Donostiako Tranbia Konpainia, S.A.U.n honako lan poltsa sortzeko deialdia eta hautaketa prozesua: MEKANIKARI-ELEKTRIKARI BALIOANIZTUNA

Argitalpen-data: 

DEIALDIAREN XEDEA.

Deialdi honen xedea da lan poltsa bat sortzea Donostiako Tranbia Konpainia, SAUko (aurrerantzean DTK) mekanikari-elektrikari balioaniztuna lanposturako.

Hasiera batean, DTKren hitzarmen kolektiboaren 9,5 mailari dagokiona izango da ordainsaria. Lanaldia urtero ezarritakoa izango da, eta tailerren zerbitzurako (egunez edo gauez), eta, hala badagokio, guardietarako onartutako egutegiaren eta ordutegiaren arabera egingo da.

Osatutako lan poltsa langile behar ez iraunkorrak, premiazkoak eta geroraezinak betetzeko erabiliko da, baldin eta salbuespenezko kasuak badira, eta behin-behineko kontratuak eginda betiere. Hori guztia, plazaren izaeragatik, eta betiere horretarako lege estaldurarik baldin badago, izaera mugagabeko lanpostuak betetzeko izan daitekeenean salbu.

HAUTAGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

Deialdi honetan onartua izateko eta, hala badagokio, Hautaketa Prozesuan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautagaiek:

Baztertzaileak:

  • Europar Batasuneko kide den estaturen bateko edo Espainiako Estatuarekin lan hitzarmena sinatua duen herrialderen bateko hiritartasuna izatea edo horietan lan egiteko eta bizitzeko baimena izatea.
  • Postuari dagozkion lanak egiteko gaitasun funtzionala izatea.
  • Lanpostuari dagozkion eginkizunak behar bezala betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.
  • Zigor espediente bidez Herri Administrazioko Zerbitzutik baztertua ez egotea.
  • Lanbide Heziketako titulua eskatuko da, Teknikari Espezialista, Goi mailako titulua edo baliokidea, honako arlo hauetako batean: "Elektrizitatea eta elektronika", "Garraioa eta Ibilgailuen mantentzea", "Instalazioa eta mantentze lanak" edo "Fabrikazio mekanikoa".
  • Mekanikari-elektrikari gisa egiaztatutako esperientzia profesionala:
    • 3 urte ibilgailu industrialetan, autobusetan edo kamioetan, edo,
    • 5 urte turismoetan edo,
    • 10 urte beste garraiobide batzuetan, hala nola hegazkinetan, itsasontzietan, trenetan.
    Hautaketa Batzordeari dagokio gaitzen duen lanbide esperientzia baloratzea, haren nolakotasunaren eta lanposturako egokitasunaren arabera.

Ez baztertzaileak:

  • “D” motako gidabaimena izatea (baldintza hori laneratze datarako eskatuko da).
  • Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiria (GPZ) izatea (baldintza hori laneratze datarako eskatuko da).

Bestelako baldintzak:

  • Alderdi mekanikoari buruzko ezagutza sendoak (motorra, aldaketa automatikoak, multzoak, esekidura eta pneumatika) eta elektrizitateari-elektronikari buruzko ezagutza sendoak (eskema elektrikoak interpretatzea eta aplikatzea).
  • Taldean lan egiteko gaitasuna.

Deialdi honetako Hautaketa Prozesuan, honako alderdi hauek ere baloratuko dira:

  • Euskaraz jakitea.
  • Antzeko zereginetan esperientzia izatea.

ONARTUA IZATEKO ESKUBIDEAK ORDAINTZEA.

Deialdian onartua izateko eskubideengatik 20 euro ordainduko dira.

Eskubide horiek ordaintzeko, Donostiako Tranbia Konpainia SAUk KUTXABANKen duen kontuan ordainduko da zenbateko hori, honako zenbaki honetan:

ES81 2095 0611 0310 6329 4275

Eskubideen ordainketaren egiaztagirian hautagaiaren NANren zenbakia, izena eta deiturak agertu beharko dira.

Ordainketaren egiaztagirian datu horiek behar bezala agertzen ez badira, ordainketa egin gabe dagoela ulertuko da.

Ezin izango da onartzeko eskubideengatik ordaindutakoa itzultzeko eskatu Deialdiko Hautaketa Prozesuen fase bakar batean ere, eta gainera diru hori ez da inolaz ere itzuliko.

ONARTUAK IZATEKO ESKAERAK AURKEZTEA.

Hautagaiek Oteic Taldearen bulegoetan (Zuatzu Enpresa Parkea, Igeldo eraikina, 1. solairua - 20018 Donostia) aurkeztu beharko dute eskaera 9:00etatik 18:00etara, edo bestela, helbide horretara bidali. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte onartuak izateko:

  1. Onartuak izateko eskaera orria eta esperientzia baloratzeko orria behar bezala beteak (inprimaki horiek eskuragarri daude I. eranskin eta II. eranskin gisa Baldintza Orokor hauen amaieran, bai eta Oteic Taldearen eta DTKren bulegoetan eta
    www.dbus.eus helbidean ere).
  2. Deialdian onartua izateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria, behar bezala identifikatua, hirugarren oinarrian adierazten den bezala.
  3. Eskatutako prestakuntzaren titulu ofizialaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, fotokopia arrunta eta harekin batean jatorrizko dokumentua, erkatu ahal izateko.
  4. Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak (Lan Bizitza) eta/edo enpresa ziurtagiriak, bigarren oinarrian eskatutako esperientzia egiaztatzen dutenak.
  5. “D” motako gidabaimenaren fotokopia, edukiz gero.
  6. Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiriaren (GPA) kopia, edukiz gero.
  7. Halakorik izanez gero, egiaztatzen den Euskarako titulu ofizialaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, fotokopia arrunta eta harekin batean jatorrizko
    dokumentua, erkatu ahal izateko.

Eskatutako agiri horien bidez behar bezala egiaztatu ez diren hautagaitzak Deialditik kanpo utzi ahal izango dira Hautaketa Batzordeak hala erabakitzen badu, baldin eta, batzordearen iritziz, zuzendu ezin badira.

Eskaerak aurkezteko epea 19 egun naturalekoa izango da, Deialdiaren iragarkia prentsan argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera kontatuta, eta zehatz esateko, 2021eko irailaren 27tik urriaren 15 arte (biak barne).

Adierazitako epean eta moduan aurkeztutako hautagaitzak bakarrik onartuko dira, eta baztertu egingo dira baldintza horiek betetzen ez dituzten guztiak.

HAUTAGAIAK ONARTZEA.

Onartuak izateko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Hautaketa Prozesuan onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da www.dbus.eus web orrian eta Donostiako Tranbia Konpainiako bulegoetan, kanpoan gelditu direnak zergatik baztertu diren azalduta.

Baztertuta gelditu diren hautagaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak edo okerren zuzenketak egin ahal izango dituzte, eta horretarako 3 egun izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera kontatuta, egun hori barne. Erreklamazioak edo okerren zuzenketa zerrendan azaltzen den moduan egingo dira.

Hautaketa Batzordeak ebatziko ditu alegazioak, eta behin ebatzita, Hautaketa Prozesuan onartutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da www.dbus.eus web orrian eta Donostiako Tranbia Konpainiako bulegoetan.

Onartuak izan ez diren hautagaiek ez dute Deialdian eta dagokion Hautaketa Prozesuan jarraitzeko aukerarik izango.