Enpleguak % 1,4 egingo du gora Euskadin, eta langabezia tasa urteko batez besteko % 6,9ra jaitsiko da

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Euskal ekonomia % 2 haziko da 2025ean, eurogunearen gainetik

Hazkundea igoera esanguratsuak izan dituzten hiru produkzio sektore nagusietan oinarrituko da: zerbitzuak % 2,1 haziko dira, industria % 1,4 eta eraikuntza % 2,2

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Euskal Ekonomiaren Hiruhileko Txostena egin du, 2024ko laugarren hiruhilekoari dagokiona. Txosten horretan, egungo egoera ekonomikoaren azterketa egin du, eta Eusko Jaurlaritzak 2024rako eta 2025erako egindako aurreikuspen ekonomikoen eguneratzearen berri eman du. 

Behin hirugarren hiruhilekoko kontu ekonomikoen datu banakatuak ezagututa, Eusko Jaurlaritzak egoera makroekonomiko berri bat aurreikusten du, non euskal ekonomia
% 2 haziko den 2025ean, eurogunearen gainetik, zeina % 1,3 bakarrik haziko baita. Hala jakinarazi du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, eta nabarmendu du «gure garapen ekonomikoaren maila ona» dela eta «euskal ekonomiaren hazkundea egonkorra eta iraunkorra» dela.

Torresek aurkeztutako egoera berria oso gutxi aldatzen da aurreko aurreikuspenarekiko, eta desberdintasun nagusia gure inguruko ekonomien beheranzko berrikuspenean oinarritzen da; izan ere, % 1,5eko hazkunde aurreikuspenetik % 1,3ra igaro da eurogunearen kasuan, eta % 2,5etik % 2,3ra Espainiakoaren kasuan. «Ingurune ekonomiko ez hain hedakorrak euskal ekonomiarentzako kanpo saldo okerragoa dakar», azaldu du. 

Izan ere, kalkuluen arabera, EAEko barne eskariaren hazkundea urriko aurreikuspenaren antzekoa izango da 2025ean (% 2,1), baina kanpo saldoak hamarren bat gutxiago kenduko dio BPGren hazkundeari (orain % 2,0koa da). Gainera, kontsumo pribatuaren hazkundea % 2,0koa izango dela aurreikusi da, ekonomia osoaren hazkundearen antzekoa, % 1,9koa administrazio publikoen kontsumoaren kasuan eta % 2,4koa inbertsioaren kasuan. «Inbertsioa kontsumoaren gainetik hazteak sendotasuna ematen dio etorkizuneko hazkunde ereduari», gaineratu du Mikel Torres sozialistak.

Produkzio sektoreen arabera, egungo aurreikuspenak ez dira hain hedakorrak hiru sektore nagusietan. Zehazki, zerbitzuetarako espero den hazkundea % 2,1ekoa da, industriakoa % 1,4koa eta eraikuntzakoa % 2,2koa. Hala eta guztiz ere, «hiru sektoreek hazkunde esanguratsuak izan dituzte, eta sektore dinamikoenaren, eraikuntzaren eta moderatuenaren, industriarenaren, arteko aldea ez da ehuneko puntura iristen; beraz, kontuan hartu behar da ekonomiaren hazkundea ez dagoela sektore baten edo bestearen martxa onaren mende, sektore guztietan oinarritzen baita».

 

Lanpostu gehiago

  1. urtea datu bikainekin amaitu da enplegua sortzeari dagokionez, Gizarte Segurantzak 1.613 afiliatu berri irabazi ditu, 1.024.511 kotizatzaileko maximo historikoa lortuz eta langabeziaren murrizketa lortuz, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratutako datuen arabera.

Enpleguak erritmo onean jarraitu du hazten. Hirugarren hiruhilekoan, lanaldi osoko lanpostuen kopurua % 1,6 igo zen urte arteko tasan, eta 2023ko aldi berean baino ia 15.800 lanpostu gehiago zeudela zenbatetsi da. Lanpostu horietako asko zerbitzuen sektoreko jardueretan kontzentratu ziren, baita industrian eta eraikuntzan ere, enplegu garbietan gora egin baitute.

Lan merkatuari buruz, laugarren hiruhilekoan argitaratutako informazioak berresten du enpleguaren sorrera hirugarren hiruhilekoko erritmo bertsuetan mantendu dela. 57.504 kontratu berri erregistratu dira, aurreko urtean baino % 5,7 gehiago, eta horietatik % 20 mugagabeak izan dira.

Bestalde, enplegua % 1,4 haziko da lanaldi osoko lanpostuetan eta % 1,3 landunetan. Horren ondorioz, langabezia tasa zertxobait jaitsiko da urteko batez bestekora (% 6,9), baina 2025eko laugarren hiruhilekoan % 6,7ko tasa izatea espero da, euroaren eremuko egungo batez besteko tasatik oso gertu.

2024rako aurreikuspena % 1,9koa dela kontuan hartuta, 2025erako aurreikusitako tasak (aipatutako % 2,0) iradokitzen du EAEko ekonomiaren hazkunde erritmoa egonkortu egin dela ingurune horretan, eurogunearen hazkundea nabarmen gainditzen duela, eta «kanpo-sektorearen zailtasunak gorabehera, hazkunde egonkor eta iraunkorreko eremua dela denboran», Torres Lehendakariordearen ustez. 

Munduko hazkundea, ekonomia guztiak barne, % 3-3,5eko mailetan dago, eta, beraz, «Europan, denboran zehar, % 2ko hazkundeari eustea, batez besteko hazkunde maila zifra hori baino zertxobait txikiagoa izanik, gure garapen mailaren adierazle da».

 

2024ko hirugarren hiruhilekoa

Euskal ekonomiak % 1,8ko hazkundearekin itxi zuen 2024ko hirugarren hiruhilekoa, aurreko hiruhilekoko hazkundearen datua berdinduz. Hazkunde hori bat dator Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak joan den urrian egindako aurreikuspenarekin. Izan ere, aurreikuspen horrek erakusten du EAEko ekonomia eurogunearen bikoitza hazi dela
(% 0,9). «Horrek adierazten digu 2024ko itxierarako aurreikuspena % 1,9koa izango dela, aurreko zenbatespenetan aurreikusita zegoen bezala», zehaztu du Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak.

Espainiako ekonomiaren hazkundea, oro har, Euskadikoa baino handiagoa izatea, zerbitzuen eta turismoaren sektoreak gora egin duelako, eta Euskadin baino askoz ere pisu erlatibo handiagoa duelako, oso ona da Euskadirentzat; izan ere, gure produktu eta zerbitzuetarako lehen merkatua da, eta Europako dinamismo falta konpentsatzen ari da, baina ez osorik.

Hirugarren hiruhilekoa, 2024 osoa bezala, euskal industriaren dinamismoaren moteltzeak markatu du. Industria horrek gutxi lagundu dio hazkundeari, ez gure industriaren indargune faltak, baizik eta Europako testuinguruak berak, gure esportazioen helmuga nagusiak diren herrialdeen ahultasunak eraginda, batez ere Europako herrialdeak; hala nola, Alemania, Frantzia edo Italia. Hala ere, euskal industriak enplegua sortzen jarraitzen du, eta horrek adierazten du enpresek ahultasun hori iragankorra dela.

BPGren hazkundeak agerian uzten du herrialde baten dinamismo ekonomikoa eta produktiboa, baina hori alde batera utzita, «gizarte baten ongizate maila ez da soilik barne produktu gordinaren arabera neurtzen, baizik eta beste faktore batzuek ere eragiten dute pertsonen gogobetetze mailan; hala nola, aberastasunaren banaketak pobrezia arriskuan dagoen biztanleriaren ehunekoaren arabera neurtuta, per capita BPGak, edo gizarte bidezkoago, inklusiboago eta berdinago baten garapenak», ondorioztatu du Mikel Torres Lehendakariordeak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilak 8a