Langabeziaren igoeraren erritmoa moteldu egin da, kontratazioa berreskuratzen ari da eta ABEEE-n dagoen pertsona-kopuruak behera egin du

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Prentsaurrekoa
  • Euskal Enplegu Zerbitzuak 2.733 langabe gehiago zenbatu ditu ekainean, pandemian izan den igoerarik txikiena
  • 500 pertsona irten dira ABEEEtik, % 60, baina sektore batzuetan leheneratzea % 90 artekoa ere bada, besteak beste automobilgintzan
  • Ekainean, maiatzean sinatutako kontratu-kopurua baino % 50 gehiago sinatu da, baina 2019ko ekainean baino % 45 gutxiago izaten jarraitzen dute

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak ekainaren amaieran 144.448 langabe izan ditu erregistratuta. Alegia, ekainean 2.733 langabe gehiago egon dira (+% 1,93). Horrek esan nahi du langabezia igotzeko erritmoa moteldu egin dela; izan ere, igoera martxoan (+10.974), apirilean (+10.430) eta maiatzean (+3.072) erregistratutakoa baino txikiagoa da.

“Esan dezakegu duela hilabete irudikatutako meseta egonkortzen ari dela", esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. Baina honako hau esan du: “ez dugu ahaztu behar arantzaz beteriko testuinguruan jarraitzen dugula”, mundu-, estatu- eta toki-mailan. “Munduan inpaktua duen krisi ekonomikoan gaude murgilduta”.

Zifra horri Euskadin jarduera ekonomikoa eta, beraz, lan-merkatua suspertzen ari dela pentsatzera garamatzaten bi faktore gehitu behar zaizkio: kontratazioa berreskuratzea eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan (ABEEE) zeuden pertsonen % 60 lanera itzuli dela.

Ekainean, 50.631 kontratu sinatu dira EAEn, maiatzean baino % 50 gehiago, baina jarraitzen du 2019ko ekainean sinatutakoak baino % 45,8 gutxiago izaten. “Gainera, kontratu berrietatik, % 9 ia mugagabeak izan dira", esan du Belandiak.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak direla eta, gaur egun, 72.000 pertsona inguru daude egoera horretan; beraz, azken asteotan uneren batean egoera horretan egon direnen % 60 dagoeneko lanean ari dira, 112.500, zehazki. Nahiz eta kontratazioen berreskuratzea orokortua den, Belandiak honako hau nabarmendu du: “sektore batzuetan, besteak beste automobilgintzakoan, kontratazioen % 90 inguru berreskuratu dira”.

Hori horrela, industria-sektoreak joera positiboa erakutsi du; izan ere, egoera horretan egon ziren langileen % 77 lanean ditu, 33.500 pertsona inguru, eta 9.700 daude ABEEEn. ABEEEra pertsona gehien bideratu dituen sektorea da, guztizkoaren % 30.

Lan-merkatuko datuak direla eta, nabarmentzekoa da ekaineko langabe berrien ia % 59k (1.597) aurretik ez zutela enplegurik. Gainera, langabezian geratu berri direnen % 87 (2.375) 25 urtetik beherakoak dira. “Bi faktore horiek eta urteko sasoi hau kontuan hartuta, ziurrenik prestakuntza amaitu duten pertsona asko Lanbideren bulegoetan inskribatu dira, lehen lan-aukera bilatzeko”, esan du Belandiak.

Ekainean, 1.721 emakume eta 1.012 langabe gehiago zenbatu dira. Haietatik, 1.351 Bizkaikoak dira, 821 Gipuzkoakoak eta 561 Arabakoak. 411k 24 eta 44 urte bitartean dituzte, eta, 45 urtetik gorakoen artean, langabeziak behera egin du, eta 53 pertsona gutxiago daude.