Artolazabal: "merkataritza- eta industria-behar berriak izango dituzten aukerak aurkeztuko dira, eta, bertan, gazte-ekintzailetzak espazio handia du"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Gaztenpresa Fundazioaren balantzearen aurkezpen-ekitaldian parte hartu du
  • Gaztenpresa fundazioak 2017an 402 enpresaren sorreran lagundu du; 703 lanpostu berri sortu dira
  • Gaztenpresaren laguntza jasotzen duen pertsona ekintzailearen eredu-profila hauxe da: 38 urteko gizona edo emakumea, goi-mailako ikasketa gabea, zerbitzuen sektorean enpresa-proiektua sustatzen duena

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz "Euskadin gazteentzat egongo diren aukerak, asteon enpresa-erakundeek zehaztu bezala, asko izango dira. Eusko Jaurlaritzan baldintza horiek sortzen laguntzen dugu, eta, bereziki, gazteen enpleguaren aldeko apustu egiten dugu; horretarako, 20.000 gaztek enplegura jo ahal izateko edo beren enpresak sortzeko aukera ematen duten programak garatzen ditugu".

Gaztenpresaren ekintzailetzarako laguntzen sustapenaren balantzea aurkezteko ekitaldia Laboral Kutxak Bilbon duen egoitzan izan da, eta, bertan, Artolazabalek dei egin du "joera ekonomiko positiboa aprobetxatzeko; izan ere, euskal gazteriak proiektu berriei ekiteko aukera dugu aurrean. Gazteria da, hain zuzen, enpresa eta erakundeen lankidetza eta parte-hartze horren bidez merkataritza- eta industria-behar berriak zein diren antzeman behar duena. Hori dela eta, garrantzitsua da laguntzak eta tresnak sortzea, besteak beste, Gaztenpresa".

Artolazabalek esan du "16 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen langabezia-tasak % 15,1 egin duela behera 2017ko azken hiruhilekoan. Horrela, 2014an, gazteen langabezia-tasa % 29,5ekoa zen, 2015ean % 27,9koa, 2016an % 23,7koa eta 2017an, amaieran, % 15,1ekoa. Alegia, lau urtean, langabezia horrek 14,4 puntu egin du behera. Euskadiko gazteriak prestakuntza du, ekimena, eta gizartearekin konprometituta dago, eta, hori dela eta, ekintzailetza hura garatzeko bide bikaina da".

"Enpleguak eta lan-beharrak aldatzen ari dira, eta zehazki gazteek beteko dituzte beraiek sortzen edo diseinatzen dituzten espazio berriak eta postuak. Eusko Jaurlaritzan Ekintzailetzarako Erakunde arteko Plana garatzen dugu, foru-aldundi eta udalerriekin batera, 2020a izanik jomuga, eta, dagoeneko, lortu ditu datu positiboak", esan du sailburuak.

Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, "alta emandako enpresa- eta autonomo-kopuruak joera positiboa erakusten du azken urteotan, ekonomia suspertu ahala. Proiektu ekintzaile berriek sendotasuna eta biziraupeneko tasa altuak erakusten dituzte. Euskadik ekintzaileak ditu, ekiteko gai direnak: giza kapitalak nagusiki aukeragatik ekiten du eta porroterako beldurra murriztu egiten da".

"Bereziki emakumeak animatzen ditut ekintzailetzara; izan ere, ibilbide handia dago emakumeen ahalmen ekintzaile guztia aprobetxatzeko. Aukera da ekiteko motibo nagusiena: kasuen % 73,1 da (% 65,6 2014an). Euskadik krisia atzean uzten duen neurrian, beharrizanagatik ekiten duten pertsonen zifrak behera egiten du. Etapa ekonomiko berri honetan, aukera ugari sortuko dira eta gazteek horiek aprobetxatzen jakin behar dute", esan du Artolazabalek.

Enpresa berriak

Gaztenpresa LABORAL Kutxaren Autoenplegurako Fundazioa da. Bere misio nagusia ekintzaileek enplegua sor dezaten bide emateko ekimenak bultzatzea eta ekintzak garatzea da. 2017an, 402 enpresa sortu dira, Gaztenpresaren bitartez; alegia, 703 lanpostu berri sortu dira. 1994an hasi zenetik, Fundazioak 4.910 enpresa abian jartzen lagundu du, eta, horrela, 8.754 enplegu sortu dira.

2017. urteko jarduera-memoria aurkezteko ekitaldia Bilboko LABORAL Kutxaren lurralde-egoitzan izan da. Xabier Egibar Gaztenpresako presidentea pozik agertu da, enpresak eta lanpostuak sortzeko izan dituzten lorpenengatik, eta Gaztenpresaren alderdi bereizgarri batzuk aipatu ditu: "ikasketa-maila jakina duten pertsonetan zentratzen gara, enplegagarritasunerako zailtasun gehien dutenetan. Hori dela eta, laguntza integrala ematen dugu, ez bakarrik enpresa abian jartzeko, baita gero, etengabeko aholkularitzaren bidez, aldian behin tailerrak eginez eta neurrira eginiko mentoring programaren bidez".

Inmaculada Ramos Gaztenpresako zuzendariak 2017ko memoria aipatu du, eta enpresa-proiektu batek izan behar dituen etapak eta Fundazioak horietako bakoitzean ematen duen laguntza nabarmendu ditu. "Gure ereduak 360º-ko diagnostikoa eta pertsona ekintzailearentzako ibilbide-orri pertsonalizatua ematen du. Hori dela eta, sortzen diren proiektuen iraupen-tasa oso altua da; lau enpresa berri bakoitzetik hiruk aktibo jarraitzen dute hiru urteren ondoren", esan du Fundazioko zuzendariak.