Lanbide eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren kudeaketa-aginduari azken ukituak ematen ari dira

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Euskal Enplegu Zerbitzua gaituta dago bai bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko informazioa emateko, bai eskabideak eta dokumentazioak erregistratzeko
  • Baliteke akordioa testu batean adostea asteon bertan, baina, behin betiko onesteko, zerbitzu juridikoetatik igaro behar da
  • "Prozesu hori luzatu egiten bada, Lanbideren bidez eskabidea aurkeztu duen inoren eskubiderik ez da murriztuko", esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak
  • Lanbideren bulegoek, ekainaren 12an, dokumentu bat jaso zuten, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskabideen sarrera erregistratzeko barne-prozedura ezartzen duena

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego-sarea gaituta dago, bai bizitzeko gutxieneko diru-sarrerei buruzko informazioa emateko, bai horretarako aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa erregistratzeko. Lehen astean (pasa den astea), bulegoek mota horretako 78 eskabide erregistratu zituzten, guztira. Gainera, Lanbide eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, gaur egun, Euskal Enplegu Zerbitzua sortu berri den laguntza hori kudeatzeko gaitzen duen kudeaketa-aginduari azken ukituak ematen ari dira.

Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Espainiako Gobernuak adostutako akordioak urriaren 31 ezartzen du laguntza horren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko azken egun gisa, eta, gaur egun, Euskadiko eta Espainiako gobernuak kudeaketa-agindu horren inguruan ari dira lanean. Kudeaketa-aginduak Lanbide gaituko du izapide egoki guztiak egiteko, harik eta eskumena eskualdatu arte. Kudeaketa-agindu horren bidez, herritarrentzako zerbitzua erraztuko da, betiere Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Gobernuek akordio politikoa adostu zenetik daramate agindu horretan lanean. Dagoeneko, zenbait bilera egin dira, eta haiek testuak trukatzea ekarri dute. Izan dituzten hurbilketak aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak espero du aste honetan bertan kudeaketa-agindu hori arautuko duen testua adostea. Testua adostu ondoren, bi gobernuen zerbitzu juridikoen oniritzia izan beharko du; beraz, barne-izapidearekin hasiko dira.

Kudeaketa-agindu hori egon aurretiko etapa honetan, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak azaldu du elkarlana dagoela bi administrazioen artean, “bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskatzaile izan daitezkeenek bi leihatilatara joan behar ez izateko”.

“Prozesu hori luzatu egiten bada, Lanbideren bidez eskabidea aurkeztu duen inoren eskubiderik ez da murriztuko”. Administrazioen arteko lankidetzarako ohiko prozeduraren bidez izapidetuko dugu, eta eskabide horiek aurrera jarraituko dute”, esan du Belandiak. “Ez daude geldi, inolaz ere".

Lanbideko zuzendariak espedienteak gelditu izanari eta horrek hartzaileengan izan duen ondorioari buruzko informazio batzuk argitu nahi izan ditu. “Hori ez dator errealitatearekin bat, inolaz ere. Lanbiden eskakizunak betetzen dituzten eta laguntza behar bezala eskatu duten pertsona guztiek erantzun bat dutela bermatzen dugu”.

Une honetan, bai Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak bai Lanbidek jarraitzen dute Euskadin dauden bizitzeko gutxieneko diru-sarreren eskabideak izapidetzen. Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera arautzen duen Errege Dekretuak ezartzen du jasotzen diren eskabide guztiak hiru hileko epean izapidetu behar direla. Modu berean, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean iristen diren eskabide guztiak atzeraeraginez izapidetu ahalko direla, baldin eta horretarako eskubidea badute, ekainaren 1era arte. Horrela, Lanbide legea betetzen ari da.

Jarraibideak Lanbideren bulegoetarako

Lanbideren bulegoek, pasa den ostiralean, ekainaren 12an, dokumentu bat jaso zuten, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskabideen sarrera erregistratzeko Lanbideko langileek bete behar duten barne-prozedura ezartzen duena.

Dokumentu horretan, Euskal Enplegu Zerbitzuak honako hau ezartzen du: diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaile izan ez baina bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatzen dutenek bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskabidea bete behar dute, eta Lanbideko langileek eskabidearen eta interesdunak aurkeztutako dokumentazioaren sarrera-erregistroa egin behar du; horretarako, beharrezkoa izanez gero, kopiak egingo dituzte bulegoan bertan. Eskabide horrek beteta eta sinatuta egon behar du; langileek ziurtatu behar dute baimena onartuta dagoela, eskabidea izapidetzen duen administrazioak datuak batu ahal izateko, eta, halaber, aurkezten den eskabidea eskatutakoa dela ziurtatu beharko dute.