Marcos Murok azpimarratu du ''gero eta zorrotzagoak, aldakorragoak eta espezializatuagoak diren enpleguaren merkatuetan gazteak sartzeko formakuntzak eta hezkuntzak duten garrantzi''

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok gogoratu du gaur —Nazio Batuek ospatzen duten Gazteriaren Nazioarteko Egunean—, “gero eta zorrotzagoak, aldakorragoak eta espezializatuagoak diren enpleguaren merkatuetan sartzeko formakuntzak eta hezkuntzak duten garrantzia”.

 

“Enpresek eta hezkuntza-sistemek partekatutako kalitatezko prestakuntza espezializatu baten bidez, mundu osoko gazteek norberaren bokazioa eta balioa asebeteko duen enplegu bat eskuratzeko aukera handiagoa izango dute, beti ere iraunkortasuna eta ingurunea errespetatuz, Garapen Iraunkorreko Helburuek aurreikusten duten moduan”, azpimarratu du Marcos Murok. Halaber adierazi du “arlo horretan Euskadik horretarako baliabide onak ematen dituela eta gure gazteek haiek aprobetxatzen jakin behar dutela”.

 

Nazio Batuen Erakundeak gogoratu du munduan 10 eta 24 urte bitarteko 1.800 milioi gazte daudela, baina 6 eta 14 urte bitarteko haurren eta nerabeen erdiak baino gehiagok ez dakiela irakurtzen edo ez duela matematikari buruzko oinarrizko ezagutzarik, horietako gehienak eskolara joaten diren arren. “Ikaskuntzaren arloko krisi global hori oztopo handia da Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko” gogoratu du Nazio Batuen Erakundeak.

 

1999an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak abuztuaren 12a Gazteriaren Nazioarteko Egun gisa finkatu zuen, aldaketa-prozesuetan funtsezko kide bezala gazteen papera sustatzeko eta hauek aurre egin behar dieten erronken eta arazoen gainean kontzientzia sortzeko espazio bat eratzeko.

 

Hezkuntza eraldatuz

Aurtengo gaiak gazte guztientzako hezkuntza inklusiboagoa eta eskuragarriagoa lortzeko nazioartean egiten diren ahaleginak eta, bereziki, gazteen eginahala nabarmentzen ditu. Aurten, Gazteriaren Nazioarteko Egunak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren 4. Helburua nabarmentzen du: “kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea, eta guztientzako bizitza osoan zehar prestakuntza jasotzeko aukerak sustatzea”.

 

Muroren ustez, “hezkuntza inklusiboa eta eskuragarria planeta osoan funtsezkoa da garapen iraunkorra lortzeko eta enplegu bat eskuratzeko. Gazteen garapenean kalitatezko hezkuntza jasotzeko beharra oso argia da, baita gazteek garapen integral bat edukitzea gizarte osoarentzako onuragarria dela ere. Euskadin hezkuntza-maila altu hori badugu eta, gainera, gure hezkuntza produkzio-modu berrien baldintzetara egokitzen ari da, aurrea hartuz eta kalitate-maila handia eskainiz”.