''Empleo-info.eu'' mugaz gaindiko web atariak lan merkatu berriak aztertzeko aukera ematen digu Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Hiru hizkuntzako plataforma berriak informazio erabilgarria ematen digu gai hauen inguruan: zerga-sistemak, lan-eskubideak, tituluen baliozkotzea, izapide administratiboak, etab.
  • Plataforma horri esker, Euroeskualdeak aurrerapausoa eman du eskualdeen artean mugaz gaindiko benetako enplegu-arroa sortzeko.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak –Europako ENPLEGUA  proiektuaren barruan- hiru lurraldeetako langile (soldatapekoak edo autonomoak) eta langabeentzat informazio baliagarria partekatzeko web-atari berria jarri du martxan, aurrerapausoa emanez mugaz gaindiko benetako enplegu-arroa sortzeko nahian.

Hiru hizkuntzako www.empleo-info.eu atariak informazio ugaria ematen digu gai ezberdinen inguruan: ostatua, bizitokirako baldintzak, kontrataziorako baldintzak, negozio-irekierak edo bankuko kontuak, garraioa, hizkuntzetan prestakuntza, bekak, mugikortasun-baliabideak ikasleentzat, unibertsitate-tituluen baliozkotzea, etab.

Informazioa HIRU ATALETAN banatzen da, erabiltzaile bakoitzaren ezaugarrien (enplegu-eskatzailea, mugaz gaindiko langilea edo norbere kontura lan egiten duen langilea) eta bakoitzari dagokion eskualdearen arabera:

  • Enplegu-eskatzailea: lurralde bakoitzeko enplegu-kualifikazioaren informazioa ematen digu, eta erabiltzaile bakoitzari dagokion eskualdeko enplegu-zerbitzu publikoetara bideratzen dio. Toki bakoitzeko entitate eta erakunde interesgarrietara loturak atxikitzen ditu.
  • Mugaz gaindiko langilea: lurralde bakoitzeko lan- eta gizarte-eskubideei eta zerga-betebeharrei buruz informazioa ematen du. Interesezko loturak ditu eta dokumentuak jaisteko aukera ematen du, kontratu-motei buruzko dokumentuak kasu
  • Norberaren konturako langileak: hiru eskualdeetako batean negozioa jartzeko baldintzei, langileen joan-etorriei eta kontratazioko eskakizunei buruz informazioa ematen du.

Gainera, atal espezifiko bat dauka: PRESTAKUNTZA.  Euroeskualdeko hiru hizkuntzetako bat ikasteko edo hobetzeko aukerak non dauden eta ikasleen mugikortasunari, bekei eta enpresetan praktikaldiak barne hartzen dituen lanbide-heziketari buruzko aspektu ezberdinak erakusten dizkigu, beste batzuen artean. Plataformak albisteak, harremanetarako atala eta ENPLEGUA proiektuari buruzko informazioa biltzen ditu, eta informazio-buletinera harpidetzeko aukera ematen du.

Enplegu agenteak

Weba, halaber, hiru lurraldeetako enplegu-aktoreen artean lotura garrantzitsua da. ENPLEGUA dinamikaren barruan, zerbitzu publikoetako hogeita hamar bat agente mugaz gaindiko enpleguari buruz biztanleei emandako informazioa hobetzen ari da. Webak Intranet modura funtziona dezake ere, agente interesatuek informazioa kontsultatzeko eta trukatzeko aukera izan dezaten.

Aukerak sortzeko espazioa

Gogoratu behar da 2017an egin zela mugaz gaindiko enpleguaren lehen azterketa. Azterketa horrek agerian utzi zuen Euroeskualdeak bazuela mugaz gaindiko enplegu-arroa sortzeko ahalmena, aintzat hartzen badugu Akitania Berria- Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean 3.900 pertsonek egunero igarotzen dute muga, lanera joateko.

Azterketak, halaber, agerian utzi zuen langileek hizkuntzaren, zergen eta garraioen aldetik milaka oztopo izaten dituztela, baina baita indarguneak eta osagarritasunak ere, adibidez, hiru eskualdeek datozen urteetan enplegua % 5 eta % 9 haziko dela aurreikusten dute eta eskualdeko berrikuntza-estrategia osagarriak dituzte.

Halaber, zenbait sektore eta jarduera-eremu baterako apustu eta aukerak sortzeko espazio bihur daitezke, esaterako: fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, osasuna, nekazaritzako elikagaien sektorea eta sormenezko industriak.

Proiektu europarra

 ENPLEGUA proiektua 2017ko martxoan abiatu zen, eta hainbat ekintza burutu ditu hiru eskualdeen arteko lan-harremanak errazte aldera. 2017ko abenduan lehenbiziko mugaz gaindiko enpleguaren azterketa-diagnostikoa argitaratu zen eta ekainean hiru eskualdeetako enpleguko agente publikoen lehenengo seminarioa egin da.

ENPLEGUA proiektuak 256.000 euroko aurrekontua du eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) batera finantzatu du % 65ko ekarpenarekin, Interreg V-A España, Francia Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren xedea Espainia-Frantzia -Andorra zona mugakidean integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.

Harremanak errazteko xede horren barruan, Euroeskualdeak martxan ditu Transfermuga, errepide bidezko komunikazioak eta garraioa hobetzeko proiektua, eta Eskola Futura, mugaz gaindiko  irakasleen prestakuntzarako proiektua.