Lanbidek DSBE jasotzen duten pertsonei erraztu egiten die BGDSren onuradun gisa ere onuraduna izatea

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Martxoaren lehenengo astean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak SMS pertsonalizatuak bidaliko dizkie Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (aurrerantzean DSBE) jasotzeko eskubidea aitortua duten herritarrei. Mezu horietan, Lanbidek herritarrei baimena eskatuko die datuak Gizarte Segurantzari helarazteko. Gizarte Segurantzak egiaztatuko du ea herritarrak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (aurrerantzean BGDS) jasotzeko baldintzak betetzen dituen ala ez; eta, betez gero, eskubidea aitortuko zaio. Horrela tramitea arinduko da, herritarrak ez duelako bulegora joan beharko.

Euskadin hainbat gai teknikok mugatu zuen BGDSren aitorpena. Horiek konpondu ostean, Lanbidek DSBE jasotzen duten herritarren baimena behar du, zertarako eta, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ofizioz egiazta dezan Espainiako Gobernuak gaitutako prestazio berrirako eskubidea duten ala ez.

Izapide hori errazteko eta Lanbideren bulegoetara alferrikako joan-etorriak saihesteko, datorren astean, Euskal Enplegu Zerbitzuak SMS pertsonalizatua bidaliko die BGDS jasotzeko eskubidea izan dezaketen 42.724 hartzaileei. Mezuan ez da inolako daturik eskatuko, eta zuzeneko sarbide baten bidez herritarrek baimena emango dute ala ez.

SMSak bidaltzeaz gain, Lanbidek kanpaina bat egingo du komunikabideetan, kanpainan herritarrei azalduko zaie nola bete behar duten urrats hau (alegia, dokumentazioa gehitu beharrik gabe eta bulegora joan beharrik gabe).

Behin herritarrak telefono mugikorretik urrats hori bete ondoren, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak egiaztatuko du BGDS jasotzeko baldintzak betetzen dituen; eta betez gero, eskubidea aitortuko dio herritarrari.