-
Langabeziak % 0,8 egin du behera joan den urriarekin alderatuta, eta % 0,6 egin du gora irailarekin alderatuta
-
Industriak -% 0,84ko jaitsiera izan du urrian, eta hazkunderik handienak lehen sektorean (% 11,56), uzta denboraldiaren amaierarekin batera, eta baita aurretik enplegurik ez zuten pertsonen artean ere (% 2,67)
Euskadin 1.031.670 afiliatu zeuden erregistratuta urrian Gizarte Segurantzan, aurreko hilean baino 13.400 gehiago (+% 1,32), hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan kotizatzaileen errekor berria ezarri da, maiatzean 1.029.149 kotizatzaile izan ondoren. Urte arteko datuei erreparatuta, 10.910 langile gehiago daude afiliatuta 2024ko urriaren aldean, % 1,07 gehiago.
Bestalde, 2025eko urriko langabezia datuek erakusten dute lan merkatuak bilakaera handia izan duela Euskadin. Erregistratutako langabezia 107.609 pertsonakoa da, hau da, apur bat igo da irailarekin alderatuta (+640 pertsona, +% 0,60), iazko joera errepikatuz. Hala ere, urte arteko bilakaerak, joerak hobeto erakusten dituenak, datu onak utzi ditu berriro, eta 13 hilabete jarraian dira jada, 888 langabetu gutxiago baitaude (-% 0,2), Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratutako datuen arabera.
Beraz, zuhurtziaz eta nolabaiteko baikortasunez hartzen ditugu datu horiek; izan ere, hilabete honetan langabe kopurua pixka bat igo bada ere, 2024ko urriarekin egindako konparazioak erakusten digu langabeziak behera egiteko joera duela, eta urtebete baino gehiago luzatzen dela.
Hiru lurralde historikoetan eta hiriburuetan jaitsi da langabezia urte arteko datuei erreparatuta; jaitsiera bereziki nabarmenak izan dira Gipuzkoan (− % 1,19), Araban (− % 0,88) eta Bizkaian (− % 0,63) —(-% 3,19 Donostian, -% 0,90 Bilbon eta -% 0,86 Gasteizen)—. Hala ere, hileko bilakaerak portaera desberdinak erakusten ditu lurralde eta sektoreen arabera, testuinguru ekonomikoaren konplexutasuna islatuz.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, industria da iraileko datuekin alderatuta langabeziak behera egin duen sektore bakarra, 88 langabe gutxiago (-% 0,4) zenbatu dira, azken hilabeteetan datu eskasagoak izan dituen sektorea. Hazkunderik handienak, berriz, lehen sektorean +201 (% 11,56), uztak eta sasoikako langileen kontratuak amaitzearekin bat etorriz, eta baita aurretik enplegurik ez zuten pertsonen artean (+374, % 2,67) izan dira.
Urte arteko balantzean jaitsierarik handienak eraikuntzan (-399, -% 6,87), zerbitzuetan (-661, -% 0,87) eta lehen sektorean (-99, -% 4,86) izan dira. Langabeziak gora egin duen talde bakarra aurreko enplegurik gabekoen taldea da, +289 (+% 2,05), eta horrek adierazten du hazkundea Lanbideko inskripzio berriek eragin dutela, eta ez enplegu galerak.
Bestalde, iraupen luzeko langabezia egonkor mantendu da urrian, urte arteko balantzean iraupen laburrekoen antzeko terminoetan jaitsi den bitartean: iraupen laburreko -435 langabe gutxiago (-% 0,82) eta iraupen luzeko -453 langabe gutxiago (-% 0,81).
Enpleguaren kalitateari dagokionez, urrian sinatutako kontratuen % 24,6 mugagabeak izan dira; datu hori, aurreko hilabetearen aldean jaitsi bada ere, hobetu egin da 2024ko urriaren aldean eta urteko bigarren kopururik onena da. Guztizko kontratazioak, 74.545 kontraturekin, maila garrantzitsuetan jarraitzen du, nahiz eta aurreko aparteko hilabeteen aldean beherakada bat ikusten den.
Kalitatezko enplegua sortzeko gaitasuna
Jarduera adarren araberako azterketan, kontratazio mugagabeari dagokionez, etxeko jardueren portaera nabarmentzen da oraindik ere; izan ere, sektore horretan sinatutako kontratuen % 84,9 kontratu mugagabeak dira. Eraikuntzaren datuak ere hobera egin du 2024ko urriaren aldean, kontratu mugagabeak % 63,4 izan baitira, eta horrek oso bilakaera egonkorra izan du. Aitzitik, informazioaren eta komunikazioen sektoreak eta arlo publikoari lotutako sektoreek, hala nola, administrazio publikoak eta osasun sektoreak, kontratu mugagabeen proportzio txikiagoa dute.
Emaitza horiek konfiantzazko arrazoi bat dira Euskadik kalitatezko enplegua sortzeko eta nazioarteko agertokiak dituen erronka ekonomikoei aurre egiteko duen gaitasunean. Ziurgabetasunak gorabehera, EAEko ekoizpen sareak erakusten du eutsi ez ezik, kontratazioaren egonkortasunaren eta kalitatearen aldeko apustu irmoa egiten duela.
Ondorioz, urte arteko balantze positiboa utzi du 2025eko urriak: langabeziak behera egin du, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak gora egin du, kontratazioak kopuru altuetan mantendu dira eta lan egonkortasuna indartu da, irailarekin alderatuta langabeziak gora egin duen arren. Horregatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak neurriak bultzatzen jarraituko du lan aukera gehiago sortzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta langileen babesa indartzeko.
Zuhurtziaz jokatzera eta enplegu politika aktiboetan ahaleginari eustera bultzatzen dute emaitza horiek; bereziki, kolektibo ahulenei eta lan egonkortasuna hobetzeari zuzenduta.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lanean jarraituko du aurrerapenak finkatzeko eta egungo egoera ekonomikoak planteatzen dituen erronkei erantzuteko.





