LANBIDEn hasierako inskripzioa eta DSBE eskaerak online izapidetzea

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Lanbideren logoa
  • Formulario elektronikoak garatu ditugu eskatzaile gisa hasierako inskripzioa egin ahal izateko (LANBIDEn izena emanda inoiz egon ez diren pertsonentzat) eta DSBEren dokumentazioa erregistratzeko (eskabide berriak, berritzeak eta komunikazioak), erabiltzaileei administrazio-izapideak errazteko helburuarekin.

Lehen LANBIDEn izena emanda egon diren pertsonek eskaeraren egoera alda dezakete, bajatik altara pasatuz, Nire Lanbideneten (leiho berri batean irekitzen da) bidez, baina inoiz izena emanda egon ez direnek bulego batera joan behar zuten lehenengo aldiz erregistratzera. Aurrez aurreko arreta uztearekin batera, Lanbidek posta elektronikoko helbide bat sortu zuen ekintza hori egiteko, eta, orain, haren exekuzioa hobetu du, honako esteka honetan eskuragarri dagoen formulario berri baten bidez:

Alta eskaeraren erregistroa (leiho berri batean irekitzen da)

Bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren izapidetzea bermatzeko, egiaztagiri elektronikoak dituzten pertsonek eskaera berri bat egiteko edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko dokumentazioa erregistratu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean (leiho berri batean irekitzen da). Egiaztagiri elektronikorik ez duten pertsonentzat, berriz, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaerak, berritzeak edo komunikazioak egiteko beharrezkoa den dokumentazioa erregistratzea ahalbidetzen duen atal bat gaitu da Lanbideren webgunean. Esteka honetan sar zaitezke:

DSBEren dokumentazioa erregistratzea (leiho berri batean irekitzen da)

Era berean, webgune honetan bertan, interesdunek beharrezkoak diren inprimaki eta eskaera guztiak (leiho berri batean irekitzen da) eta erregistratzeko erantsi beharreko dokumentazioari buruzko informazioa (leiho berri batean irekitzen da) aurkitu ahal izango dituzte.

Eskaria berritzea

Gainera, Lanbidek luzatu egin du enplegu-eskariak automatikoki berritzeko data. Hasiera batean, martxoaren 11tik 31ra bitarte (biak barne) berritu beharreko enplegu-eskari guztiak automatikoki eta ofizioz berritzea ezarri zen, eta orain, berriz, berritze automatiko hori 2020ko apirilaren 30era arte aurreikusitako eskari guztietara zabalduko da.

Azken asteetan, Lanbidek bere kanal telematiko guztiak indartu ditu, “bere zerbitzuak bermeekin ematen jarraitzeko”, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak azaldu duenez. Euskal Enplegu Zerbitzuak kanal ez-presentzialen bidez jarraitzen du euskal herritarrei arreta eskaintzen. Kanal horietan, informazioa bildu eta kontsultak eta hainbat izapide egin daitezke. Joan den astean, Osasun Publikoaren gomendioei jarraikiz, Lanbidek eten egin zuen bere 42 bulegoetako arreta presentziala.

Ildo horretan, Euskal Enplegu Zerbitzura jotzeko webgunea eta Nire Lanbidenet zerbitzua erabiltzea gomendatu du Belandiak, horiek baitira horretarako bide nagusiak. “Gure webgunea etengabe berritzeko lanean ari gara, ahalik eta eskuragarriena eta osatuena izan dadin”, azpimarratu du. Nolanahi ere, telefono bidezko arreta zerbitzua ere eskuragarri dago, informazio orokorra lortzeko:

  • Herritarrak: 945 160 600 / 630 305 452
  • Enpresak eta erakundeak: 945 160 601