Lanbidek 30 milioi euroko diru laguntzak onartu ditu, lehentasunezko arretako kolektiboen eta sektore estrategikoen prestakuntzarako

Argitalpen-data: 

Lanbide.


  • Euskal enpresen giza kapitalean, teknologian eta ekipamenduan egindako inbertsioak ere garrantzia hartzen du hainbat dirulaguntzen deialdian
  • Gaur, lehendabiziko aldiz, Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak buru izan du Mikel Torres (Lehendakariorde gehi Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua)

Gaurko bileran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 30 milioi euroko diru laguntzak onartu ditu. Bertan, aparteko garrantzia  hartu du  lehentasunezko arretako kolektiboen eta talde zaurgarrien prestakuntzak. Gaurko Administrazio Kontseiluak, lehendabiziko aldiz, Mikel Torres izan du buru (Lehendakariorde gehi Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua). Gainera, hainbat deialdi onartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen giza kapitalean eta teknologian inbertitzen laguntzeko.

Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak.

Laguntzek xede dute banakako ibilbideak garatzea bai 45 urtetik gorako langabeentzat, bai eta  zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat ere. Proiektu horiek hainbat motatako ekintzak konbinatzen dituzte, hala nola lan-orientazioa, prestakuntza eta gaitasunak eskuratzea, laneratzea, eta lanpostuak sortzea; hori guztia, enplegua lortzean berdintasun eraginkorra eta diskriminaziorik eza bermatuta. Beraz, laguntzek helburu dute premia handiko  biztanleek  lan-eskarmentua eskuratzea; beraien laneratzea  egonkorragoa izan dadin (beti ere barne hartuta prestakuntza-jarduerak  eta banakako laguntza).

Deialdiak 11,5 milioi euroko zuzkidura du (2024  eta 2025). Eta Enpleguaren eta Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren legeek markatutako bideari erantzuten jarraitu nahi du. Ekimen arrakastatsu horri esker, 2023an, orotara, 44 proiektu jarri ziren abian (17 proiektu, 45 urtetik gorakoei zuzenduta; eta gainerako  27, zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan daudenei). Zehazki, 437 pertsona artatu zituzten (200 emakume eta 237 gizon).

Proiektu bereziak. Gizarteratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko

Horrez gain, Lanbidek onartu du 3,3 milioi eurotan handitzea gizarteratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko proiektu bereziak garatzeko laguntzak. Ondorioz, guztira, laguntzek  10,3 milioiko zuzkidura  izango dute. Eta xede dituzte enplegua lortzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten  landunak zein langabeak.

Proiektu bereziak erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatzen dituzte. Bertan,  hainbat arlotako esku-hartzeak koordinatzen dituzte (prestakuntza, orientazioa, enplegua eta besterik). Eta xede dute  parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal zein profesionalak bultzatzea edo indartzea. Diru-hornidura banatuko da talde zaurgarrientzako proiektuen eta berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien artean.

Berrikuntzan inbertitzea. Enplegurako lanbide-heziketako erakundeei zuzenduta

Deialdiak xede du enplegurako lanbide-heziketako erakundeei laguntzea azpiegitura berritzaileen inbertsioa finantzatzen (betiere EAEn kokatutako instalazioetan). Prestakuntza-ekintzak bermeekin eman daitezen bultzatu nahi da (kalitatearen, eguneratzearen eta eraginkortasunaren ikuspegitik), eta enpresen eta lan egiten duten ekoizpen-bitartekoen errealitate teknologikora egokituta egon daitezen. Horrela, Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea bultzatuta.

2024ko deialdian, Lanbidek 4 milioi euro bideratu ditu. Eta Eusko Jaurlaritzaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde pribatuek zein publikoek baliatu ahalko dituzte.  Egin beharreko jardueren artean badago, besteak beste, makineria edo ekipamendu aurreratuak erostea edo alokatzea (prestakuntza-espezialitatea eman ahal izateko).

Prestakuntza-ekintza estrategikoak

Era berean, 2024. eta 2025. urteetan, kontseiluak onartu du 3,2 milioi euro erabiltzea EAEko enpresek programatutako prestakuntza-ekintza estrategikoak egiteko (beti ere, langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetze aldera). Prestakuntza-ekintzek premien diagnostikoa izan behar dute oinarri, eta  lotura zuzena  enpresaren proiektuarekin. Halaber, diagnostikoak argi zehatuko du ze ekintza aurkeztu diren, eta ze lehentasuna izango duten langile hartzaileek.

Aurreko urteetan, deialdi bakoitzean 1.400 prestakuntza-ekintza inguru egin ziren.  Eta 7.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten.

Prestakuntza. Langile kualifikatuen eskari handiko sektoreetan

Deialdi honen bidez, prestakuntza-jardun berritzaileak garatu nahi dira, non eta profesional espezializatuen eskari handiko sektoreetan, adibidez:  logistika-  eta garraio-sektorean (nazioarteko garraioaren adarrean, eta trantsizio- eta aduana-enpresetan); programazio eta garapen informatikoaren eremuan (Boot Camps metodologia onarri hartuta); sorkuntza- eta musika-industria oso espezializatuak; jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak; eta, azkenik, arreta soziosanitarioa.

Prestakuntzek milioi bat euroko zuzkidura dute. Lehentasunez, langabeei zuzenduta daude. Eta egiaztatutako edo erregistratutako prestakuntza-erakunde pribatuek zein publikoek eskatu ahalko  dute aipatutako laguntza.