Lanbidek baliabide telematikoak indartu ditu herritarrei zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Baliabide telematikoak indartzea
  • Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko hainbat bide ezarri dira (webgunea, posta elektronikoa, NireLanbidenet eta zenbat telefono).
  • Martxoaren 11tik 31ra bitarte berritu beharreko enplegu-eskari guztiak automatikoki eta ofizioz berrituko dira

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak indartu egin du bere arreta telematikoa. Osasun Publikoaren gomendioei jarraikiz, arreta presentziala bertan behera uztea erabaki du, baina, alternatiba gisa, harremanetan jartzeko beste bide batzuk eskainiko ditu, hala nola posta elektronikoa edo web-kanala (webgune pertsonalaren atala: NireLanbidenet).

Horretarako, Lanbidek hainbat arlo berrantolatu ditu, eta, horri esker, “bere zerbitzuak berme guztiekin ematen jarraitu” ahal izango du, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez.

Ezarri denez, martxoaren 11tik 31ra bitarte (biak barne) berritu beharreko enplegu-eskari guztiak automatikoki eta ofizioz berrituko dira.

Lanbidek kanal ez-presentzialen zerbitzua ematen jarraituko du. Bertan, informazioa eskuratu eta kontsultak eta zenbait izapide egin ahal izango dira:

  • Lanbideren webgunea (lanbide.euskadi.eus), informazio orokor eguneratuarekin. Eta NireLanbidenet zerbitzua; horren bidez, espedienteei eta eskaria berritu eta berrikusteko izapideei buruzko kontsultak egin, administrazio-egoera aldatu, lan-eskaintzetan eta/edo ikastaroetan izena eman, ziurtagiriak lortu eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren espedienteei buruzko datuak kontsultatu ahal izango dira.
  • Telefono bidezko arreta-zerbitzua, informazio orokorrerako:
    • Herritarrak: 945 160 600 / 630 305 452
    • Enpresak eta erakundeak: 945 160 601

Bestalde, Lanbiden lehen aldiz izena eman nahi duten pertsonek egin ahalko dute esteka honen bidez.

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskarien edo berrikuntzen kasuan, izapide horiek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren edota Zuzenean zerbitzuaren harremanetarako postontziaren bidez egin ahal izango dira. Horretarako, www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eskabidea erantsi beharko da. Halaber, nortasun-agiriaren kopia bat erantsi beharko da.

Koronabirusa iristean eta zabaltzean sortu den osasun-krisia dela eta, zenbait segurtasun-neurri hartu ziren Lanbideren 42 bulegoetan eta egoitza nagusian. Halaber, 15 egunetan (martxoaren 13tik, ostirala, hasita) prestakuntza-ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki zen.

Eskubideen bermatzaileak

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu duenez, “une honetan, inoiz baino ezinbestekoagoa da gure herritarren (eta, bereziki, kalteberatasun-egoera berezian daudenen eta krisi honetan arretarik gabe utzi ezin direnen) bermatzaile gisa betetzen dugun zeregina”.

Artolazabalek, halaber, Lanbideko ia mila langileek erakutsi duten “konpromisoaren” balioa azpimarratu nahi izan du, jendeari laguntzen jarraitu baitute isilean, komunikatzeko beste era ez-presentzial batzuk prestatzen zituzten bitartean. “Beren ahalegin eta inplikazio pertsonala eskaintzen ari dira zirkunstantzia gogor hauetan ere pertsonarik kalteberenei laguntzen jarraitzeko”.