Irailean 1.692 langabe gutxiago zenbatu dituzte Lanbiden

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Oraindik 144.758 pertsona daude langabezian, baina hilabete honetako langabeziaren bilakaera krisirik gabeko urteetako epe bereko bilakaeraren antzekoa da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 144.758 langabe erregistratu ditu irailean bere bulegoetan. Irailean 1.692 langabe gutxiago daude, hau da, % 1,16 gutxiago.

Hil honetan, 2020ko otsailean baino 29.211 langabe gehiago zenbatu dira, hau da, COVID19ren pandemia hasi zen unean. Egoera soziosanitarioaren etorkizuneko bilakaeraren zain, espero izatekoa da Euskadik udaberrian izan zuen lan-merkatuko inpaktua urteko azken zatian zuzentzea.

Hilabete honetako datua aldi berean Euskadiko ekonomiaren hazkunde-garaietan ematen ziren zifren antzekoa da, eta adierazten du portaera positiboa izan dela, eta inguruabar hori indartu egin dela konfinamenduaren hilabeteetan gertatu zen enplegu-suntsiketaren erritmo handiarekin alderatuta.

Sexuen arabera, 1.024 eskatzaile gutxiago dituzten emakumeen artean izan da beherakada handiena. Gizonezkoen artean 668 pertsona gutxiago izan dira. Pandemia hasi zenetik, 25 urtetik beherako langabeen kopuruak gora egin du beste hilabete batez, 1.203 langabe gehiago baitaude. 45 urtetik gorakoen (-601) eta 25 eta 44 urte bitartekoen (-2.294) adin-tarteek portaera hobea izan dute, eta langabeziak behera egin du. Irailean langabezia utzi duten pertsonen profil bereizgarriena unibertsitate-ikasketak dituen 35-44 urteko emakume batena da, Bizkaian bizi dena eta zerbitzuen sektoretik datorrena.

Sektoreak

Irailean, langabeziak behera egin du ekoizpen-sektore guztietan. Ehunekotan, lehen sektorea da jaitsiera handiena izan duena, -% 8,16 eta 235 langabe gutxiagorekin. Industrian 160 langabe gutxiago daude, eta Eraikuntzan eta Zerbitzuetan -576 eta -1.572 gutxiago, hurrenez hurren.

Langabeziaren beherakada honako azpisektore hauetan kontzentratu zen: Hezkuntza (-1.137), enpleguarekin lotutako jarduerak (-318), nekazaritza eta abeltzaintza (-227) eta produktu metalikoen fabrikazioa (-126). Gorakada handienak egoitza-establezimenduetan (+177) eta txikizkako merkataritzan (+140) gertatu dira.

Hilabete hauan, iraupen luzeko langabeziak 2.482 pertsona gehiago zituen (+% 3,54), eta iraupen laburrekoak, berriz, 4.174 gutxiago (-% 5,47). Gaur egun, 73.566 pertsona, % 50,13, iraupen luzeko langabeak dira.

Kontratuak

Irailean, 78.687 kontratazio egin dira EAEn, aurreko hilabetean baino % 71,9 gehiago. Kontratazio-bolumenaren errekuperazioak bere horretan jarraitzen du, baina oraindik iazko hilabete berekoak baino % 21,7 txikiagoak dira. Era berean, aurtengo kontratu guztien metatua 507.641 izan da, aurreko urteko hilabete berean kontabilizatu zena baino % 32,05 txikiagoa. Kontratu mugagabeen urteko metatua 44.507 da. Azken hilabetean 58.044 pertsona kontratatu dituzte, eta horietatik % 49,93 emakumeak izan dira. Kontratatutako pertsonen kopurua % 73,4 igo da 2020ko abuztuarekin alderatuta. Kontratazioaren urte arteko beherakada gero eta txikiagoa da lan-merkatuaren egoerak normalizaziorantz eboluzionatzeko zantzuak ematen dituen heinean.

 Lurraldeak

Hilabete honetan, Bizkaian izan da langabeziaren bilakaerarik onena: abuztuan baino 1.260 langabe gutxiago daude, 80.381 langabe (% 1,54 gutxiago). Gipuzkoan % 1,37 egin du behera, aurreko hilean baino 545 langabe gutxiago, eta 39.277 langabe daude. Arabak, berriz, % 0,45eko igoera izan du, abuztuan baino 113 langabe gehiago (25.100 pertsona).