Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako langabezia kopurua bigarren hilabetez jarraian jaitsi da eta 6.287 langabe gutxiago daude; irailean baino % 4,34 gutxiago.

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Urriaren amaieran 138.471 langabe daude erregistratuta Lanbideko bulegoetan. Urria 6.287 langabe gutxiagorekin amaitu da, eta, iraileko datuekin alderatuz, langabezia % 4,34 murriztu da.

Duela urtebete baino 23.130 langabe gehiago eta otsailean baino 22.924 gehiago dira. Otsaileko datuak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainian eta Europan ekonomiaren eta enpleguaren beherakada historiko handiena eragin duen pandemia moteltzeko neurri zorrotzak hartu aurreko azken aldia. Azken hilabeteetako datuek erakusten dute, pandemiaren bigarren bolada zabaltzen hasi aurretik, errekuperazioa handia izan zela.

Enpleguko sailburuorde Elena Pérez Barredoren iritziz, datu horiek erakusten dute egoerari aurre egiteko erabilitako tresnak baliagarriak izan direla. “Baina guztiok dakigu zein larria den egoera eta Jaurlaritzatik egiten dugun edozein analisitan zuhurtziaz jokatuko dugu”. Pandemiari aurre egiteko hartu diren neurri berriek lan-merkatuan izango duten eraginari buruz zalantzak dauden arren, sailburuordeak berriro adierazi du langileen prestaketa enpresen beharretara egokituko duten ekintzak sustatzeko duten konpromisoa.

Sexuen arabera, kopuru absolutuak hartu gero, beherakada handiena emakumeen artean eman da, 3.254 enplegu-eskatzaile gutxiago baitaude. Gizonen artean 3.033 enplegu-eskatzaile gutxiago daude. Adinak kontuan hartuz, azpimarragarria da 24 urtez beherako langabeen kopuruak behera egin duela —jokabide okerrena izan ohi duen adin tartea delako—. Tarte horretan eman da ehuneko beherapen handiena, % 10,83 jaitsiz, 1.586 langabe gutxiagorekin. Gainerako adin tarte guztiek langabeen kopuruan murrizketak izan dituzte; hortaz, antzeko jokabidea izan da segmentu guztietan.

Aurtengo urrian lana aurkitu duten pertsonen profil nagusia hau da: 25 eta 34 urte bitarteko gizonak, zerbitzuen sektoreetan dihardutenak, oinarrizko ikasketekin eta Bizkaian erregistratuak.

Sektoreak

Urrian langabezia produkzio-sektore guztietan jaitsi da, lehen sektorean izan ezik. Kasu horretan, langabezia % 12,59 hazi da, abeltzaintzaren azpisektorean 337 langabe gehiago erregistratuz. Horren arrazoia denboraldiko lanak amaitu egin direla da. Beherakada handiena industrian gertatu da, % 5,91. Eraikuntzan, berriz, % 3,56 jaitsi da, eta zerbitzuetan % 4,41. Hezkuntzan 1.017 langabe gutxiago daude; eta zerbitzuen sektoreko janarien eta edarien atalak (-521) izan du bilakaera onena.

Hilabete honetan, iraupen luzeko langabezia 718 lagunetan murriztu da (-% 0,99), eta iraupen laburrekoa 4.569 lagunetan (-% 7,71). Azken urtean, iraupen luzeko langabeen kopurua % 27 hazi da, iraupen laburreko langabeena % 13,37 hazi den bitartean. Euskal Autonomia Erkidegoko langabe guztietatik —71. 848— % 51,89 iraupen luzekoak dira.

Kontratuak

Urrian EAEn egindako kontratuen kopurua —73.810 kontratu— % 5,2 murriztu da aurreko hilabeteko datuekin alderatuta; eta kontratu horien % 7,95 (5.866) mugagabeak izan dira. Lanaldi partzialeko kontratuak % 40,58 izan dira. Aurten egindako kontratu guztien kopurua 581.451 da, aurreko urteko hilabete berberean zenbatu zena baino % 31,82 gutxiago; horrek jaitsietan modulazioa gertatu dela erakusten du.

Lurraldeak

Hilabete honetan, langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan, aurreko aldian gertatu ez zen bezala —Araban langabeziak gora egin zuen—. Euskal hiru hiriburuetan ere langabezia jaitsi egin da, baita beste hainbat eskualdetan ere, adibidez, Durangaldean, Ezkerraldean, Debagoienan edo Tolosaldean. Araban 991 langabe gutxiago daude; orain guztira, 24.109 langabe daude. Bizkaian 2.780 langabe gutxiago daude; orain, guztira, 77.601 langabe daude. Azkenik, Gipuzkoan, iraileko datuekin alderatuz, 2.516 langabe gutxiago daude; hortaz, lurralde honetan 36.761 langabe daude.

Horregatik, Pérez Barredo sailburuordeak honako hau adierazi du: “Eusko Jaurlaritzak enplegua sortzen lagunduko duten baldintzetan lan egiten du, eta Sail honi dagokio egiturazko gabezia horiek zuzentzeko neurriak hartzea. Soluzioak eragile guztiekin partekatzen ari gara 2030erako Enplegu Estrategia berria definitzeko. Estrategia hori herrialde-gida izango da, eta bertan erakunde eta eragile sozial eta ekonomiko guztiek hartuko dute parte kalitatezko enplegu-aukerak eskaintzeko".