Euskadik eta Flandriak okupazioko eta enplegurako prestakuntzako politiken inguruko eta automatizazioaren eta adimen artifizialaren egokitzapenari buruzko esperientziak trukatu dituzte

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Phillippe Muyters-ek eta Beatriz Artolazabalek 2015etik Lakuak eta Bruselak duten Adierazpenaren gehigarria sinatu dute
  • “2050 ikuspegia - Epe Luzerako Estrategia Flandriarentzat” esparruan, Flandriako Gobernuak lehentasuna ematen dio bere enplegu-politiketan lanbide-gaitasunen garapenari

Phillippe Muyters Flandriako Gobernuko Enplegu, Ekonomia, Berrikuntza eta Kiroleko ministroak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak 2015etik duten Asmoen Adierazpenaren gehigarria edo protokoloa sinatu dute, gaur arratsaldean, Bruselan. Bestalde, bertan jaso diren ekimenen garapena aztertu dute, besteak beste, okupazioko eta enplegurako prestakuntzako politiken inguruko eta enplegu-politikak automatizazioaren eta adimen artifizialaren garapenaren ondoriozko erronketara egokitzeari buruzko esperientziak trukatu dituzte.

Topaketan, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Borja Belandia (Lanbideko zuzendari nagusiak, eta Marta Marin Eusko Jaurlaritzak Europako erakundeen aurrean Bruselan duen ordezkariak parte hartu dute. Muyters-ek eta Artolazabalek lan-merkatuko eskariei aurrea hartzeko eta enplegu-politiken berrikuntza suspertzeko lankidetza eta okupazio-zerbitzu publikoetan gaitasunetan oinarritzen den ereduaren ezarpena aztertu dituzte.

“2050 ikuspegia - Epe Luzerako Estrategia Flandriarentzat” esparruan, Flandriako Gobernuak lehentasuna ematen dio bere enplegu-politiketan lanbide-gaitasunen garapenari; izan ere, beharrezkoak dira gizarte-, enpresa- eta teknologia-eremuetako eraldaketei erantzuteko. Philippe Muyters Finantza, Aurrekontu, Lurralde Plangintza eta Enplegu Politiketako ministroa eta VOKA - Flandriako enpresa-antolakunde nagusiko presidentea izan zen, bai eta SERVeko idazkari nagusia ere.

Flandriako Gizarte eta Ekonomia Kontseilua (SERV) Flandriako Gobernuko kontsulta-organo nagusia da gizarte- eta ekonomia-politiken eremuan; gaur ezagutu du Artolazabalek. SERVek Flandriako Gobernuari enpleguko, gizarte-inklusioko, aukera-berdintasuneko eta gizarte-ekonomiaren sustapeneko politiken diseinuari, betearazpenari eta ebaluazioari buruzko aholkularitza ematen dio. SERVen gobernu-organoa enpresa-erakundeetako 10 ordezkarik eta Flandriako sindikatuetako beste 10 ordezkarik eratzen dute.

Flandriako Gizarte Kontseilua

Caroline Copersek SERVen txandakako presidentetzan dihardu, eta euskal ordezkaritzari erakundearen funtzionamenduari buruzko xehetasunak eman dizkio, eta inklusio-politiken inguruko gizarte-adostasuna azaldu dio; bai eta automatizazioak eta robotizazioak enpleguan duten eragina, laneratzeko zailtasun gehien duten pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntza, desgaitasuna duten pertsonen aniztasuna eta lan-integrazioa sustatzeko enplegu-politikak eta etorkin eta errefuxiatuen gizarte- eta lan-integrazioa sustatzekoak ere.

VDAB lan-orientaziorako eta -bitartekaritzarako eta enplegurako prestakuntzarako Flandriako Gobernuaren agentzia publikoa da, eta Fons Leroy da zuzendari nagusia, 2005etik. Zuzendari nagusiak Beatriz Artolazabali honako gai hauek azaldu dizkio: enplegu-zerbitzu publikoetan gaitasunetan oinarritutako ereduaren ezarpena; enpleguaren joeren aurreikuspena eta lan-merkatuko beharrei aurrera hartzea; gazteak lan munduan txertatzeko programak; eta genero-arraila murrizteko eta emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko ekimenak.