2.489 kontratazio formalizatzea lortu dute Lanbideren toki-erakundeen enplegu-planek

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Mikel Torres Lehendakariordeak nabarmendu du programa horiei esker "etorkizuneko bizi-proiektua" lor daitekeela, bereziki, emakumeek, gazteek eta kolektibo ahulenetako pertsonek

Lanbide – Enplegu Zerbitzu Publikoak abian jarritako enplegu-planei esker, 2.489 kontratazio sinatu dira 2024an. Zehazki, 815 pertsonak kontratu mugagabeak sinatu dituzte tokiko enpresekin eta 1.674k, berriz, sei eta hamabi hilabete bitarteko iraupena duten kontratuak toki-erakundeekin. Proposatutako helburuak lortu dira: langabeen enplegagarritasuna hobetzea eta tokiko enpresa-sarean txertatzen laguntzea.

Horiek dira, besteak beste, Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Bilboko enplegu-planen aurkezpenean emandako datuetako batzuk. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin partekatutako ekitaldi horretan, Lanbide  Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan langabeei zuzenduta –bereziki, emakumeei, gazteei eta kolektibo ahulenei–, abian jarriko diren ekintzak zehaztu dira.

Torresek azaldu duenez, "sailaren lehentasuna enplegua sustatzeko politikak bultzatzen jarraitzea da, bai kantitatean, bai kalitatean, bai herritar guztientzat. Soldata justuekin eta lan-baldintza egokiekin, osasun- eta segurtasun-parametro egokien barruan. Enplegu duina eta txukuna, etorkizunerako bizi-proiektu bat izatea ahalbidetuko duena, eta talentu-ihesa saihestuko duena, lurraldeko enpresei fidelizatzeko".

Horretarako, urte honetan, Euskadiko toki-erakundeei zuzenduta, hiru programa finantzatu ditu Lanbidek enplegua sustatzeko. "Plan horietan ia 32.660.000 euroko inbertsioa egin da. Aurrekontu-partida honek ziurtatzen du tokiko enpresetan laneratzeko laguntza eta sistemak funtzionatzen duela", nabarmendu du Mikel Torresek.

Programa horien esparruan, Lanbidek 7,3 milioi euroko dirulaguntza emango dio Bilboko Udalari 520 tokiko kontratu finantzatu ahal izateko: 274 lagun zuzenean kontratatuko ditu Bilboko Udalak edo haren udal-erakundeek eta 246 tokiko enpresek kontratatuko dituzte. Lurraldeka, 16.342.894 euroko inbertsioa egin da Bizkaian, 10.490.252 eurokoa Gipuzkoan eta 5.561.563 eurokoa Araban.

Enpleguaren Euskal Estrategia berria

2025ean, Enpleguaren Euskal Estrategia berria eguneratu eta onartuko du Lanbidek. Estrategia horrek sei urterako ikuspegia izango du, eta Enpleguaren Euskal Sarean parte hartzen duten erakunde guztiek haren politikak eta programak lerrokatuko dituzte. Lanbideren estrategia berriari esker, udalek eta toki-erakundeek sustatutako tokiko enplegu-planek barne hartuko dituzten hiru urteko planak zehaztu ahal izango dira.

Foru aldundiek ere beren jarduerak ezarri ahal izango dituzte, Enpleguaren Euskal Estrategiaren arabera. Estrategia hau parte-hartzailea izango da, eta euskal enplegu-sistemako eragile guztiekin adostuko da.