- Guztira, 19 proiektuk eta 250 lagun baino gehiagok baliatuko dute programa hau, pertsona horiek prestakuntzaren bidezko laguntza integrala jaso dezaten euren sustraitze-prozesuan
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 333.000 eurotan handitu du bideratutako baliabide ekonomikoak, Ibilbide integralen proiektuak finantzatzeko. Programa horiek helburu dute Euskadin erroldatuta dauden etorkinei egoitza- eta lan-baimenak lor ditzaten erraztea, prestakuntzaren eta laneratzearen bidez.
Hasiera batean, 3 milioi euroko zuzkidura onartu zen diru-laguntzen deialdian (2024. eta 2025. urteetarako), eta orain kreditu igoera hau gehitu behar zaio. Honi esker, beste 51 pertsonak izango dute laguntza integrala jasotzeko aukera prestakuntzaren bidezko euren errotze-prozesuan. Horrela, aurreikuspen berri hau aintzat hartuta, diru-laguntza programa honek, orotara, 19 proiektu eta 251 lagun izango ditu onuradun.
Bestalde, hainbat sustatzailek eska dezakete diru-laguntza Ibilbide integralen proiektuak finantzatzeko, besteak beste: laneratze-agentzia gisa sailkatutako erakundeek, baldin eta enplegurako orientazio profesionalaren arloan aurretiko esperientzia badute eta erakunde akreditatu edo erregistraturiko prestakuntza-erakundeak badira. Era berean, erakunde sektorialek edota irabazi asmorik gabeko erakundeek ere izango dute diru-laguntza lortzeko aukera.
4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren erreformak (Espainiako atzerritarren eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa) justifikatzen du Ibilbide Integralen proiektuen finantzaketa. Legedi hau bat dator Europako Batzordeak garatutako Gaitasunen aldeko Itunean jasotakoarekin. Itunak migrazio-politika erregularra bultzatzeko beharra azpimarratzen du, Europa mailan eta gaitasun jakin batzuen gabezia murriztera bideratua. Horretarako, beste neurri batzuen artean, egoitza-baimen berri bat sortzea proposatzen du: prestakuntzarako errotzea.
Aukera horrek egoitza-baimena lortzea errazten die Espainian egoera irregularrean dauden pertsonei, prestakuntzako benetako konpromisoa betez gero. Helburua da pertsona hauek lan-merkatuan txertatzea, eta, aldi berean, enpresek prestakuntza egokia duten langileak lortzea bete behar dituzten lanpostuetarako.