"Merkalan" Enplegu eta Prestakuntza Azokako parte-hartzailek sektore guztietako 700 enplegu baino gehiago eskainiko dituzte

Argitalpen-data: 

Lanbide.

"Merkalan" Enplegu eta Prestakuntza Azokan, 70 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute, eta sektore guztietako 700 enplegu baino gehiago eskainiko dituzte, urriaren 21ean eta 22an, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Biltzar Jauregian, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren barruan. Trebakuntza-mota askotako 700 lanpostu aurkeztuko dizkiete Lanbidek antolatutako topaketara bertaratzen diren pertsonei.

Besteak beste, honako enpresa hauek egiaztatu dute parte hartuko dutela: Irizar, Mercadona, Eroski, Angulas Aginaga, Fagor Industrial S.Coop, CAF, Papresa edo Londres Hotela eta Inglaterrakoa. Bai eta honako kluster hauek ere: Euskadiko Mugikortasunarena eta Logistikarena, Paperarena, Ostalaritzako Enpresarien Elkartea eta zerbitzuetako zenbait erakunde. Horiek enplegu- eta prestakuntza-azokan izango direla baieztatu dute; azokaren lehen edizioa Donostia-San Sebastiángo Kursaal Jauregian izango da, urriaren 21ean eta 22an, Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresua denean.

"Azoka orotarikoa denez eta sektorializatua ez denez, Merkalanen lanbide-profil eta prestakuntza-maila oso zabaletako lanpostuak eskainiko dira, bai eta jarduera-sektore guztietakoak ere", esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak.

Merkalanen erakusketari gisa edo beren proiektuak aurkezteko parte hartzeko interesa duten enpresen eskari handia egon denez –110 enpresa inguru–, hasiera batean horretarako esleitutako espazioa handitu behar izan da.

Standik gabeko enpresek honela parte hartuko dute: 5 eta 10 minutu bitarteko aurkezpenak egingo dituzte; aurkezpen horietan, enpresa horietako bakoitzak, bere proiektua eta misioa aurkezteaz gainera, bere erakundeak gehien eskatzen dituen lanbide-profilak identifikatuko ditu, ahalik eta talentu handiena bereganatu ahal izateko. Aurkezpenak Merkalanen standa duten enpresek eta Azokara helburu horrekin berariaz bertaratzen diren enpresek egingo dituzte.

Azokan aurkeztuko diren lan-eskaintzetara bertaratzeko interesa duten pertsonek izena eman ahalko dute Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean, edo azokaren beraren webgunean. Aste honetan bertan, lehen eskaintzak argitaratzen hasiko dira bi webgune horietan.