herritarrentzako txokoan hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, IA enplegagarritasuna hobetzeko, hautagaitzak optimizatzeko eta hautaketa-prozesuei berme handiagoz aurre egiteko nola erabili azaltzeko. Hori guztia Euskadiko eta hemendik kanpoko erreferentziazko profesional eta adituen eskutik.

Txoko ludikoan, gainera, Lanbideko talde batek teknologia erabiliko du lan-orientazioko hainbat gunetan: errealitate birtuala lan-elkarrizketa bat simulatzen, enplegua bilatzeko tresna interaktiboak (autoebaluazio profesionala zure indarguneak ezagutzeko, bideo curriculuma bereizteko eta elkarrizketen simulatzailea konfiantza irabazteko) eta lan-bilaketa hobetzeko ihesbidea. Gainera, Lanbidek lan-orientazioko puntuak jarri ditu erregistratzen diren pertsonentzat. Jarduera-programari buruzko informazio guztia www.euskadi.net webgunean dago: MerkaLan.eus.

Enpresen bilera exekutiboa

MerkaLanek enpresentzako Topaketa exekutibo bat ere hartu du, atzerriko pertsonak erregularizatzeko ezohiko prozesuaren ondoren enpresentzako aukera berriei buruz hitz egiteko.

Aurkezpenak Integraziorako eta Kultura arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak (Biltzen) eta Lanbideko Enpresa eta Ekintzailetza Zuzendaritzak egingo dituzte. Zerbitzu horrek, besteak beste, honako gai hauek jorratuko ditu: kontratazioari eta lan-baimenei buruzko guztia, gai praktikoetan eta gomendioetan oinarrituta; Lanbideko Enpresa eta Ekintzailetza Zuzendaritzak enpresei eskaintzen dizkien laguntza-zerbitzuak eta -tresnak, bitartekaritzarako eta kontrataziorako eskura jartzen dituen baliabideak eta laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak.