Lanbideren ikerketen arabera, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko egresatuen okupazioa maila altuenen artean mantentzen da hamarkada batean baino gehiagotan

Argitalpen-data: 

Lanbide.

2024an Lanbide Heziketan eta 2022an unibertsitatean ikasketak amaitu dituzten pertsonak lan-munduan sartzeari buruzko azterlanak argitaratu dira, eta 2024an profesionaltasun-ziurtagiri bat lortu dutenen datuak, 2025eko azken hiruhilekoan egindako inkestetan oinarrituta

Ikasketak amaitu eta urtebetera, 2025eko urrian, Lanbide Heziketako 12.726 tituludunen % 85 okupatuta zeuden, eta enplegu horien % 62 egonkorrak ziren. Hamarretik zazpi (% 74) ikasketekin lotutako enplegu batean zeuden, eta % 58k kontratu mugagabea zuten.

Unibertsitateko tituludunen kasuan, 2022an ikasketak bukatu zituzten 8.595 pertsonen % 92 okupatuta zeuden. Ezagutza-arloei dagokienez, okupatuta zeuden arlo teknikoetan ikasketak egin zituztenen % 96, osasunean % 95, Zientzia Ekonomiko-juridikoetan % 94, Zientzia Esperimentaletan % 90, Humanitateetan % 88 eta Gizarte Zientzietan % 87. Bestalde, % 78k ikasketa-arloekin lotutako lanpostuetan egiten zuten lan.

Unibertsitate-ikasketak zituztenen okupatuen artean, % 62 enplegu egonkorretan zeuden —gizonen (% 71) eta emakumeen (% 56) arteko alde nabarmenarekin—, batez ere arlo teknikoetan (% 85) eta ekonomiko-juridikoetan (% 83).

Profesionaltasun-ziurtagiria lortu zutenen artean, % 70 lanean zeuden zurtagiria eskuratu eta urtebete geroago (emakumeen % 71 eta gizonen % 69): industrian % 73, administrazioan % 65, kudeaketa eta merkataritzako zerbitzuetan % 71, osasunean % 82 eta beste industria batzuetan % 66. Hamarretik sei ikasketekin lotutako jarduera baten aritzen ziren, eta % 59k enplegu egonkorra zuten. Euretariko % 23 praktikei esker hasi ziren lanean.

Bilakaera positiboa

Azken hamarkadan, zenbakiek erakusten dute egoerak hobera egin duela. 2016an, unibertsitate-ikasketak zituzten pertsonen okupazio-tasa % 82koa zen (2025ean baino ehuneko hamar puntu gutxiago) eta Lanbide Heziketa egin zutenena % 72koa (ehuneko 13 puntu gutxiago). Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, 2018az geroztik, okupazio-tasa egungoa baino handiagoa 2023an baino ez zen izan (% 74koa) urtebete lehenago ziurtagiria lortu zutenen artean.

Bilakaera horren inguruan, Francisco Pedraza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak hurrengoa adierazi du: “Datuek erakusten digute sinkronizazioa dagoela Euskadiko hezkuntza-sistemaren eta enpresa-sarearen beharren artean. Nolanahi ere, bizitzen ari garen eta datozen urteetan biziko ditzakegun aldaketa sakonek lan-merkatuaren eta, oro har, gizartearen eskaerei erantzun azkarrak ematera behartzen gaituzte, Euskadi kohesionatu bat bermatzeko”.

Enpleguaren kalitatea

Lanbideren ikerlanen arabera, Lanbide Heziketako ikasketak amaitu zituzten lau pertsonatik batek (% 25) lanaldi murriztua zuten, unibertsitateko tituludunen artean bostetik batek (% 19) eta Profesionaltasun-ziurtagiria lortu zutenen herenak (% 33). Hemen genero-arrakala oso handia zen: lehen taldean, gizonen % 18 eta emakumeen % 37; bigarrenean, gizonen % 14 eta emakumeen % 24, eta hirugarrenean, gizonen % 20 eta emakumeen % 44.

Lanaldi partzialeko kontratuetan, hileko soldata garbia (14 ordainsaritan) 1.067 eurokoa zen unibertsitateko langileentzat, 770 eurokoa Lanbide Heziketan eta 737 eurokoa Profesionaltasun-ziurtagiria jaso zutenentzat; lanaldi osoa zenean, soldatak 1.879 eurora, 1.485 eurora eta 1.316 eurora igotzen ziren, hurrenez hurren.

“Zaintzaren eta ordaindu gabeko etxeko lanen erantzukizunen banaketan hobetzen jarraitu behar dugu, lanaldietan genero-arrakala horiek murriztu ahal izateko. Lanaldi partzialek lana eta bizitza pertsonala bateratzen lagun badezakete ere, emakumeentzat muga dira euren karrera profesionalean. Partzialtasuna ez da nahitaez beraiei egokitu behar, eta gizonekin zuzen banatu beharko lizateke”, adierazi zuen Pedrazak.

Unibertsitateko ikasketak zituztenen artean, ezagutza-arloaren arabera eta lanaldi osoan, soldata handienak osasun-arloan (2.018 €) eta arlo teknikoetan (2.006 €) daude, eta txikienak, berriz, zientzia esperimentaletan (1.701 €) eta gizarte-zientzietan (1.765 €). Profesionaltasun-ziurtagiria lortu zuten pertsonen artean soldata altuenak osasunaren arloan izan ziren (1.618 €) eta baxuenak beste industria batzuetan (1.229 €).

Ikasketak amaitu zituztenen profila

Nahiz eta Lanbide Heziketan ikasketak amaitu zituzten pertsonen % 62 inguru gizonak izan, emakumeek pisua handiagoa izaten jarraitzen zuen unibertsitate-karreretan, % 59 baitira.

Lanbide Heziketan, hamarretik 8k industria (% 35,2), zerbitzu (% 30,8) eta osasun (% 14,1) arloetan amaitzen zituzten ikasketak. Hain zuzen ere, Industria eta Osasuna ziren maskulinizazio eta feminizazio handieneko bi arloak, hurrenez hurren: lehenengoan, hamarretik 9 gizonak dira, eta bigarrenean, hamarretik 8 inguru emakumeak. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da 2008tik 2024ra emakumeen presentzia murriztu egin zela arlo guztietan.

Ildo beretik, unibertsitatean ere genero-arrakala nabarmena zegoen. Arlo teknikoetan, gizonak % 73 inguru ziren (1.242 eta 467 emakume), eta Osasunean, ostera, emakumeak % 82 ziren (1.034 eta 231 gizon).

Profesionaltasun-ziurtagiri bat lortu zuten pertsonen kasuan, % 51 emakumeak izan ziren. Nabarmentzekoa da, gainera, pertsona horien % 55 espainiarrak ez zirela eta % 12k ez zutela lan-baimenik titulazioa jasotzeko unean.

Adinari dagokionez, nahiz eta Lanbide Heziketan % 62k 20 eta 29 urte bitartean izan, gero eta gehiago dira 17 eta 19 urte bitarteko gazteak, eta 30 urtetik gorakoen proportzioa gero eta txikiagoa. Unibertsitate-ikasketetan, karrera amaitzeko batez besteko adina 24 urtekoa da. Aldiz, 20 eta 59 urte bitarteko adin guztietako pertsonek Profesionaltasun-ziurtagiriak aukeratzen dituzte.

Euskarari dagokionez, erdiak baino gehiagok (% 54) Lanbide Heziketako ikasketak B edo D ereduetan egiten zituzten, eta unibertsitatean % 44k C1 eta C2 mailak egiaztatzen zituzten.

Lanbideren ikerketei buruz

2000. urteaz geroztik, Lanbidek jarraipen zehatza egiten du tituludunak lan-merkatuan sartzeari buruz, euskal unibertsitateekin eta Lanbide-Heziketako zentroekin lankidetzan. Eragiketa honek Euskadin sortutako enplegagarritasunaren eta enpleguaren kalitatearen erradiografia osoa eskaintzen du.

Kontsultatu txostenak