Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako 2017ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planak 334 enplegu sortzeko aukera emango du

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Ekimenak 2.860.364 euroko aurrekontua du, eskualdeetako enplegu-planak egiten direnetik Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpen ekonomikorik handiena.
  • Lan-merkaturatzeko zailtasunik handiena duten kolektiboek dute kontratatzeko lehentasuna.
  • Gorka Urtaranek eta Beatriz Artolazabalek adierazi dutenez, Plan hau "funtsezkoa da Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak kalitateko enplegu egonkorra sortzearekin duten konpromisoan"

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteiz alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu dute 2017ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plana. Plan horren bitartez, 334 enplegu berri sortu ahal izango dira udalerrian, erakundeen eta enpresen baterako ahaleginari esker. Horretarako, plan horrek 2.860.364 euroko aurrekontua du. Arlo horretako eskualde-planak abian jarri zirenetik, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko Udalari enplegua sortzeko egin dion ekarpen ekonomikorik handiena da.

2017ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren helburu nagusia da kalitateko enplegu egonkorra sortzea eta, lehentasunez, lan-merkaturatzeko zailtasunik handiena duten kolektiboei arreta eskaintzea. Horrekin batera, baliagarria izango da enpresen tokiko ehunaren jarduera dinamizatzeko, eta iraunkortasunarekin eta berrikuntzarekin lotzen diren sektoreetan beste enplegu-hobi batzuen sorrera sustatzeko. Azkenik, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak uste dute plan hori balio handiko tresna dela laneko prestakuntzako eta kualifikazioko programak osatzeko.

"Vitoria-Gasteizko ehun ekonomikoa suspertzen ari da, eta horren lekuko argiena da azken bi urteotan 3.000 pertsona gutxiago dagoela lanik gabe. Emaitza on horretan, funtsezkoak izan dira enpresen inplikazioa eta enpleguaren sorrerarekin konpromisoa duten erakundeen baterako lana. Enplegu-plan hori da Udalak eta Eusko Jaurlaritzak kalitateko enplegu egonkorraren alde egiten duten apusturik onena", adierazi du Gorka Urtaran Euskadiko hiriburuko alkateak.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak aditzera eman duenez, "lan-merkaturatzeko zailtasunik handiena duten kolektiboei zuzentzen zaizkie Lanbideren bidez hiru lurraldeetan abian jarri ditugun tokiko enplegu-planak. Lan-kontratu bidezko lan-esperientzia horren ondoren, errazagoa da pertsona horiek behin betiko lan-merkaturatzea". Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, 22 milioi euro bideratu du aurten tokiko enplegu-planetarako, 2016an baino miloi bat euro gehiago.

Enplegu-planaren indarraldian guztira 334 lanpostu sortzea aurreikusi da; horietatik, 159 lanpostu Vitoria-Gasteizko Udalak egindako kontratazioen emaitza izango da, eta gainerako 175 lanpostuak tokiko enpresek egindako kontratuen emaitza izango dira. Tokiko Gobernu Batzarrak duela egun gutxi onartu zuen kontrataziorako diru-laguntza horiek arautzen dituen deialdia, 1.050.000 euroko zenbatekoarekin.

Lehentasuna

2017ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren ildo estrategikoetako bat da lan-merkaturatzeko zailtasunik handiena duten kolektiboekiko konpromisoa. Ildo horretan, lehentasuna izango dute kolektibo hauei egiten zaizkien kontratuak: emakumeei, 55 urtetik gorakoei, 45 eta 54 urte arteko pertsonei, lehen enplegua eskuratzen duten 35 urtetik beherako gazteei, denbora luzez langabezian daudenei, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei.

Era berean, eta enpleguaren iraunkortasuna eta kalitatea bermatzeko, enpresen kontrataziorako laguntzen ildo espezifikoari dagokionez, lanaldi partzialeko kontratuek baino lehentasun handiagoa izango dute lanaldi osoko kontratuek. Horrez gain, eta  laguntzak jasotzeko garaian, kontratu mugagabeek aldi baterako kontratuek baino balorazio handiagoa izango dute.

Enplegu-planean sartzea

2017ko Enplegu Planaren barruan kontratatuko diren pertsonak Vitoria-Gasteizko herritarrak izango dira; langabeak izan beharko dute eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zerrendetan lan-eskatzaile gisaagertu beharko dute. Hartara, aurreikusitako kontratuetako bat eskuratu ahal izateko ez da inolako eskaera formulatu beharrik izango, Lanbide arduratuko baita hautagaien lehen aukeraketa bat egiteaz, betiere eskaintzen diren enpleguak eta enpleguen profilera egokitzen diren pertsonak kontuan izanik.

2017ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren bidez sinatzen diren kontratu guztiek sei hilabeteko iraupena izango dute gutxienez. Vitoria-Gasteizko Udalak zuzenean sustatzen dituenak % 75eko lanaldikoak izango dira.

Sektore pribatuaren kontrataziorako laguntzei dagokienez, enpresa bakoitzak gehienez bi laguntza eskuratu ahal izango du (hiru laguntza gizarteratzearen arloko enpresa bat baldin bada). Lanaldi osoko eta gutxienez urte-erdiko iraupena izango duen kontratu bakoitzeko gehienez 6.000 euroko laguntza izango da, eta 9.000 euro izango dira kontratatutako pertsona lan-munduratzeko zailtasunik handiena duten  kolektibo batekoa bada.

Jarduera-sektoreak

Vitoria-Gasteizko Udalak Enplegu Planaren esparruan zuzenean sustatzen dituen 159 enpleguak dira ekimen hori abian jarri zenetik egin den mota horretako kontratuen kopururik handiena. Horien bidez, enpleguen berrikuntzarekin, iraunkortasunarekin eta beste enplegu-hobi batzuen bilaketarekin lotzen diren sektore estrategikoetan jardun nahi da:

  • Eraikinen birgaitze iraunkorra / energia-efizientzia: urrezko auzoetan energia-efizientziako irizpideen arabera egin beharreko birgaitzeen gisako proiektuak garatzeko funtsezko sektore batean, 44 lanpostu sortzea aurreikusi da. Beste 16 enplegu azterlanak eta azterketak egitearekin lotuko dira.
  • Egokitzapen paisajistikoa: 5 lanpostu sortuko dira berdeguneak hobetzeko, batez ere enplegagarritasun-premiarik handiena duten profilak kontuan izanik.
  • Ingurumenaren arloko tresnak garatzea eta ikertzea: lurzoruak zaharberritzeko teknika berrien bilaketa, Vitoria-Gasteizko biodibertsitatea kontserbatzeko estrategia edo tokiko nekazaritzako elikagaien estrategiaren ondoriozko ekintza-planak gisako proiektuak garatzeko21 enplegu aurreikusi da.
  • Gizarte-berrikuntzako proiektuak: gizarte-politiken udal-arloarekin lotzen diren 12 lanpostu, bakarrik bizi diren edo gizarte-bazterketako egoeran bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei arreta ematearekin lotzen diren ekimenak gauzatzeko.

Era berean, enpleguak sortuko dira euskararen erabileraren normalizazioarekin lotzen diren proiektuetan, baita hiriko nortasun digitala sendotzearekin, udalerriko landa-zonako Kontzejuei laguntzearekin, iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin, herritarren parte-hartzearekin edo berdintasun-politikekin lotzen diren proiektuetan ere.

2016ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Planaren bidez zuzenean egindako kontratazioaren barruan parte hartu zuten pertsonen gogobetetasun-maila handia nabarmendu zen, 10 puntutik 8,49 puntuko gogobetetasunarekin. Era berean, parte hartu zuten kualifikazio handiko pertsonen kopuru handia nabarmendu zen (guztien % 49,66), baita 35 urtetik beherako gazteen kolektiboaren nagusitasuna ere (% 60,40).