Ohiko galderak

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera hileroko prestazio ekonomiko ez-kontributiboa da, eta haren helburua da bakarrik bizi diren edo bizikidetza-unitate batean sartuta dauden eta oinarrizko premiak asetzeko oinarrizko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen pobrezia-arriskua eta gizarte-bazterkeria prebenitzea.

Eskubide subjektiboa da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera sortzen dena, eta egoera ekonomiko ahulean daudenei gutxieneko diru-sarrerak bermatzen dizkiena.

Eskubideari eutsiko zaio eskubidea ematea eragin zuten arrazoiek irauten duten eta legearen betebeharrak betetzen diren bitartean.

Hauek dira oinarrizko baldintzak:

  • Espainian legezko eta benetako bizilekua izatea, aurreko urtean modu jarraituan.
  • Kalteberatasun ekonomikoko egoeran egotea, eta hori egiaztatzeko, ondarea, diru-sarrerak eta errentak hartzen dira kontuan.
  • Bizikidetza-unitatea duela sei hilabetetik egotea osatuta.
  • Baldintza orokor horiez gain, baldintza batzuk bete beharko dituzu zeure egoera pertsonalari eta/edo bizikidetza-unitatearen zirkunstantziei dagokienez.

BGDSren eskaera hainbat bidetik aurkeztu daiteke:

  • GSINren ataria.

Eskabidea internet bidez aurkez daiteke, Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoaren formularioaren bidez, bertan adierazitako datuak beteta (ez da ziurtagiri digitalik behar)

  • KZgune zentroak.

Eskaera egiteko laguntza behar baduzu, KZguneak zure eskura jartzen du Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eskatzeko laguntza-zerbitzu bat. Horretarako, hitzordua eskatu behar duzu 945 160 600 telefonora deituta.

Posta aktiboko kontu bat eta Smartphone bat eduki beharko dituzu, KZgunera joateko.

  • Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan, aurrez aurre.

Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko duzu Lanbideren webgunearen bidez edo 945 160 600 telefonora deituz erroldatuta zauden eta benetan bizi zaren udalerriari dagokizun bulegoan.

  • Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusita dagoen bitartekoren bat erabiliz.
  • Argibideak eta eskaera
  • BGDS prestazioa eskatzeko borondatea egiaztatzea
  • DSBEren zenbatekoak itzultzeko prozedura berezia aplikatzeko baimen
  • Nortasuna:
  • BGDSren bizikidetza-unitateko kide guztiek beren nortasuna egiaztatu behar dute, baita haurrek ere. NAN/AIZ ematea eta berritzea doakoa da BGDS jasotzen duten bizikidetza-unitate batean sartuta dauden 14 urtetik beherako pertsonentzat.
  • Legezko bizilekua: Atzerritarren Erregistro Nagusian inskribatuta, Europar Batasuneko estatu kideetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo Suitzako Konfederazioko herritarren kasuan, edo Europar Batasuneko herritarraren ahaidearen bizileku-txartelaren bidez, edo, beste nazionalitate bateko atzerritarren kasuan, bizileku-baimenaren bidez, edozein modalitatetan.
  • Espainiako helbidea errolda-ziurtagiriarekin egiaztatuko da.
  • Bizikidetza-unitatea badagoela egiaztatzeko, familia-liburua, erregistro zibileko ziurtagiria eta etxebizitza berean inskribatutakoei buruzko udal-erroldako datuak aurkeztu beharko dira. 
  • Banantze- edo dibortzio-izapideen hasiera, edo horien existentzia egiaztatzeko, demanda, dagokion ebazpen judiziala edo agiri publikoa aurkeztu beharko da.
  • Eskabidea Lanbiden aurkeztu denean:
    • Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko duzu Lanbideren webgunearen bidez edo 945 160 600 telefonora deituz erroldatuta zauden eta benetan bizi zaren udalerriari dagokion bulegoan.

Eskaera baten egoera kontsultatzeko:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa. Hitzordua eskatu beharko duzu, Lanbideren webgunearen bidez edo 945 160 600 telefono-zenbakira deituta, erroldatuta zauden eta benetan bizi zaren udalerriari dagokion bulegoan.

Nire Lanbidenetera sartuz, alboko menuko Nire BGDS fitxan.

Gaitasun juridikoa duen bizikidetza-unitateko edozein kidek eska dezake prestazioa, baina kide guztien sinadurarekin aurkeztu behar da eskabidea.

Gutxienez 23 urteko pertsona izan behar du. Seme-alabak edo adingabeak adopzio-helburuko zaintza-erregimenean edo familia-harrera iraunkorrean baditu, prestazioa eskatu ahal izango du, betiere adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua bada.

Bizikidetza-unitate baten izenean prestazioa eskatzen duen pertsonak hartuko du bere gain unitate horren ordezkaritza.

Bizikidetza-unitatea etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiek osatzen dute, ezkontza-lotura dutenak edo izatezko bikoteak, bigarren mailarainoko odol edo ezkontza-ahaidetasuna edo adopzio lotura dutenak, edo adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera iraunkorraren bidez elkarrekin bizi diren beste pertsonak.

Prestazioaren onuradun izan ahalko dira, bizikidetza-unitateko kide izan gabe edo bizikidetza-unitate independente batean egonda, adierazitako ahaidetasun-loturetakoren bat duten beste batzuekin egoitza berean bizi diren pertsonak. Horretarako, honako egoera hauetakoren batean egon beharko dute:

  1. a) Genero-indarkeriaren biktima den emakume batek ohiko familia-bizilekua utzi duenean, bere seme-alabekin edo adopzio-helburuko zaintza-erregimeneko edo familia-harrera iraunkorreko erregimeneko adingabeekin batera, edo ez.
  2. b)Banantze-, deuseztasun- edo dibortzio-izapideak hasi direlako, edo formalki eratutako izatezko bikotea desegiteko eskatu delako, pertsona batek bere ohiko familia-bizilekua utzi duenean, seme-alabekin edo adopzio-helburuko zaintza-erregimeneko edo familia-harrera iraunkorreko erregimeneko adingabeekin batera, edo ez. Bizikidetza amaitu duten izatezko bikote formalizatu gabeen kasuan, prestazioa eskatzen duen pertsonak, hala badagokio, adingabeen zaintza eta jagoletza esleitzeko izapideen hasiera egiaztatu beharko du.
  3. c)Egiaztatzen denean bizilekua utzarazpenaren ondorioz utzi duela, edo etxebizitza hori istripu edo ezinbesteko arrazoien ondorioz bizitzeko egokia ez dela egiaztatzen denean, bai eta erregelamenduz ezarritako beste kasu batzuetan ere.
  4. B) eta c) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan, horietako bakoitzean adierazitako egitateak gertatu eta hurrengo hiru urteetan baino ezin izango da unitate independentetzat hartu.

Adierazitako ahaidetasun-loturarik ez duten pertsonak etxebizitza berean bizi direnean, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titular izan daitezke gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenak.

Bizikidetza-unitateek gutxienez eskabidea aurkeztu aurreko sei hilabeteetan osatuta egon beharko dute, modu jarraituan.

Titularrek, bizikidetza-unitate bateko kide direnean, 23 urte izan beharko dituzte gutxienez, edo adin nagusikoak edo adingabe emantzipatuak izan beharko dute seme-alabak edo adingabeak badituzte adopzio-helburuko zaintza-erregimenean edo familia-harrera iraunkorrean, edo erabateko umezurtzak, bizikidetza-unitateko kide bakarrak direnean eta horietako batek ere 23 urte betetzen ez dituenean.

Bai, onuradun indibiduala zein bizikidetza-unitate bateko kidea izan, guztiek egiaztatu behar dute legezko eta benetako bizilekua Espainian dutela, etenik gabe eta modu jarraituan, eskaera aurkeztu aurreko urtean gutxienez, honako hauek izan ezik:

  • Jaiotza, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera iraunkorragatik bizikidetza-unitatean sartutako adingabeak.
  • Gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak.
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

Espainian ohiko bizilekuari eutsiko zaio, nahiz eta urte natural bakoitzean 90 egun baino gutxiagoko egonaldiak egin atzerrian, edo egonaldi horiek gaixotasun-arrazoi justifikatuengatik izan.

Titularrak nahiz bizikidetza-unitateko kideek urte natural bakoitzean egutegiko laurogeita hamar egunetik gorako aldian, jarraian edo ez, atzerrira egiten dituzten irteeren berri eman beharko da aldez aurretik, eta horien iraupena adierazi beharko da.

Urtean egutegiko laurogeita hamar egunetik gorako aldian, jarraian edo ez, lurralde nazionaletik justifikatu gabe irteteak eskubidea azkentzea ekarriko du.

Bai, gutxienez 23 urte izan behar dituzu, eta ez duzu ezkonduta egon behar (salbu eta banantzeko edo dibortziatzeko izapidean bazaude), ezta beste pertsona batekin izatezko bikote gisa lotuta ere.

Ez zaie adinari buruzko betekizunik eskatzen, ezta banantzeko edo dibortziatzeko izapideak hasita izatea ere, genero-indarkeriaren edo gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima diren adin nagusiko emakumeei edo adingabe emantzipatuei.

18 eta 22 urte bitarteko pertsonek ere jaso dezakete, baldin eta adingabeak babesteko autonomia-erkidegoetako egoitza-zentroetatik badatoz, adingabeak babesteko erakunde publikoen babespean egon badira adin-nagusitasunaren aurreko hiru urteetan, edo erabateko umezurtzak badira, betiere bakarrik bizi badira bizikidetza-unitate baten kide izan gabe.

Eskatzailea 30 urtetik beherakoa bada, eskaera egin aurreko bi urteetan gutxienez Espainian modu independentean bizi izana egiaztatu beharko du, salbu eta adin nagusikoak badira eta autonomia-erkidegoetako adingabeak babesteko egoitza-zentroetatik badatoz. Pertsona bat modu independentean bizi izan dela ulertuko da egiaztatzen badu bere bizilekua bere guraso, tutore edo harreragileena ez dela izan eskaera egin aurreko bi urteetan, eta aldi horretan Gizarte Segurantzan, Estatuko Klase Pasiboetan edo Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren ordezko mutualitate batean alta emanda egon dela gutxienez hamabi hilabetez, jarraian edo ez.

30 urtetik gorakoa bada, egiaztatu beharko du eskaera egin aurreko urtean Espainian izan duen egoitza ez dela gurasoena, tutoreena edo harreragileena.

Ez dira eskatuko, 30 urtetik beherakoen kasuan, bizimodu independentearen baldintzak eta, 30 urtetik gorakoen kasuan, gurasoena ez den bizilekuaren baldintzak, baldin eta guraso, tutore edo harreragileekiko bizikidetzaren amaiera guraso, tutore edo harreragileen heriotzagatik gertatu bada. Era berean, ez zaizkie exijituko genero-indarkeriaren biktima izateagatik ohiko bizilekua utzi duten pertsonei, etxerik gabeko pertsonei, banantzeko edo dibortziatzeko izapideak hasi dituztenei, edo gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimei.

Ez dute prestazioa jasotzeko eskubiderik izaera iraunkorra duen egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario baten erabiltzaileek, salbu eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima direnen kasuan.

Kasu horietan, bizikidetza-unitatea osatuko dute beren artean ezkontza-lotura duten pertsonek, izatezko bikoteko kideek, eta, hala badagokio, lehen mailarainoko odol, edo ezkontza-ahaidetasuna edo adopzio lotura dutenek, edo familia-harrera iraunkorreko erregimeneko edo adopzio-helburuko zaintzako ondorengo adingabeekin. Aipatutako ondorengoak bigarren mailara artekoak izan daitezke, lehen mailako aurrekoekin erroldatuta ez badaude.

Gizarte-zerbitzu eskudunek emandako erroldatze sozialaren txostena aurkeztu beharko da.

Eskubide subjektiboa da, eta eskabidea aurkezten den egun beretik aurrera sortzen da.

Zure eskaera ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, aurkezten den egunetik zenbatzen hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaroz gero, eskaera administrazio-isiltasunez ukatu dela ulertuko da.

Prestazioa jasotzeko eskubidea eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera sortzen da. Baimena emateko arrazoiek dirauten bitartean eta legean aurreikusitako baldintzak eta betebeharrak betetzen diren bitartean iraungo du.

Eskubidea etetea

Prestazioa jasotzeko eskubidea honako arrazoi hauengatik etengo da:

  1. Aitortzeko eskatutako baldintzaren bat aldi baterako galtzea.
  2. Onuradunak, titularrak edo bere bizikidetza-unitateko kideren batek prestazioa eskuratzean bere gain hartutako betebeharrak aldi baterako ez betetzea.
  3. Kautelaz, onuradunak, titularrak edo bere bizikidetza-unitateko kideren batek prestazioa eskuratzean ezarritako baldintzak edo bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez dituela ikusten bada, erakunde kudeatzaileak hala ebatzita.
  4. Beti ere, kautelazko etenaldia egingo da atzerrira lekualdatuz gero, urtean 90 egun natural edo gehiagoz, jarraian edo ez, erakunde kudeatzaileari aldez aurretik jakinarazi gabe eta behar bezala justifikatu gabe.
  5. Kautelaz, aurreikusitako epean jakinarazpenik jaso ez bada gizarte-zerbitzuek edo gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeek emandako ziurtagiriak mantendu edo aldatu izanari buruz, gizarte-bitartekarien erregistroan berariaz aurreikusitako kasuetan.
  6. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eta norberaren konturako lan-errenten edo jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasunari lotutako baldintzak ez betetzea.
  7. Pertsonak zergapekoak direnean eta bi ekitaldi fiskaletan betetzen ez dutenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena araudi aplikagarrian aurreikusitako baldintza eta epeetan aurkezteko eginbeharra.
  8. Erregelamendu bidez zehaztutako beste edozein arrazoi.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea eteteak prestazioaren ordainketa etetea ekarriko du etete-kausak gertatu edo erakunde kudeatzaile eskudunak horren berri izan eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera, eta bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharraren kalterik gabe. Etetea eragin duten inguruabarrek irauten duten bitartean iraungo du etenaldiak.

Etenaldia urtebetez mantentzen bada, prestazioa jasotzeko eskubidea iraungi egingo da.

Eskubidea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen badira, eskubideari berriro ekiteko eskatu ahal izango da, betiere eskubidea aitortzea eragin zuten baldintzak betetzen badira. Prestazioa etetea eragin zuten arrazoiak amaitu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera sortuko da.

Eteteko arrazoiek bere horretan jarraitzen badute, eskubidea aldatu edo azkenduko da, dagokionaren arabera.

Eskubidea azkentzea

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerako prestaziorako eskubidea honako arrazoi hauengatik iraungiko da:

  1. Titularraren heriotza. Hala ere, bizikidetza-unitateen kasuan, baldintzak betetzen dituen beste edozein kidek beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du. Eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten bada, heriotzaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bizikidetza-unitateari bere inguruabar berrien arabera legokiokeen eskubidearen ondorio ekonomikoak heriotza gertatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera sortuko dira, betiere adierazitako epearen barruan eskatzen bada.
  2. Prestazioa mantentzeko eskatutako baldintzaren bat behin betiko galtzea.
  3. Zehapen prozedura batean emandako ebazpena.
  4. Lurralde nazionaletik ateratzea erakunde kudeatzaileari jakinarazi edo justifikatu gabe, urtean 90 egun natural baino gehiago, jarraian edo ez.
  5. Eskubideari uko egitea.
  6. Prestazioa urtebetetik gora etetea.
  7. Pertsonak zergapekoak direnean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena araudi aplikagarrian aurreikusitako baldintza eta epeetan aurkezteko betebeharra bi ekitaldi fiskaletan ez betetzea.
  8. Erregelamendu bidez zehaztutako beste edozein arrazoi.

Prestazioa jasotzeko eskubidea azkentzeak ondorioak izango ditu azkentze-arrazoiak gertatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik.