Lanbidek zortzi milioi euro bideratu ditu gazte kualifikatuak eta egokitzeko gaitasuna duten gazteak kontratatzen dituzten enpresetara

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Talentu berriaren kontratazioa sustatzen duten lau laguntza-ildoren bidez: Lehen Aukera, Gazte Itzulera, Txanda-kontratua eta atzerrian zentroak dituzten euskal enpresen kontratazioa
  • 4.700 euskal enpresek laguntza-programen zuzeneko informazioa jasoko dute; informazio hori idaztean, Lanbidek enpresen egungo errekerimenduak izan ditu aintzat
  • Lanbideren web-orrialdeak lau laguntza-ildoen informazio guztia jaso du

Lanbidek 8,2 milioi euro bideratuko ditu euskal enpresetan talentu berria sartzeko sustatzera, gazte langabeak kontratatzea sustatzeko lau ildoren bidez. Lehen Aukera, Gazte Itzulera, Txanda-kontratua eta atzerrian zentroak dituzten euskal enpresen kontratazioa.

4.700 euskal enpresa inguruk –20 langile baino gehiagoko plantillak dituztenak–, datozen egunotan, triptiko bat jasoko dute; bertan, lau laguntza-programa horien ezaugarri nagusiak jasoko dira. Lanbidek ezaugarri horiek idaztean oso kontuan izan ditu enpresen egungo errekerimenduak.

Liburuxkari Borja Belandia Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko erakunde autonomoko zuzendari nagusiaren gutuna erantsi zaio eta, gutun horren bidez, euskal enpresaburuak Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak batera eskaintzen dituzten laguntza ekonomikoei heltzera animatzen ditu.

Lanbideren laguntzak aukera bat dira, gure enpresaburuak pertsona nahiko kualitikatuak eta digitalki eskudunak eta, kasu askotan, nazioarteko merkataritza ezagutzak dituztenak kontratatzera animatzeko”, dio Belandiak, bere idatzian.

Bi elementuak datozen egunotan komunikabide eta sare sozialetan eta Lanbideren beraren web-orrialdean (www.lanbide.euskadi.eus) “Zure enpresan talentu berria sartzeko unea da” lemapean presente egongo den zabalkunde-kanpainaren parte dira.

Laguntza-programak

Lehen Aukera programak 4 milioi euroko zuzkidura du, eta helburu du lehen lan-esperientzia ematea 30 urtetik beherako gazteei. “Lanbidek laguntzak eskaintzen dizkie enpresei enplegu-sorrera garbia dakarten kontratu mugagabeak sinatzeagatik, bai eta sei eta hamabi hilabete bitarteko praktika-kontratuak sinatzeagatik ere”, esan du Belandiak.

Lehenengoetarako, diru-laguntza 9.900 eurokoa izan daiteke, eta bigarren modalitaterako laguntza, 7.920 euro artekoa. Bestalde, urteko gutxieneko ordainsari gordina langilearentzat 11.200 eta 18.000 euro bitartekoa da, titulazioaren arabera.

Gazteen Itzulera programak kalitateko enplegua sustatzen du, izan ere, beste herrialde batean edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherakoak Euskadira itzultzeko aukera ematen du", dio Lanbideko zuzendari nagusiak.

Programa horren laguntza-ildoa bikoitza da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko (12.000 euro, kontratua mugagabea bada); bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko. Programaren aurrekontua, guztira, 1,77 milioi eurokoa da.

Lanbidek enplegua sustatzeko beste neurri bat iragarri du: txanda-kontratua Kontratu-modalitate horretarako milioi bat euroko laguntzak gaitu da; helburua da erretiro partziala hartzen duen langilea 30 urtetik beherako beste batek ordeztea, lanaldi osoan, hasieratik mugagabe edo txandakatutako pertsonak erretiroa hartzean mugagabe egiteko konpromisoarekin.

Modalitate horretarako laguntzak 6.000 eurokoak dira, kontratatutako pertsona bakoitzeko.

Azkenik, Lanbidek milioi bat eurorekin bultzatzen du atzerrian lan-zentroak dituzten euskal enpresek 35 urtetik beherako langabeak praktiketan kontratatzea. Praktiketako kontratua, gutxienez, 12 hilabetez egingo da; horietako 6, kanpoan, eta diru-laguntza 11.800 eta 13.000 euro bitartekoa izango da, kontratatutako pertsonen titulazioaren arabera.

Aurreko programaren aldagai batek 400.000 euroko zuzkidura du, eta atzerrian lan-zentroak dituzten euskal enpresek 35 urtetik gorakoak kontratatzea bultzatzen du. Kasu horretan, gutxienez 12 hilabeteko lan-esperientzia duten pertsonen kontratazioak dira, 12 hilabete horietako sei kanpoan ere.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da, adinaren arabera: 20.250 euro, kontratatuak 35 eta 49 urte bitartean baditu, eta 22.500 euro, 50 urte baino gehiago baditu.