Mikel Torres Lehendakariordeak inauguratuko du Lanbideren Enplegu eta Prestakuntza Azokaren bosgarren edizioa, balioak eta etorkizuna dituzten enpleguaren eta enpresen aldeko apustua.
MerkaLan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak antolatutako Enplegu eta Prestakuntza Azoka, itzuliko da proposamen eta berrikuntza interesgarriekin. Aurten, bosgarren edizioa izango da eta formatu mistoa berreskuratuko du (aurrez aurrekoa eta online). Modalitate birtuala urriaren 1etik 3ra izango da, online plataformaren bidez, eta urriaren 2an aurrez aurreko jardunaldi bat ospatuko da Irungo FICOBA erakustazokan. Inaugurazio ekitaldian Mikel Torres (Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua) bertan izango da, beste agintari batzuekin batera. Beste behin ere, ekitaldi hori funtsezkoa izango da kalitatezko lan-aukerak eta prestakuntza espezializatua lortu nahi dutenentzat.
“Balioak eta etorkizuna dituzten enplegua eta enpresak” goiburupean, MerkaLan 2024k nabarmendu nahi du helburu bat duten enpresen eta gaitasunak dituzten pertsonen garrantzia, biak baitira funtsezko oinarriak arrakasta enpresariala zein profesionala lortzeko.
Enpresen eta enplegu-eskatzaileen arteko funtsezko topagunea
MerkaLanek bi helburu ditu: alde batetik, enpresei behar dituzten langileak hautatzeko prozesua erraztea, eta, bestetik, pertsonak orientatzea lana bilatzeko. Beraz, azoka hau topagune izango da enplegu-eskatzaileentzat eta sektore publiko zein pribatuko enpresa eta erakundeentzat. Azken hauek stand fisiko edota birtualak izango dituzte eta, bertan, harremanetan jarri eta haien lan-eskaintzeen berri eman ahal izango dute, enpresa eta lanbide garapenerako aukerak sortzeko. Gainera, prestakuntza-eskaintza ugari ere eskura izango dute partaideek, gaitasunak eta lan-espektatibak, hobetzeko diseinatutakoa.
Inaugurazio-ekitaldi instituzionala FICOBAn
Urriaren 2ko aurrez aurreko jardunaldia 09:45tan hasiko da FICOBAko auditorioan, non inaugurazio ekitaldia egingo duten. Eva Domaikak (Cadena SER Vitoriako erredakzio-burua) gidatuko du ekitaldia, eta honako agintari hauek hartuko dute parte: Mikel Torresek (bigarren Lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua), Cristina Labordak (Irungo alkatea), Irune Berasaluzek (Gobernantzako diputatua eta bozeramailea - Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Francisco Pedrazak (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia).
Ondoren, Javier Panzanok (Taktic Business & Technology-ko CEOa), eskainiko du "Belaunaldiak lotuz: belaunaldi anitzeko taldeen balioa" izeneko hitzaldi markoa; izan ere, lantaldeetako belaunaldien aniztasuna goraipatu nahi du, berrikuntza eta sendotasun iturri izan daitekeelako.
Jarduera eskaintza oparoa
MerkaLanek 09:45tan irekiko ditu ateak, herritarrei zein enpresei zuzendutako jardueren programazio oparoa eskaintzeko, hiru gune tematikotan edo "txokotan" banatuta. Proposamenen artean, hainbat hitzaldi izango dira: “Adimen artifizialaren erabilera enplegua aurkitzeko” (Pablo Peñalver adituaren eskutik) edo “Hitzik gabeko hizkuntzak duen eragina lan-elkarrizketan” (Esther Gómez), besteak beste. Ponentzia guzti horiek tresna baliotsuak eskainiko dituzte, zertarako eta enplegua bilatzeko prozesuan trebetasunak eta estrategiak hobetzeko.
Bestalde, escape-room dinamikak dira aurreikusitako beste jarduera bat. Hauetan, parte-hartzaileek beren lan-gaitasunak ezagutu ahal izango dituzte, lan-egoera ezberdinak islatzen dituzten erronkak gaindituta. Gainera, lan-orientatzaile profesionalek aholkularitza pertsonalizatua emango dute lan-elkarrizketak prestatzeko. Era berean, garrantzi handia izango dute enpresa, erakunde eta instituzioen erakustokiek; bertan, gerturatzen diren pertsonek beren CVa eman, lan-eskaintzak ezagutu eta giza baliabideetako langileengana zuzenean jo ahal izango dute, elkarrizketak hitzartzeko.
Enplegu-eskatzaileentzako proposamenez gain, enpresentzako berariazko egitaraua ere prestatu du MerkaLanek. Publiko horrentzako jarduera garrantzitsuenen artean, honako hitzaldi hauek ditugu: Gizarte Ekonomiako jardunbide egokiei buruzkoa (EGES), gazte-ekintzailetzako mugaz gaindiko programa (Konfekoop) eta berrikuntza-ekosistema eta bere aukerak (Mondragon Korporazioa). Era berean, Lanbidek bultzatutako bi ekimenek ere lekua izango dute: Lan Mentoring Programa (ETEen belaunaldi-erreleboa kudeatzera bideratutakoa), eta KonektaLan plataforma (Euskadin kalitatezko enplegua sustatzen duen komunitate digitala).
Eskaintza zabal honi esker, MerkaLanek berretsi egiten du urteko ekitaldi ezinbestekoa bihurtzeko konpromisoa duela, bai kalitatezko enplegua bilatzen dutenentzat, bai eta talentua erakarri eta lan-merkatuaren joera berriekin eguneratu nahi duten enpresentzat ere.
Informazio gehiagorako eta MerkaLanen plataforma birtualean sartzeko: merkalan.eus