Informazio korporatiboa
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta Eusko Jaurlaritzako Lana eta Enpleguari adskribatuta dago.
Hasiera batean, zuzenbide pribatuko ente publiko gira eratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren bitartez.
Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak jasotzen duen Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak.
Geroago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomo gisa sortzeari ekin zaio, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7.3 artikuluan ezarritakoa betez.
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzen duen azaroaren 24ko 4/2011 Legeak aldaketa bat dakar kudeaketa-eredura: Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eskumenak eskuratuko ditu zuzenbidezko prestazio ekonomikoak, hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria, tramitatzeko eta ebazteko; eskumenak, baita ere, gizarteratze-hitzarmenak egiteko, proposatzeko, negoziatzeko, harpidetzeko eta horien jarraipena egiteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helburua da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunbideak irizpide zehatz batzuk beteko ditu, hala nola gardentasuna, aukera-berdintasuna eta bere ekintzetan inor ez diskriminatzea; beste politika publikoekin koherentzia eta arrazionalizazioa bilatuko ditu beti, eta bere funtzionamenduan efikazia eta eraginkortasuna etengabe lortzen saiatuko da; tokian tokiko errealitatera egokituko da; bere zerbitzuetan kalitatea eta arreta pertsonalizatua eskainiko ditu; bere funtzio publikoak doakoak izango dira, eta etengabeko elkarrizketa izango du gizarte-eragileekin.
Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea bere zerbitzuen erabiltzaileak artatzeko sistema modernizatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea da.
- Enplegu-programak eta enplegurako prestakuntza-programak kudeatzea, bai eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzekoak ere, eta, halaber, espiritu eta jarduera ekintzaileak eta enpresetarako zerbitzuak sustatzea helburu duten programak.
- Lan-bitartekotza kudeatzea eta enpleguaren eskatzaileen erregistroa eramatea, eta lan-kontratuen, euren luzapenen, bukaeren eta eginkizun lotuen komunikazioa jasotzea.
- Orientazio profesionalerako zerbitzu pertsonalizatua ematea.
- Enplegua sortzen duten tokiko ekimenei laguntzeko programak diseinatzea, enplegurako tokiko itunen garapena bultzatuz tokiko erakundeekin lankidetzan.
- Europar Batasunaren Eures Sareari (Europako Enplegu Zerbitzuak) dagozkion eginkizunak betearaztea.
- Lan-merkatuaren beharrizanen, okupazio-profilen eboluzioaren, lanbide-eskakizunen eta lan-orientazioaren prospekzio eta informazio arloan betearazteko eginkizun guztiak betetzea.
- Ekonomia sozialeko programak ezartzea enplegu egonkorra sortzeko.
- Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten enplegu-agentziei buruzko gainerako eskumenak baimentzea eta betearaztea.
LEHENDAKARIA
Idoia Mendia Cueva andrea. Erakundearen ordezkaria da.
Funtzioak:
- Administrazio Kontseiluaren bilkurak —ohikoak eta bereziak— iragartzea eta bertan mahaiburu izatea; bertako eztabaidak zuzentzea, gai jakinei buruz informatzeko beste pertsona batzuk bertara daitezen baimentzea eta, oro har, bilerak egoki garatzeko behar diren ahalmenak baliatzea.
- Aktak eta erabakien egiaztagiriak ontzat ematea.
- Administrazio Kontseiluaren lehendakaria den aldetik dagozkion bestelako eginkizun guztiak betetzea.
- Erakundearen eginkizunen arabera adosten diren lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, erakundearen izenean.
- Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako eginkizunak.
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organo gorena da, hamabost kide ditu, eta hiru aldekoa, paritarioa eta erabakigarria da.
- Presidentea: Lana eta Enpleguko sailburua
- Presidenteordea: Enpleguko sailburuordea
- Idazkaria: Lanbideko zuzendari nagusia
- 12 kide:
- 2, Jaurlaritzaren ordezkari gisa
- 5, ordezkaritza handieneko sindikatuen ordezkari gisa
- 5, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sektorearteko enpresa-erakundeen ordezkari gisa
Funtzioak:
- Erakundearen aurrekontu-aurreproiektua, kontuak eta urteko memoria onartzea.
- Erakundearen plan orokorrak eta jarduera-programak onartzea.
- Enplegu Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.
- Enplegurako Prestakuntza Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.
- Erakunde publiko eta pribatu, unibertsitate, enpresa edo partikularrekiko lankidetza-hitzarmenak onartzea enplegu eta prestakuntza arloan.
- Enplegu eta prestakuntza arloko laguntza-deialdiak egitea.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduteko irizpideak prestatzea.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa kontrolatu eta ebaluatzea, eta, horretarako, bere helburuak hobeto betetzeko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren onarpena proposatzea.
- Gai jakinetarako batzorde teknikoak edo lan-taldeak era daitezen onartzea, eta haien osaketa eta zereginak erabakitzea.
- Zuzendaritza-karguen izendapenaren eta kargu-uzteen berri ematea.
- Erakundearen interes bereziak gobernatu eta administratzeko bestelako ahalmenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko beste organo bati berariaz eman ez zaizkionean.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetan ezartzen direnak.
ZUZENDARITZA NAGUSIA
María Gloria Múgica Conde andrea
Funtzioak:
- Organismoaren aurrekontu-aurreproiektua egitea eta Administrazio Kontseiluari proposatzea.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta Administrazio Kontseiluaren akordioak gauzatu eta betearaztea.
- Kontseiluari proposatzea organismoaren egitekoak betetzeko behar diren hitzarmenak, eta entitate publiko edo pribatuekin integratutako edo partekatutako kudeaketa-formulak ezartzea.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berez dagozkion gaietako kontratuak izenpetzea eta administrazio publikoen kontratuei buruzko legeek kontratazio-organoei ematen dizkieten ahalmenak eta eskumenak baliatzea.
- Organismo autonomoaren zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratzea xedeak betetzeko, eta langileak zuzentzea.
- Organismoaren gastuak onartzea eta ordainketak agintzea, Zerbitzu Orokorren zuzendaritzei esleitutakoak izan ezik. Halaber, Administrazio Kontseiluari jakinaraztea zer gastu baimentzen dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua atxikita daukan sailburuak edo Gobernu Kontseiluak. Administrazio Kontseiluari dagokio 1.000.000 eurotik gorako kontratuak baimentzea.
- Organismoaren urteko jarduera-memoria egitea, bai eta Administrazio Kontseiluak gomendatzen dion beste edozein txosten ere.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza izendunak ematea, eta lehiaketetako dirulaguntza-deialdiak ebaztea, aurreikusten bada eskabideak aldez aurretik ezarritako irizpide batzuen arabera baloratu eta alderatuko direla.
- Lan-arloko auzibidearen aurreko erreklamazioak ebaztea.
- Zehatzeko ahala baliatzea enpleguari eta langabeziari, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarte-inklusioari buruzko gaietan, bakoitzari dagozkion legeetan xedatutakoaren arabera.
- Enpleguaren arloko sail eskudunari eta Administrazio Kontseiluari beren egitekoetarako behar duten informazio guztia ematea.
- Administrazio Kontseiluaren erabakiak betearaztea eta hark eskuordetzen dizkion ahalmenak baliatzea.
- Administrazio Kontseiluari kudeaketa-plana eta jardueren urteko memoria aurkeztea. Halaber, Administrazio Kontseiluari aurrekontu-garapenaren egoeraren berri emango dio, eta onartutako aurrekontuko kontzeptuak edo partidak aldatzeko baimena eskatuko dio.
- Administrazio Kontseiluari proiektua proposatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenekoak diren laguntza eta dirulaguntzetarako deialdiak arautzeko, eta onartutakoak argitaratzea.
- Zuzendaritza Nagusiaren mendeko organoek emandako ebazpen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.
- Lanbideko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz».
ANTOLAKETARAKO EGITURA
Honako hauek daude Zuzendaritza Nagusiaren mendetasun organiko eta funtzionalaren azpian:
Lau zuzendaritza:
- Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza. José Antonio Carrillo Navas
- Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza. María Teresa Martínez Granado
- Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza. Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte
- Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza. Sara Buesa Rodríguez
Lanbidek, gainera, bulego birtual bat du, egoitza Zerbitzu Zentraletan duena. Aparte, 42 toki-bulego ditu gaur egun, EAEko lurraldean banatuta. Bulego haietan, Lanbidek zerbitzua ematen du aurrez aurre, telefonoz edo Interneten bidez. Jarduera osatzeko, erakunde eta eragile laguntzaile adituek osatutako sare zabal bat dago.
Lanbidek, horretaz gainera, telefono bidezko call-center zerbitzu bat eskaintzen du (945 160 600) eta web bidezko arreta www.lanbide.euskadi.eus gunean.