Lanbideko hamar erabiltzailetik bederatzi pozik daude jasotzen dituzten zerbitzuekin

Argitalpen-data: 

Lanbide.

2018an Lanbideren tokiko bulegoetan arreta jaso zuten pertsonen % 88 pozik dago Euskal Enplegu Zerbitzuarekin izandako esperientziarekin, Eusko Jaurlaritzaren erakundeak prestatu duen azken "Eskariaren analisiari eta gogobetetasun-mailaren neurketari buruzko galde-sorta"ren arabera. Zundaketa horretan 4.042 pertsonak parte hartu dute, eta horren emaitzek adierazten dute Lanbideko bezeroen gogobetetasun-maila ehuneko bost puntu hazi dela, 2016an prestatzen hasi zenetik -orduan baremoa % 83koa izan zen.

Borja Belandia EEZko zuzendari nagusiaren iritziz: "2018an lortu den gogobetetasun-maila positiboak erakusten du Lanbidek gure erabiltzaileen artean duen irudia hobetu egin dela, eta, aldi berean, erronka berriak planteatzen dizkigu, epe laburrera eta ertainera. Eraginkortasuna eta arreta areagotzen eta hobetzen ari gara".

Hori horrela, Lanbidek % 10etik behera ezarriko du beren bulegoen kudeaketa gaitzesten duten pertsonen ehunekoa, datozen bi urteotan. "Logikoa den bezala, erabiltzaileen artean asegabetasunerako motibo nagusia enplegu batera ez jotzea da", esan du Belandiak.

Galde-sorta egin denetik lehen aldiz, parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok zortzi punturekin edo gehiagorekin balioetsi du Lanbideren sareko 42 bulegoetan jasotako arreta. 2018an, % 51k kalifikazio hori eman du, 2017an % 47k eta, 2016an, % 45ek.

2018an, Lanbidek 10etik 7,1 puntu lortu ditu gogobetetasun-maila neurtzeko galde-sorta osatzen duten itemen % 50etik gorakoan; horrela, urtearen hasieran ezarritako helburuetako bat betetzen da.

Profesionaltasuna eta adeitasuna

Hobekuntza orokortua bada ere, beste edizio batzuetan bezala, galde-sortak EEZren tokiko bulegoetan lan egiten duten langileen gaitasun profesionalen maila altua eta, batik bat, adeitasuna nabarmentzen ditu. "Adeitasunak 7,1 puntuko batez besteko helburua gainditzen du, 8,13 puntu lortu baititu", esan du Belandiak.

Langileen arretak eta webeko zerbitzuek ere batez bestekotik gorako notak izan dituzte, 7,7 eta 7,6, hurrenez hurren. "Erabiltzaileen iritziz, lan-eskaintzak, enplegu-aukerak lortzeko edo hobetzeko jasotako zerbitzuen erabilgarritasuna eta zerbitzuen pertsonalizazioa eta laguntzak dira urte batetik bestera gehien hobetu diren alderdiak", esan du Belandiak.

Lanbideren galde-sortari lau mila pertsonak baino gehiagok erantzun diote, eta horien % 75ek uste du enplegu-zerbitzura jotzea erabilgarria dela, enplegua lortzeko edo lan-merkatuan aukerak hobetzeko; % 53,6k besteren bati gomendatuko lioke, zalantzarik gabe. Emaitzen artean nabarmentzen da elkarrizketa egin duten pertsonen % 9,7k (2017an % 12,2) baino ez duela uste Lanbidek emandako arreta beste administrazio publiko batzuek ematen dutena baino baxuagoa dela.