Jorge Walter Correa Buenos Aireseko Lan ministroari harrera egin diote Mikel Torres Lehendakariordeak eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak
Jorge Walter Correa, Buenos Aires Probintziako Gobernuko Lan ministroa; Francisco Pedraza Moreno, Lanbideko zuzendari nagusia; eta José Antonio García Díaz, Lanbideko Koordinazio eta Komunikazio zuzendaria.
Buenos Aireseko Probintziako Gobernuko Lan Ministerioaren ordezkaritza batek, Jorge Walter Correa ministroa buru zela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Lanbide bisitatu zituen irailaren 25ean, Euskadik enpleguaren, gizarteratze eta laneratze inklusioaren, gizarte babesaren eta gizarte ekonomiaren esparruetan garatzen dituen politika publiko nagusiak ezagutzeko.
Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren gobernantza eredua, antolaketa egitura, zerbitzu zorroa eta etorkizuneko erronka nagusiak ezagutu ditu. Halaber, Lanbidek erakutsi du nola uztartzen diren errentak bermatzea eta prestazioak enplegu politika aktiboetarako eskubidearekin eta pertsonei ematen zaien arreta indibidualizatuarekin, baita enpresentzako aholkularitzaren, kontratazioari ematen zaion laguntzaren eta haien lehiakortasuna hobetzeko jardueren funtzionamendua ere.
Landutako edukien artean honako hauek daude: lan orientazioko zerbitzuak, bitartekaritza eta laneratzea, lanerako prestakuntza, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza, enpresentzako laguntza eta enplegua, prestakuntza eta gizarteratze eta laneratzea uztartzen dituzten programak.
Ordezkaritzak “Lanbide Hobetzen” berrikuntza eta eraldaketa prozesua ere ezagutu du. Prozesu horren helburua da pertsonak eta enpresak ardatz dituen zerbitzu eredu bat eratzea, antolaketa egitura berri batek lagunduta.
Bisitak aukera eman du esku hartze publikoko esperientziak eta ereduak partekatzeko, baita Euskadiren eta Buenos Aireseko Probintziaren artean interes komuneko izan daitezkeen esparruak aztertzeko ere.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean egindako bileran, Sailak bultzatzen dituen politiken oinarrizko ildoak aurkeztu dira, arreta berezia jarrita enplegagarritasuna hobetzeari, gizarteratze eta laneratze inklusioari, pertsonei laguntza pertsonalizatua emateari, prestakuntzari, kontratazioari laguntzeari eta gizarte ekonomia indartzeari.
Topaketak, halaber, enplegu zerbitzu publikoek gaur egun dituzten erronkei buruzko esperientziak trukatzeko eta politika publikoak ekonomia, gizarte eta lan arloko eraldaketetara egokitzeko beharrari buruz hausnartzeko balio izan du.
Francisco Pedraza eta Jorge Walter Correa.




