Lanbideren weba desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu publikoaren atari irisgarrienetako bat da

Argitalpen-data: 

Lanbide.

www.lanbide.euskadi.eus Lanbideren ataria desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun-maila altuena duten enplegu publikoaren weben artean dago, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Administrazio Publikoko Ministerioaren Irisgarritasun Behatokiaren arabera.

Zerbitzu hori Administrazio Digitalaren Idazkaritza Nagusiaren mende dago zuzenean, eta, oraintsu, pasa den azaroan autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoei eginiko irisgarritasunari buruzko testaren ondorioak argitaratu ditu. Analisi horretan Lanbidek, guztira, 9,26 puntu lortu ditu 10 punturen gainean, bere atariaren nabigazio-egituraren 32 orrialde aztertu ondoren.

Emaitza horrek erakusten du Euskal Enplegu Zerbitzuaren ataria Estatuko irisgarrienetako bat dela desgaitasuna duten pertsonentzat. Zehazki, Lanbideren weba enplegu-zerbitzu autonomikoetan laugarren postuan dago eta hamabosgarren, administrazio publikoen 152 web-orrialdetan (horietako 6 EAEkoak).

Irisgarritasun Behatokiaren helburua da administrazioaren (estatukoa eskualdekoa eta tokikoa) mailetako Interneteko atariek irisgarritasunaren arloan duten betetze-maila hobetzea eta bilakaera ezagutzea.

Irisgarritasun Behatokiak, bere lana egiteko, ebaluatzen den web-atari bakoitzaren irisgarritasunaren inguruko 20 egiaztapen egiaztatzen ditu, sakontasunaren (orrialdera iristeko behar den klik-kopurua) eta zabaltasunaren (sakontasun-maila bakoitzean aztertutako orrialde-kopurua) irizpideei jarraikiz.

Administrazio publiko guztiek bete behar dituzte desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearekin eta komunikabide sozialekin zerikusia duten teknologia, produktu eta zerbitzuetara jotzeko oinarrizko baldintzei buruzko araudian jaso diren irisgarritasun-eskakizunak.