Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu egin du Petronorrekin eta Somorrostroko Prestakuntza Zentroarekin egindako aliantza publiko-pribatuaren “arrakasta”, eta azpimarratu du beharra dagoela profil espezializatuak izateko ekonomia deskarbonizatu eta jasangarria lortzeko

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eman dio amaiera gaur, asteazkena, Energy Intelligence Centerren (EIC) Lanbidek, Petronorrek , Basque Hydrogen erakundeak eta Somorrostroko Prestakuntza Zentroak garatutako prestakuntza programari. Proiektu aitzindaria da, eta % 100eko laneratzea lortu du. Torresek azpimarratu duenez, lorpen horrek agerian utzi du lankidetza publiko eta pribatuko eredu baten “aliantza arrakastatsua”, profesionalen belaunaldi berria prestatzera bideratuta dagoena, eta garatzen ari den hidrogeno berdearen sektoreak behar duena.
Egindako hitzartzean, balioan jarri du Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 33.000 euro inguruko dirulaguntza eman diola Somorrostroko Prestakuntza Zentroari, etengabeko prozesu planten eragiketan espezializatutako prestakuntza dualeko prozesu bat gauzatzeko. STEAM arloetako goi mailako zikloen profiletara bideratutako programa horri esker, proiektuak mota horretako laguntzei lotutako gutxieneko kontratazio eskakizunak gainditu ditu, eta ikasle guztientzako lan konpromisoa lortu du.
Torresek zoriondu egin ditu prestakuntza arrakastaz osatu duten hogei gizon eta hiru emakumeak, eta azpimarratu du programa “arrakastatsua” izan dela, baina, era berean, agerian uzten duela “erronkak eta aukerak” daudela emakume gehiago sartu ahal izateko deskarbonizaziorako eta enplegua sortzeko sektore estrategikoetan. Trantsizio berdeak “bidezkoa eta kalitatezko enplegua izan behar du pertsona guztientzat”, gaineratu du.
Ildo horretan, energia berriztagarriei lotutako enpleguaren hazkundea nabarmendu du Mikel Torresek, eta adierazi du, IRENA Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziaren arabera, sektoreak 16,6 milioi enplegu lortu zituela 2024an, 1,8 milioi lanpostu Europar Batasunean, eta hidrogeno berdeak enplegua sortzeko “potentzial handia” duen eremua dela. Horregatik, azpimarratu du sektore horren garapenak “gaitasun handiko lan indarra” behar duela, teknologia eskaera berriei eta trantsizio energetikoaren erronkei erantzuteko gai izango dena.
Trantsizio energetikoan funtsezko pieza
Lehendakariordeak nabarmendu du horrelako ekimenek ·epe luzeko ikuspegi partekatua” islatzen dutela, “Euskadi jasangarritasunaren eta garapen industrialaren abangoardian jartzeko”. Adierazi duenez, 2050eko Europako helburuekin bat datorren karbono ekonomia neutroarekin berak zuzentzen duen sailak duen konpromisoaren adibide da Basque Hydrogen proiektua, eta erakusten duela talentuaren aldeko apustua etorkizuneko lehiakortasunerako funtsezkoa dela.
Basque Hydrogen hidrogeno berriztagarriaren erabilera bultzatzeko xedearekin sortu zen, trantsizio energetikoan funtsezko pieza gisa. Bilboko Portuan erregai sintetikoen demo instalazioa (E-Fuels) % 100 berriztagarria den hidrogenoz hornitzea du helburu.
Instalazio horren helburua da erregai % 100 berriztagarriak eta zero CO2 isuri garbiak ekoiztea, erregai tradizionalak ordezkatzeko, prozesuaren bideragarritasuna frogatuz eta maila industrialean eskalatzeko oinarriak ezarriz. Era berean, instalazioak hidrogeno berriztagarriaren soberakina eman ahal izango dio Petronorri eta Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoan dagoen hidrogenera, industria eta garraioa deskarbonizatzen laguntzeko.
Proiektu horren xedea da trantsizio energetikoaren abangoardian kokatzea, Euskadi hidrogeno berriztagarriko teknologien erreferente bihurtuz, etorkizun iraunkorra eraikitzeko.





