“Transferentzia honekin lortu nahi duguna da etorkinen inklusioa erraztea, eta laneratzea da gizarteratzea lortzeko modurik onena”, nabarmendu du Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gaurtik, uztailaren 1etik, aurrera hartuko du bere gain atzerritarrentzako lan baimenen kudeaketa, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean lortutako akordioaren ondoren. Zehazki, Lan Zuzendaritzak eta lurralde historiko bakoitzeko hiru lurralde ordezkaritzek hartuko dute bere gain kudeaketa hori.
Transferitutako eskumena da pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan eta denbora jakin batean lan egiteko gaitzen dituzten hasierako lan baimenei buruzkoa, jatorrizko baimen kolektiboei buruzkoa, tradizionalki nekazaritza sektoreari eta kanpaina oso zehatzei lotuak, eta sasoiko lanetarako baimenei buruzkoa. Gainera, gizarte eta prestakuntza errotzeari eta gizarte eta lan errotzeari buruzko txostenak ere transferitu dira.
Garrantzitsua da azpimarratzea transferentzia hori Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berria indarrean sartzearekin batera iritsi dela. Erregelamendu horren helburua da mota horretako prozedurak arintzea eta erraztea.
Atzerritarrentzako lan baimenen kudeaketa transferitzeko, espedienteak batera izapidetu beharko dira Estatuko Administrazio Orokorrarekin; izan ere, administrazio horrek eskumena izaten jarraituko du baimenen eta horien aldaketen gainean, Estatuko lurralde osoan lan egiteko gaitasuna ematen dutenean, eta, jakina, edozein lan baimeni lotuta dauden egoitza baimenen izapideak egin beharko dira.
Helburu horrekin, beharrezko lantaldeak osatu dira bi administrazioen artean martxan jarri beharreko lankidetza eta koordinazio protokoloak ezartzeko. “Garrantzitsuena da bi administrazioen arteko koordinazio mekanismoak ezartzea”, adierazi du Elena Pérez Barredo Laneko sailburuordeak, alegia, eskumena kudeatuko duen saileko arduradunak. “Transferentzia honen helburua da etorkinen inklusioa erraztea, eta gizarteratzea lortzeko modurik onena laneratzea da”.
Langile eskasia
Sailburuordeak gogorarazi du Euskadiren kasuan “bi aldeen beharra” dela, euskal patronalak askotan errepikatu baitu hainbat sektoretako langile eskasia larria. “Horregatik, beharrezkoa da ahalik eta modu eraginkorrenean heltzeko gai izatea eta Euskadin bizi diren pertsonengana hurbiltzea, laneratzetik igarotzen diren inklusio prozesuak errazteko”.
Transferentziari lankidetza hitzarmen bat gehitu zaio Autonomia Erkidegoak Estatuko tresna informatikoak erabil ditzan, eta, beraz, herritarrek eta enpresek eskaerak orain arte bezala aurkezten jarraitu behar dute, hau da, Merkurio aplikazioa erabiliz eta tasak orain arte bezala ordainduz. “Helburua da herritarrek prozedura gehigarririk edo desberdinik ez izatea. Administrazio Publikoak gara koordinatu behar garenak lana ahalik eta arreta eta zorroztasun handienarekin egin ahal izateko, baina herritarrek ez dute ezer nabarituko”, gaineratu du.