COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia

[ERTE]

Deskribapena


Xedea

Deialdi honen xedea da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretu Legearen 22. eta 23. artikuluen aplikazioan beren kontratuak eten edo lanaldia murriztu zaizkien langileentzat Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen laguntzak arautzea; hain zuzen ere, soldatarik txikienak zituzten pertsonak dira laguntza horien xedea, jasotzen duten langabezia-prestazioaren osagarri baten bidez, eskuratzen dituzten errentetan izandako murrizketa nolabait leundu ahal izan dezaten.

Aurrekontuko zuzkidura

15.466.500 euros

Prestazio ekonomikoa

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 15.466.500 euro bideratuko dira guztira, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa jarraian adierazitakoa izango da, eta langabezia-prestazioa jasotzen den egunen arabera ordainduko da:

  • 150 euro/hilean, pertsona onuradunaren lanaldia, kontratuaren arabera, % 50ekoa edo hortik gorakoa denean.
  • 100 euro/hilean, pertsona onuradunaren lanaldia, kontratuaren arabera, % 50etik beherakoa denean.

Diruz lagundutako epealdia lan-kontratua eten edo lanaldia murrizteagatik 2020ko uztailaren 1a eta irailaren 30a bitartean langabezia-prestazioa jaso duen epealdiaren parekoa izango da.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, Lanbidek data horretan dituen datuen arabera dagokion dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa adieraziko da, eta zehatz ohartarazten da zenbateko hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik langabezia-prestazioaren zenbatekoari eta benetako iraupenari buruz lortzen diren datuetara egokituko dela ordainketa bakoitzean.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehi langabezia-prestazioa eta, hala bada, langileak izan ditzakeen bestelako soldata-sariak, horiek guztiak batuta, ez daitezke gehiago izan, aparteko soldatei dagozkien zatia barne dela, pertsona horrek kontratua eten edo lanaldia murriztu zen unea iritsi aurretik jasotzen zuen soldata baino. Lehen zuen soldata gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, baldintza hori betetzeko.

Laguntza horiek PFEZari atxikiak dira.

Ordainketa-modua:

Dirulaguntza hilero ordainduko zaie onuradunei, esleipena eman ondoren, eta aurretik egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskabidea egin duen pertsona bakoitzari aldi horretan aitortu zaion langabezia-prestazioaren zenbatekoa eta iraupena.

Ordainketa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezia-prestazioa ordaintzen duen banku-kontu berean egingo da.

Nori dago zuzenduta


Pertsona fisikoak

Besteren kontura lan egiten duten langileak edo lan-sozietateetako edo lan elkartuko kooperatiboetako langile bazkideak; horretarako, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen ondorioz, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretu Legearen 22. eta 23. artikuluetan oinarrituta, haien lan-kontratuak eten edo lanaldia murriztuta egon behar dute, eta kontribuzio-mailako langabezia-prestazioaren titularrak izan behar dira 2020ko uztailaren 1ean, edo egoera horretara igaro behar dute 2020ko uztailaren 1a eta irailaren 30a bitartean.

Deialdi honetan araututako laguntzak ezin izango dituzte lortu desgaitasuna duten pertsonek, ez eta gizarte-bazterketaren egoeran egonda, haien langabezia-prestazioa lanean ari diren enplegu-zentro bereziak edo laneratzeko enpresak osatu dien pertsonek ere, horien kasuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz beren jarduera eten edo murriztu zaien laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezientzako ohiz kanpoko laguntzen onuradun izan baitira dagoeneko; laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdian araututa daude, 2020ko uztailaren 1eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta uztailaren 7ko EHAAn argitaratu zen, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak 2020ko uztailaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez.

Betekizunak

  • Deialdi hau EHAAn argitaratu aurretik Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

  • Kontratua eten edo lanaldia murriztu aurreko garaian, urtean 20.000 euroko edo gutxiagoko kontingentzia arrunteko kotizazio-oinarriari dagokion kotizazioa ordaintzea Gizarte Segurantzan.

  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

  • Dirulaguntzen arloko diru-itzulketaren bat egiteko betebeharrik bete gabe ez izatea.

  • Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, ez eta horien onuradun izateko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne; azken horiek jasotzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan.

  • Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuko inongo egoeraren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua > Lanbideko Zuzendari Orokorra - Euskal Enplegu Zerbitzua

Ebazten duen erakundea

  • Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua > Lanbideko Zuzendari Orokorra - Euskal Enplegu Zerbitzua

Kontaktu-informazioa


Herritarrei Arreta emateko Zerbitzua 

945 160 600/ 630305452

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


Eskabidea oso-osorik bete beharko da, eta elektronikoki aurkeztu, eskabide-orri honen bidez.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

Sei hileko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketarik gabe

Isilbidearen ondorioak

Onartzea

Beste tramite batzuk