INVESTIGO PROGRAMAri buruzko ohiko galderak
Laguntzen deialdi bat da. Deialdi horren bidez, laguntzak emango dira gutxienez 16 urte eta gehienez 30 dituzten gazteak kontratatzeagatik, baina gazte horiek ezinbestean egon beharko dute langabezian eta Lanbiden alta emanda enplegu-eskatzaile moduan. Honako hauek jaso ditzakete laguntzak: ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako erakundeak, unibertsitate publikoak, zentro teknologikoak, parke zientifiko eta teknologikoak, zuzenbide pribatuari lotutako entitate publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak eta ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten sektore publikoko eta pribatuko enpresak.
Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen erakunde onuradunak izan daitezke, aldez aurretik eskaera egiten badute eta egoitza fiskala eta soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako organismo, zentro eta entitate hauek:
a) Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak 47. artikuluan jasotzen dituen ikerketarako organismo publikoak.
b) Unibertsitate publikoak, unibertsitate-institutuak eta I+G+B arloan gaitasuna eta jarduera frogatua duten unibertsitate pribatuak, Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan ezarritakoa betez, baldin eta inskribatuta badaude 1509/2008 Errege Dekretuak sortu duen Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan (1509/2008 Errege Dekretua, irailaren 12koa, Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroa arautzen duena).
c) Osasunaren arloko zentro eta erakunde publikoak eta pribatuak, irabazi-asmorik gabekoak, Osasun Sistema Nazionalari lotuta edo harekin itunduta daudenak eta I+G+Bko jarduerak garatzen dituztenak.
d) Ikerketa biomediko edo sanitarioko institutuak, ministro-agindu bidez egiaztatuta daudenak.
e) Zentro teknologikoak eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko zentroak, 2093/2008 Errege Dekretuak sortutako zentroen erregistroan inskribatuta badaude (2093/2008 Errege Dekretua,
abenduaren 19koa, zentro teknologikoak eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko zentroak arautzen dituena eta zentro horien erregistroa sortzen duena).
f) I+G+Bko beste zentro publiko batzuk, berezko nortasun juridikoa dutenak eta estatutuetan, helburu sozialean edo araudian I+G+B dutenak jarduera nagusi moduan.
g) I+G+Bko zentro pribatuak, irabazi-asmorik gabekoak, berezko nortasun juridikoa dutenak eta estatutuetan, helburu sozialean edo araudian I+G+B dutenak jarduera nagusi moduan.
h) Sektore publikoko edo pribatuko enpresak, deialdi honetan jasotako ikerketa- eta berrikuntza-ekimenetan inbertitzen ari direnak.
i) Halaber, entitate eta zentro onuradunak izan daitezke, ekainaren 1eko 14/2011 Legeak hamalaugarren xedapen gehigarrian jasotzen dituen I+Gko zentroak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-ikerketarako zentro publikoak, autonomia-erkidegoetako nekazaritzako elikagaien ikerketaz arduratzen diren sailetan integratuta daudenak eta INIA-CCAA Nekazaritza Ikerketarako Koordinazio Batzordean parte hartzen dutenak. Horietakoren batek berezko nortasun juridikorik ez badu, haren administrazio publikoa agertuko da onuradun moduan.
Hauek dira urrats nagusiak; ordena honetan:
1. Eskabidea eta kontratazio-plana aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa). Eskabideak aurkezteko epea 2022ko otsailaren 1etik 2023ko urriaren 30era bitartekoa da, edo, hala badagokio, aurrekontua agortu artekoa. Lanbideren webgunean dago egoitza elektronikora sartzeko esteka.
2. Laguntza emateko ebazpena jaso ondoren, Lanbideri edo zentro laguntzaileei eskatu behar zaie eman zaizkien lanpostuen eskaintza kudeatzeko.
3. Azkenik, eman zaizkion hautagai guztien artean, bere hautaketa-irizpideei hobekien erantzuten dieten hautagaiak kontratatuko ditu, ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean.
- Programa honen babespean, dirulaguntza jaso ahal izango da gazteak kontratatzeagatik indarreko legeriarekin bat etorriz ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratu-modalitatean.
- Kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da gutxienez. Dirulaguntzaren iraupena bi urtekoa izango da gehienez.
- Kontratatutako pertsonek «Investigo» programaren barruan entitate eta zentro onuradunen eskumenekoak diren eginkizunak, zereginak eta ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatu beharko dituzte.
- Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.
- Erakunde onuradunak kontratuak hasi izanaren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, azken kontratua hasi eta 15 egun balioduneko epearen barruan, eta kontratatu dituen pertsonen kopurua adieraziko du.
- Ezin izango dira kontratatu entitate, enpresa edo enpresa-talde berean aurreko 6 hilabeteetan edozein motatako ikerketa-lanpostuak bete dituzten gazteak.
«Investigo» programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira kontratatzeko emango diren dirulaguntzak, Gizarte Segurantzari kontzeptu guztiengatik egiten zaizkion kotizazio-gastuak barne. Laguntzen zenbatekoak honako modulu hauei dagozkie, kontratu bakoitzaren Gizarte Segurantzako kotizazio-taldearen arabera:
MODULUAK | HILEKO ZENBATEKOA |
---|---|
A MODULUA: Gizarte Segurantzako 9. kotizazio-taldetik 5.era (biak barne) | 1.867,16 € hilean / 22.405,94 €/urtean |
B MODULUA: Gizarte Segurantzako 4. kotizazio-taldetik 1.era (biak barne) | 2.759,07 € hilean / 33.108,92 €/urtean |
Gure webean ikus daitezke lurralde historikoko Lanbideren bulegoak eta zentro kolaboratzaileak.
Ez litzateke galduko honako kasu hauetan: probaldia gainditzen ez bada, kontratatutakoak lana borondatez uzten badu, bidezkotzat jotako kaleratzea gertatzen bada edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza gertatzen bada. Horrelakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da. Halakorik gertatuz gero, 7 eguneko epean jakinarazi beharko da, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan lan egindako denboraren arabera doitu ahal izateko.
Kontratua eteteko arrazoia besteren bat baldin bada, enpresak jasotako zenbatekoa eta egoki diren interesak itzuli beharko ditu.
Laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, argi identifikatuta geratu beharko da gastuen trazabilitatea, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezin izango da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira Europar Batasunaren funtsekin finantzatutako beste laguntza batzuekin, gastu berberak finantzatzeko badira.
6 hilabeteko epe hori aurreko kontratua amaitu eta kontratu berria hasi arteko gutxieneko epe gisa ulertu behar da (adibidez, kontratu berriaren lehen eguna 2022ko uztailaren 1a bada, erakunde, enpresa edo enpresa-talde bereko ikerketa-postu bateko aurreko kontratuaren azken eguna 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan behar da).
«Investigo Programa» finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioaren TES/1267/2021 Aginduak 10. artikuluan ezartzen duenez, erakunde bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du egin beharreko kontratazio guztietarako.Horixe jaso da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren 7.3 artikuluan (Ebazpen horren bidez, «Ikerketa Programa» finantzatzeko laguntzen deialdia argitaratu zen) eta horrek esan nahi du programa honen babesean egin nahi den kontratazio-plana eskabide bakar batean aurkeztuko dela eta ebazpen bakar batean ebatziko dela.
Eskaeretan adierazitakoez bestelako kontratu motak egiteko aukera emango da, indarrean dagoen legeria eta “Investigo” Programaren deialdian eskatutako baldintzak bete ahal izateko, eta horretarako Lanbideri aldez aurretik jakinarazi beharko zaio azkenean egingo diren kontratu-motak. Jakinarazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-tik egin beharko da, – Dokumentuak erantsi – atalaren bidez.
Nolanahi ere, kontratu-mota aldaketa bakoitza, dagokion ebazpenaren bidez emandako kontratu bakoitzaren modulua eta iraupena errespetatuz aldatuko da.
Eskabideen ebazpenak egingo dira, aurretik uko egin ezean, azkenean egin beharreko kontratu moten jakinarazpenaren zain egon gabe. Eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kontratuen kopurua, kontratuen hilabete kopurua eta kontratu bakoitzari aplikatu beharreko moduluak, aurkeztutako eskabideetan proposatutakoaren arabera.
Justifikazioaren unean edo aurreko une batean kontratuak egin ez direla edo diruz lagundu ezin direla egiaztatzen bada, hala badagokio, dagokion itzulketa-espedientea ireki ahal izango da, deialdiaren 18. artikuluan jasotako baldintzak jarraituz.
Informazio-ohar hau SEPEren webgunean argitaratu da, eta, bertan, 2022ko martxoaren 30az geroztik indarrean dagoen 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lan-kontratazioaren erreformaren arabera kontratu-motetan egin diren aldaketen berri eman daiteke.
Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: aurkeztutako proiektuan kontratatzeko jasotzen den pertsonen kopuruari buruzko aurreikuspenak, pertsona bakoitza zenbat urtetarako (edo hilabetetarako) kontratatuko den eta Gizarte Segurantzako kotizazio-taldearen arabera aplikatu behar den modulua.
Kontratua amaitzean dirulaguntza justifikatzen dutenean, gastua ordaindutako modulua baino txikiagoa baldin bada, diferentziagatiko itzulketa-prozedura hasiko da, dirulaguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak gehituta. Interes horiek itzulketa-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ezarriko dira.
Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita.
Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Atzeratzeko baimen hori Lanbideri eskatu beharko zaio, kontratuak hasteko 2 hilabeteko epearen barruan.
Lanbideren webgunean, deialdiaren fitxan.