Lanbideko erabiltzaileek enplegu-zerbitzu publikoarekin duten gogobetetasun-maila areagotu egin da

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Azkartasuna arretan, zerbitzuen erabilera eta enplegu-eskaintzak:azken urtean gehien hobetu diren alderdiak
  • Galde-sorta erantzun dutenen herenak uste du Lanbide oso baliagarria dela enplegua lortzeko edo lan-merkatuan dituen aukerak hobetzeko
  • Lanbideko erabiltzaileen % 86 pozik dago jaso dituen zerbitzuekin

Lanbideko erabiltzaileek 10etik 6,9 puntu eman dituzte enplegu-zerbitzu publikoarekin duten gogobetetasun-maila balioestean, aurreko urtean baino bi hamarren gehiago. Erakunde publikoaren kabinete teknikoak prestatu duen azken "Eskariaren analisiari eta gogobetetasun-mailaren neurketari buruzko galde-sorta"ren arabera, guztira, 3.618 pertsonak (1.832 emakume eta 1.786 gizon) parte hartu zuten 2017ko apirilaren eta 2018ko urtarrilaren artean kontsulta honetan.

Parte-hartze maila bikoiztu egin da aurreko urtearen aldean. Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren iritziz, "galde-sorta horren balioa agerikoa da; izan ere, horren bidez, egon daitezkeen erroreak zuzendu eta erabiltzaileei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitatea hobetu daiteke".

Iaz Lanbideko bulegoetan zerbitzuren bat jaso zutenen gogobetetasun-maila aztertzeko, galde-sortak zazpi analisi-arlori buruzko 20 item jaso zituen: orokorra, zerbitzuak, kanalak, erkaketak, gomendioa, asmoak eta balorazioa.

Kasu guztietan, bitan izan ezik (DSBEa-EOPa tramitatzea eta diru-laguntzak), 2017an eskuratutako kalifikazioak 2016koak baino handiagoak izan dira, eta, zerbitzu publikoaren sarea eratzen duten 43 bulegoetatik, gainerakoen artean nabarmentzen dira adeitasunari (8,14 puntu) eta langileen gaitasunari buruzkoak.

Era berean, jasotako arretarekin kritiko izan diren pertsonen proportzioak bi puntu egin ditu behera azken urtean, eta % 8,7 izan beharrean orain % 8,6 da. "Erabiltzaileen iritziz, arretaren azkartasuna, enplegu-aukerak lortzeko edo hobetzeko jasotako zerbitzuen erabilgarritasuna eta enplegu-eskaintzen zerbitzua dira urte batetik bestera gehien hobetu diren alderdiak", esan du Belandiak. Azken atal horretan, % 6ko gorakada egon da.

Gogobetetasun-maila handiagoa

Lanbideko bulegoetara hurbildu zirenek hiru puntu gehiago eman diote gogobetetasunari, aurreko urtearen aldean. 2017an, Lanbideko erabiltzaileen % 86k adierazi du pozik dagoela jaso dituen zerbitzuekin, eta indize hori handiagoa da emakumeen artean.

Lanbideren galde-sortari erantzun dioten pertsonen iritziz, enplegu-zerbitzura jotzea baliagarria izan daiteke enplegua lortzeko edo lan-merkatuan dituen aukerak hobetzeko, eta heren baten iritziz "oso baliagarria" da. % 50,6k dio, zalantzarik gabe, beste pertsona batzuei gomendatuko liekeela.

"Logikoa den bezala, erabiltzaileen artean asegabetasunerako motibo nagusia enplegu batera ez jotzea da", esan du Lanbideko zuzendariak.

Emaitzen artean nabarmena da elkarrizketa bete duten pertsonen % 56,4ren iritziz Lanbidek emandako arreta beste administrazio publiko batzuek emandakoa baino hobea izan dela, % 31,4k antzekoa izan dela uste du eta % 12,2k baino ez du uste txarragoa izan dela.