Artolazabal: "Lanbidek, LHko zentroek eta unibertsitateek eta gure gazteriak teknologiarekin eta robotizazioarekin zerikusia duten eta euskal enpresek eskatzen dituzten profilak eskaintzen dituzte"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Workinn azoka inauguratu du BECen
  • Industria-enpresen, prestakuntza-zentroen, garapen-agentzien eta enplegu, ikasle eta langileen arteko topagunea
  • "Gure enpresak gure gazteriarentzako lanpostu erakargarriak lortzeko gai izatea lortu behar dugu"

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, "Lanbide, lanbide-heziketako zentroak eta unibertsitateak eta, batez ere, gure gazteria ematen ari diren urrats positiboen bidez, teknologiarekin eta robotizazioarekin zerikusia duten eta euskal enpresek behar dituzten  lanbide-profilak eskaintzea lortuko da".

Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, Workinnen, industria-enplegu eta -prestakuntzako foroaren, hirugarren edizioa inauguratu du, Barakaldoko BEC azoka-barrutian, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiarekin eta Amaia Arteaga Enpleguko eta Gizarteratzeko zuzendariarekin batera.

"Topaketa hau enpresentzako eta administrazioarentzako aukera bat da. Makina erremintaren sektorea nabarmena da, Euskadin duen trakzio-eginkizunagatik. 2017an, fabrikazio aurreratuko eta digitaleko klusterrak bazituen ordurako 480 enpresa, 2.500 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa eta 12.000 enplegu baino gehiago" esan du Artolazabalek.

Artolazabal sailburuak esan duenez, "kalitateko enplegua sortzea da ezarri dugun helburu nagusietako bat, eta kontziente gara nolako ahalegina egiten ari garen guztiok horretarako: erakundeak, gizartea, enplegua bilatzen ari diren pertsonak eta etengabe prestakuntza jasotzen ari direnak, gazteak, enpresak eta gizarte-eragileak".

Makina Erremintaren Biurtekoarekin batera, WORKINN azokaren hirugarren edizioa da; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatzen du eta zuzenean parte hartzen du Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak, "4.0 industriak planteatzen dituen langile-zuzkiduraren premia berriei erantzuteko".

"Enpresekiko harremana eta beren premiak ezagutzea funtsezkoa da, egoki erantzuteko industria honek dituen erronkei. Gaiari buruzko azterlanek adierazten dute enpresa batzuk egoera zailean daudela teknologiarekin eta robotizazioarekin zerikusia duten eta beraiek behar dituzten lanbide-profilak aurkitzeko. Topaketa hau enpresentzako eta administrazioarentzako aukera bat da".

Eskaintzak

Erakunde eta enpresa liderrek, besteak beste, Fagor Arrasate, Danobat Group, Fagor Ederlan, Matrici, Dema, SEA-Arabako Enpresariak, Fagor Automation, AIMHE eta UPV/EHUk Industria Enplegu eta Prestakuntzako Foroan parte hartzen dute. Horiek guztiak, beste erakunde batzuekin batera, kalitateko 200 enplegu-eskaintza aurkeztu dituzte, industria-eremuko langile eta ikasleen zenbait profiletarako, automobilgintzaren osagaien, makina erreminten, eskuzko erremintaren, finkapenen, trokelgintzaren, ingeniaritzako soluzioen, eraikuntzaren eta ekipo siderurgikoen sektoreetan, besteak beste.

Artolazabal sailburuak gazteriaren inguruan zera esan du: "krisiaren ondorioak zuzenean bizi izan dituen kolektiboetako bat da, bai lan-aukerei dagokienez, bai kalitateko lanari dagokionez, eta horrek gainditu egin du enplegu-eremua, eta eragina izan du, halaber, gizarte-integrazioan eta beren bizitzetako proiektuen garapenean. Orain hasi gara hori gainditzen".

Era berean, sailburuaren iritziz, talentua "gakoa da gure ekonomiaren lehiakortasunerako, eta historian izan dugun gazteria prestatuena dugu. Guztion artean, lanbide-heziketako eta euskal unibertsitateetako ikasgeletatik irten diren neska-mutilekin hasita, gure enpresak lanpostu erakargarriak sortzeko gai izatea lortu behar dugu, gure gazteak berton geratzeko, beren lurraldean, nahi duten proiektuari ekiteko eta herrialde hau jasangarritasunez hazteko, guztion ongizaterako".

Artolazabalek 4.0 industria aipatu du, "hedapen-une honetan; Gobernuak haren aldeko apustu irmoa egiten du. Hori dela eta, Euskadiko enpresa, gizarte-eragile eta egitura ekonomiko eta soziala animatzen ditut elkarrekin lan egitera, gazteek helduarora errazago igaro daitezen lor dezagun".

WORKinn BECeko pasillo nagusian dago, eta web-orrialdea du: http://workinn.bilbaoexhibitioncentre.com. Gaur goizean informazio-saioa egin da, enpresei zuzendua, enplegurako eta prestakuntzarako laguntza-ildoekin, eta, bertan, Borja Belandiak eta Marta Etxebarriak parte hartu dute eta Juan Ibarretxek prestakuntza-programak aipatu ditu. Eures sareko postuan, nazioarteko enplegu-eskaintzen gaineko informazioa eta eskaintza horiek aurkezten dituzten herrialdeetan indarrean dauden lan- eta bizitza-baldintzen gaineko informazioa emango da.

Urteekin, Workinn industria-enpresen, prestakuntza-zentroen, garapen-agentzien eta enplegu, ikasle eta langileen arteko topagune bilakatu da. Hamar enpresatatik zazpik zailtasunak dituzte beren premietara egokitutako lanbide-profilak aurkitzeko, eta, hori dela eta, Azoka hau aukera paregabea da bi aldeentzat.