Beatriz Artolazabal: "2018 urte ona izan da enplegurako eta abenduan 1.825 langabe gutxiago dago Euskal Autonomia Erkidegoan"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • 2018an % 9,5 egin du behera luzaroko langabeen kopuruak.
  • Azken hil honetan enplegu-aukerak sortu dira, batik bat gazteentzat eta emakumeentzat.
  • 2018 osoan, kontratu mugagabeen kopurua 2017koa baino % 20,86 handiagoa da.
  • “Garrantzi handikoa da etengabeko prestakuntza, betiere enpresek barnean hartzen dituzten aurrerapen teknologiko berriekin”.

Joan den abenduan, langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko hilean baino 1.825 langabe gutxiago dago, eta guztira 119.674 langabe dira. Termino erlatiboetan beherakada % 1,50ekoa izan da. Langabeziak abenduan izan duen beherakada azken bi urteetako abenduan izandakoa baino handiagoa izan da. Krisialdiaren aurretik, abenduan gora egin ohi zuen langabezia-tasak. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zehaztu duenez, “2018 urte ona izan da enplegurako; 2016ko azaroan, legegintzaldiaren hasieran, 137.700 langabe zegoen erregistratuta eta gaur egun 119.674 dira, hau da, 18.026 langabe gutxiago, bi urte baino gehixeagoan. Aurten ildo beretik jarraitu behar dugu”.

 “2018an, % 9,5 behera egin du luzaroko langabeen kopuruak; aukerak sortzen ari dira, batik bat 25 eta 44 urte artekoentzat. 2018 osoan, kontratu mugagabeen kopurua 2017koa baino % 20,86 handiagoa da” aditzera eman du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabalen iritziz, “abenduan langabeziak behera egitea albiste bikaina da, eta albiste horrek berresten ditu erakundeetan, enpresetan eta, oro har, gizartean egiten ari garen urratsak populazio guztiak enplegua izan dezan. 2018an jada lortu dugu langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea, eta, orain, emakume, gazte eta luzaroko langabe gehiago lan-munduratzen jarraitzea lortu behar dugu. Horretarako, garrantzi handikoa da etengabeko prestakuntza, betiere enpresek barnean hartzen dituzten aurrerapen teknologiko berriekin”. Urte arteko saldoan, 7.873 langabe gutxiago dago.

Emakumeak

Abenduko langabeziak behera egin du emakumeen artean (-% 3,35) eta, zertxobait gora egin du gizonen artean (% 0,92); alabaina, urteko erlazioan, gizonezkoen langabeziak % 6,55 egin du behera eta emakumezkoenak % 5,87. Gaur egun, langabeen % 55,7 emakumeak dira. Haatik, krisialdiaren hasieran, eta gizonezkoen langabeziak izan zuen portaera txarraren ondorioz, emakumezko eta gizonezko langabeen kopurua oso antzekoa izan zen. Krisialdiak eragin handiagoa izan zuen gizonengan, baina, era berean, lehengoratzeko ahalmen handiagoa erakusten ari da gizonengan. Abenduan, langabeziak behera egin du adin-tarte guztietan, nabarmentzen da 25-34 urte arteko gazteen artean hautemandako beherakada (-% 1,7)

Urte arteko saldoan, 25 urtetik beherakoen portaera kenduta —kolektibo horretan soilik egin du gora langabeziak—, ikus daiteke lotura estua dagoela langabeziaren beherakadaren eta enplegu-eskatzaile langabeen gaztetasunaren artean. Beherakadarik handienak 25 urtetik 44 urtera bitarteko tartean izan dira. Langabeen erdiek, % 50,5ek, 44 urtetik gora dute, langabeen % 24,2 ez dira 35 urtera iristen, eta 35 eta 44 urte artean daude langabeen % 25,3.

Lan-merkaturatzeko zailtasunak areagotu egiten dira langabeen adinak gora egin ahala. Krisialdiak langabezia estrukturaleko egoerak eragin ditu langabe helduenen artean, egungo hobekuntza ekonomikoko egoera alde batea utzita.

Abenduan, nabarmentzen da zerbitzu-sektoreko langabeziaren beherakada, 1.973 langabe gutxiagorekin (% 2,45eko beherakada), eta lehen sektoreko langabeziaren beherakada (% 3,92ko beherakada), 111 langabe gutxiagorekin. Eraikuntzaren sektorean langabeziak % 2,93 egin du gora (258 langabe gehiago) eta industria-sektorean % 4,38 egin du gora (633 langabe gehiago). Lan-esperientziarik ez dutenen artean, 632 langabe gutxiago dago. Kopuru erlatiboetan, eta joan den urteko egoerari dagokionez, nabarmentzen da asko jaitsi dela eraikuntzarekin lotzen den langabezia, % 13,7 jaitsi baita. Horrez gain, adierazgarria da langabeziak lehen sektorean izan duen jaitsiera (-% 8,9).

Desagregazio maila handiagoan, azken hilabete honetan, jarduera hauetan izan da langabeziaren beherakadarik handiena: handizkako merkataritzan (-660) eta janarien eta edarien zerbitzuetan (-335). Aitzitik, langabezia-igoera handia izan dute enpleguarekin (+590) eta metal-produktuen fabrikazioarekin (+162) lotzen diren jarduerek. 

Susperraldia

Abenduan 1.633 luzaroko langabe gutxiago dago, eta iraupen laburreko 192 langabe gutxiago. Urteko erreferentziari dagokionez, murrizketa handiagoa hauteman da luzaroko langabeen kasuan, % 9,5eko gutxitzearekin —iraupen laburrekoen kasuan % 2,5ekoa da—. “Luzaroko langabeziaren portaera on hori albiste bikaina da, adierazten baitu susperraldi ekonomikoak aukerak eskaintzen dizkiela langabe kronifikatuenei ere bai” aditzera eman du Beatriz Artolazabalek.

Langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan: Araban % 0,52,  Gipuzkoan % 1,12 eta Bizkaian % 1,96. Urteko saldoan, Gipuzkoari dagokio portaerarik onena % 6,75eko murrizketa erlatiboarekin; gero, Bizkaiari % 6,49ko murrizketa erlatiboarekin, eta, azkenik, Arabari % 4,10eko murrizketa erlatiboarekin. Hiru hiriburuen artean, Vitoria-Gasteizen 213 langabe gutxiago dago, Bilbon 843 langabe gutxiago eta Donostian 226 langabe gutxiago. Eskualdeen artean, hauek izan dute langabeziaren beherakadarik handiena: Ezkerraldeak (-528), Ibaizabalek (-135) eta Gobelak (-129).

Abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 73.869 kontratazio izan dira; horietatik 6.195, hau da, % 8,39, mugagabeak izan dira. 2018. urtean guztira 1.001.181 kontratu egin dira, joan den urteko hil berari dagokiona baino % 4,5 handiagoa, eta lehen aldiz gainditu da milioi bat kontratuen langa. Daturik positiboena kontratu mugagabeen kopurua izan da; 88.625 dira, joan den urtean baino % 20,86 gehiago.