Muro: " Gizarteratzeko Planaren bidez, zailtasun gehien dituztenen ezegonkortasuna prebenitu eta laneratzea sustatu nahi da, eta Euskal Enplegu Sistemaren hobekuntzan aurrera egin nahi da "

Argitalpen-data: 

Lanbide.

‘Ekintzailetza migratzailearen aldeko apustua, hazkunde ekonomikorako eta sozialerako aukera gisa’ jardunaldia

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak gaur goizean 2017-2021 Gizarteratzeko IV. Euskal Plana nabarmendu du; aste honetan onetsi du Gobernu Kontseiluak. ‘Ekintzailetza migratzailearen aldeko apustua, hazkunde ekonomikorako eta sozialerako aukera gisa’ jardunaldia Getxolanen antolatu dute Getxoko Udalak eta Garapen, Garapen Agentzien Euskal Erakundeak. Bertan, Murok esan du Plan honetan “laneratzea funtsezko gakoa dela”. Beraz, jarduketak jaso dira, “gazteen eta enplegagarritasun-zailtasun gehien dutenen enpleguko ezegonkortasun-prozesuak prebenitzeko eta horiei heltzeko eta Euskal Enplegu Sistemaren hobekuntzan aurrera egiteko”.

Sailburuaren hitzen arabera, Gizarteratzeko IV. Planak “sei jarduketa-printzipio ditu, Euskadi lurralde inklusibo gisa sustatzeko”: aktibazio inklusiboa; bizi-kalitatea, pertsonalizazioa eta autonomia; eskubideen ikuspegia; arreta komunitarioa; zerbitzuen eta prestazioen konbinazio egokia; eta herritarren, eraginpean dauden pertsonen eta hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzea.

MEGA proiektua (Migrant Entrepreneurship Growth Agenda)

Gaurko jardunaldiaren bidez, ezagutzera eman da MEGA proiektua, etorkinak ekintzailetzan sustatzeko proiektua. Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak horren harira esan du proiektuak aukera ematen duela “migratzaileen artean ere ekintzailetza-espirituari bide ematen dioten ereduei heltzeko”.

Muroren hitzen arabera, “gaur egun, aniztasuna abantailatzat hartzen da”, azken urteotan egon den paradigma-aldaketari esker. “Euskadira edo Europara heldu diren migratzaileak funtsezkoak dira gure errealitate sozialerako eta ekonomikorako. Aberastasuna dakarte, hitzaren zentzu zabalenean”, esan du.