Artolazabal: "langabeziak maiatzean behera egin du, eta 2.105 pertsona gutxiago daude langabezian"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Urte arteko saldoa: 435 langabe gutxiago daude (-% 8,52); langabeziak adin-talde guztietan egin du behera. 
  • Bilakaera onena duten langabeen profila "25 eta 44 urte bitarteko gizona da, zerbitzuen sektorekoa eta Bizkaiko bizilaguna"
  • "Nabaria da honako sektore hauetako kontratazioaren suspertzea: ostalaritza (+3.943) eta lehen mailako sektorea (+2.285); arteak eta aisialdia (+1.483); eta osasuna eta zerbitzuak (+1.297)".

2018ko maiatzean, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan erregistratutako langabe-kopuruak behera egin zuen, eta 2.105 pertsona gutxiago ziren (-% 1,69), guztira 122.801. Beraz, urte arteko saldoan 11.435 langabe gutxiago egon dira (-% 8,52). Horrela, "erregistratutako langabeziaren indizea % 11,5ekoa da", Beatriz Artolazabal  Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldutakoaren arabera.

Artolazabal sailburuak zera nabarmendu du: "enplegua oro har ematen ari den urrats onak, suspertze ekonomikoarekin bat", baina beharrezkoa iruditzen zaio "emakumezko gehiago sartzea lan-munduan; izan ere, gizonak dira proportzioan enplegu-eskaintzen onuradun nagusiak". Maiatzean bilakaera onena izan duten langabeen profila honako hau izan da: "25 eta 44 urte bitarteko gizonak, zerbitzuen sektorekoak eta Bizkaiko bizilagunak".

Langabeziaren beherakadak jarraitzen du eragin gehiago izaten gizonetan emakumeetan baino. Gizonen artean, % 2,31 egin du behera eta, emakumeetan, % 1,21. Urte arteko erreferentzian, aldeak handiagoak dira; gizonezkoen langabeziak % 11,33 egiten du behera, eta emakumeetan, % 6,27. Gaur egun, langabeen % 57 emakumea da; krisialdiaren hasieran, sexuaren araberako langabe-kopurua oso antzekoa izan zen.

Gazteenen artean izan ezik, langabeziak adin-talde guztietan egin du behera. Beherakada erlatibo handiena 25 eta 44 urte bitartean antzeman da. Gainera, maiatzean, langabeziak behera egin du jarduera-sektore guztietan; zerbitzuen sektorean 1.416 langabe gutxiago, eraikuntzan 304 gutxiago, industrian 238 eta lehen mailako sektorean 244 gutxiago.

Bestalde, iraupen luzeko langabeziak behera egin du, maiatzean, eta 402 gutxiago daude. Aurten, orain arte, beherakada % 7,84koa izan da.

Halaber, kontratazioaren gorakada sendoa izan da, pasa den hilabetearen aldean, eta esanguratsua, iazko hil beraren aldean. Artolazabalen hitzen arabera, "nabarmentzekoa da kontratazio mugagabeak duen goranzko joera; 2018ko lehen bost hilabete hauetan, kontratuen % 9,5 mugagabea izan da, eta 2017ko lehen lau hileetan, % 8,3, puntu bat eta pixka bat gutxiago".

Maiatzean, 91.463 kontratazio egon dira Euskadin eta, horietatik, 8.810 mugagabeak izan dira. Mugagabeen metatua urteko lehen bost hileetan 37.407koa izan da, 2017an izan genuena baino % 21,76 gehiago.

Lanbideren datuen arabera, "nabaria da honako sektore hauetako kontratazioaren suspertzea: ostalaritza (+3.943) eta lehen mailako sektorea (+2.285). Beste jarduera hauek ere hazkuntza esanguratsua izan dute: arteak eta aisialdia (+1.483); eta osasuna eta zerbitzuak (+1.297)".